Pintore, eskultore eta idazle frantziarra. Parisen jaio zen 1879ko urtarrilaren 23an eta Buenos Airesen zendu zen 1953ko azaroaren 24an.
Heziketa fina jaso zuen musikan, artean eta hizkuntzetan. Bordeleko Arte Ederren Udal Museoan egin zituen ikasketak. Bertan lehen sari guztiak eskuratu zituen 18 urte inguru zituela. Beka jaso zuen Pariseko Arte Ederren Eskola Nazionalean bere prestakuntzarekin jarraitzeko. Goi-ikasketetako eskola hartan sartu zen lehen emakumeetako bat izan zen. 1905ean Salón des Artistes Francais aretoan erakusketa paratu zuen, 1906an Amis de Beaux Arts aretoan eta 1933an Rellinger aretoan.
Urte haietan Espainiara joan eta hainbat hiri, museo eta arte-galeria bisitatu zituen, eta olio-pinturak eta eskulturak ipini zituen ikusgai horietan. Esate baterako, Arte Ederretako Zirkuluan, Madrilen (1908ko urtarrila); Donostiako Pueblo Vasco aretoan (1908ko abuztua); edota Bilboko Lux Aretoan (1908ko urria); Bermeoko Kasinoan (1933ko iraila). Euskadi guztian zehar ibili zen eta herrigunetatik aparte zeuden baserrietan bizi izan zen landa-eszenak, etxeak, elizak, eraikin zaharrak eta Kantauri itsasoa pintatuz, beste paisaia batzuen artean.
1908ko azaroan Buenos Airesera iritsi zen Argentinako Gobernuak mendeurrenaren omenezko Monumentua egiteko deitutako eskultoreen lehiaketan parte hartzeko asmoz. Epaimahaikidea aurkezteko zortzi hilabeteko itxaronaldiak amorratu egin zuen eta hartako kideek bisita egin bezperan maketa suntsitu zuen eta, ondorioz, lehiaketatik kanpo geratu zen. Buenos Airesen finkatu eta euskal kolektiboarekin loturak egin zituen La Baskonia aldizkariko sortzaile zen Jose Rufo de Uriarteri esker. Hari aurkezpen-gutun bat helarazi zion eta baita herrialdeko egunkari ezagunenetako (La Prensa eta La Nación) zuzendariei ere. Buenos Airesen pintura eta eskulturako lehen tailerra ireki zuen eta aitorpen handia jaso zuen garaiko arte-zirkuluen barnean, esate baterako, Witcomb Aretoarena, non erakusketak egin baitzituen 1908ko abenduan eta 1937an.
Herrialdera iritsi eta hurrengo urtean bere lehen liburua argitaratu zuen, Del Cantábrico al Plata (Impresiones de viaje) izenekoa, La Baskonia Tipografiak argitaratua (1909). Lan horretan Cadizetik Buenos Airesera egindako bidaia kontatu zuen eta lumaz egindako grabatuen irudiekin hornitu zuen, Euskadin eta Espainiako hirietan egindako egonaldietan erregistratuak. 1909an Uriarterekin kolaboratzen hasi zen. Hark aldizkarira aurkeztu zuen bere aurrekari profesionalak goraipatuz. Bi hamarkada baino gehiagoan Andrea Mochek (ordurako espainierazko izena erabiltzen baitzuen) erakusketei buruzko aipuak, liburu-iruzkinak edota euskal paisaiari buruzko ohar ugari idatzi eta argitaratu zituen aldizkari hartan, eta baita artearekin lotutako beste zenbait gai ere. Aldizkariak maiz argitaratu zituen bere olio-pinturak, akuarelak, pastelak, lumaz egindako marrazkiak, behe-erliebeak eta gobelinoak, Amerikako euskal arkitektura, euskal gaiekin lotutako irudi eta paisaiak, eta bere tailerrean egindako lanak edo Laurak Bat aretoan egindako erakusketak islatzen zituzten argazkiak.
La Baskonia aldizkariko orri komertzialetan Andrea Mochen Akademiako jardunak hedatzen ziren. Akademia hartan paisaia-pinturak eta erretratuak irakasten ziren. Dizipulu ugari izan zituen gizon nahiz emakumeentzako ikastaroetan.
Mendeurrenaren ospakizunen barnean kronikari modura nabarmendu zen ekitaldi hartara joateko herrialdea bisitatu zuen "Ignacio Zuloagaren erakusketan". Garai ezberdinetan Argentinara iritsitako beste artista batzuen kasuan (Arrue anaiak eta Zubiaurre, Dario Regoyos, Zamacois edo Kaperotxipi) aldizkarian argitaratutako kroniken bidez egin ziren ezagun. Hainbat urtez erretratuak eta paisaiak, Euskal Herrikoak zein Argentinakoak, izan ziren nagusi aldizkariko azalean. Arteari buruzko liburuen iruzkinak, nazioarteko erakusketei buruzko aipuak edo Europan ezagunak ziren musikarien ekitaldiei buruzko aipamenak frantsesetik itzuli eta argitaratzen zituen. Los Baskos en la Nación Argentina izeneko lanean (1919an Jose de Uriartek editatua) Andrea Mochek partaidetza aktiboa izan zuen eta bere lan ugari ezagutarazi ziren bertan, euskal paisaiak islatzen zituztenak.
Olio-pintura anitz pintatu zituen, besteak beste, Florencio de Basaldua, Fagoada tenoreak, Constantino edo Jesus Guridi konpositorearenak, eta Argentinan bizi ziren familia euskaldunenak ere bai. Buenos Aireseko probintziako etxe partikular nahiz establezimenduetara joan eta ikusten zituen paisaiak islatzen zituen. Pinturan eta eskulturan jardun bizia izan zuen eta prentsa bere alde izan zuen nabarmen. Buenos Aires, San Isidro, Rosario, Mar del Plata, Tandil eta Argentinako beste hiri batzuetako galerietan egin zituen erakusketak.
Bidaiatzea oso gogoko zuen. Hala, Tierra del Fuego, Txile, Uruguai, New York eta Washingtoneraino heldu zen eta leku horietako arte-galeria ezberdinetan egin zituen erakusketak. Montevideon Euskal-Herria Elkarteak antolatutako erakusketetan parte hartu zuen.
Pintura eta eskultura lantzeaz gain, idazle eta poeta modura ere izan zen ezaguna. Lehen liburua Parisen argitaratu zuen (1908), Exposition espagnola biennale des Beaux Arts izenekoa (ikerketa kritikoa). Buenos Airesen editatu ziren aurrez aipatutako Del Cantábrico al Plata, Espainiatik Amerikara egindako bidaia-kontakizuna; Bocetos de mi viaje a Norteamérica (1923) antzeko gaia landuz Estatu Batuak, Saint Thomas edota Rio de Janeirora egindako bidaien inguruan; Páginas Vividas (1925); Impresiones de Buenos Aires (1939), frantsesez eta espainieraz idatzitako poesiak; Andanzas de una artista (1939) - ia autobiografikoa- eta Soliloquios de vida y arte (1948), frantsesez eta espainieraz idatzitako poesiak. Liburu horiez gain, nahiko maiz egiten zituen arteari buruzko iruzkinak, izan ere, herrialdera iritsitako musikari eta pintoreak edo prestigio handiko beste pertsona batzuk ezagutu zituen. Urte haiek kultura-bizitza handikoak ziren. Hala, besteak beste, errezitaldi, kontzertu edo antzezlan askotan protagonista edo lekuko leiala izan zen.
Jarduera horiei buruzko oharrak bilduz-bilduz, urte batzuk beranduago, ia kronologikoki, Colon antzeztokian eta arteen aretoan beren ekitaldiak erakusten zituzten Errusia, Espainia eta beste herrialde batzuetako orkestra-zuzendariei buruzko aipuak jaso zituen. Musika eta artearen diziplinetan kultura handikoa emakumea izan zen eta ezagutza- eta interes-maila antzekoa zuten pertsonak izan zituen inguruan.
Bere jarduera profesionala alboratu gabe, ekintza altruistak ere egin zituen. Horrela, aldiro zaharren egoitzetara joaten zen, Mesedeetako Andre Mariaren Umezurtz-etxeko (garai haietan ospitale psikiatrikoa) gaixoak bisitatzen zituen eta hirian barna harat-honat ibiltzen ziren txiroen deskribapenak egiten zituen. Halaber, jatorriz Nequenekoak ziren aborigen maputxeen egoeraz arduratu zen, Buenos Airesera beren lurren jabetza aldarrikatzera iritsi zirenak. Andrea Mochek XX. mendeko lehen urteetan manifestaldi batera joandako gizon talde bat irudikatu zuen bere estudioan.
Idazleak oso prosa zaindua erabiltzen zuen eta lekukotza modura duen balioa, baliatzen zuen estilo arina, zehaztasuna eta elkarrizketen jariakortasuna ziren bere idazkeraren ezaugarriak, irakurketa arintzen zuten gogoeta pertsonalez gain. Bere liburuetan, ilustrazio gisa, lumaz, olio-pinturaz edo erretratu modura egindako pintura-irudiak agertzen ziren. Artista independentetzat zuen bere burua, moda eta gizarteko aurreiritziekiko loturarik gabea, "bere bihotz eta espirituak agindutakoa" egiteko "eskubide osoaren" jabe, eta "bere ekintzak inork ez zituen kontrolatu edo kritikatzen". Idatzizko bere lanetan kultura eta aitorpen handiko pertsona hautematen da, isilkorra eta hutsalkeriekiko lotura urrikoa.
Uriarte hil eta hurrengo urtean Europara itzuli zen, hogeita bost urtez kanpoan izan ostean. La Baskonia aldizkariaren sortzaileari omenaldia egiteko asmoa bete zuen. Hala, berak zizelkaturiko brontzezko plaka bat eraman zuen Bermeora, kazetariaren jaioterrira. Plaka horrek aldizkariaren eta liburuetan hark egindako lana islatzen du koadernatutako liburukitan. Plakan zera irakur daiteke "Obra Cultural Baska realizada en América durante cuarenta años José R. de Uriarte -Bermeo, 1867-Buenos Aires-1932". Herriko udaletxean entregatutako behe-erliebea omendutako kazetariaren izen bereko eskola eta kale baten aurrean kokatu zen. Gertakari horiek lekuko Artxibategian jasotzen dira.
Andrée Moch berriro hasi zen bidaiatzen, Euskadiko hainbat herri eta hiri ikusiz, paisaiak pintatu zituen eta Frantzia, Suitza eta Italian bizi ziren senitarteko eta lagunak bisitatu zituen. Sei hilabete geroago Buenos Airesera itzuli eta bertan geratu zen lanean. Euskal kultura hedatzen lan handia egin zuen 1953ko azaroaren 24an zendu zen arte.