Pintoreak

Milicua, Pablo

Diziplina anitzeko artista. 1960an jaio zen Bilbon.

Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta pintura espezialitatean lizentziatu zen 1984an. 1990ean Juan Muñozen eskultura-tailerrean parte hartu zuen Artelekun (Donostia).

Laurogeiko hamarkadaren amaieran Gasteizera joan zen eta eskultura jorratzen hasi zen, objektuen pilaketa eta mosaikoen langintzan nabarmenduz. 2003. urtean Bartzelonara joan zen. Han Fernando Latorre ezagutu zuen eta sarritan ipini zituen bere lanak ikusgai haren galerian. Zuri-beltzezko argazkietatik abiatuz osatutako formatu handiko collageak egiten hasi zen. Argazki gehienak 50eko eta 60ko hamarkadako aldizkari eta argitalpenetatik eskuratu zituen eta irudizko paisaiak irudikatzen dituzte.

1983. urtetik aurrera erakusketa kolektibo askotan parte hartu zuen. 1985ean bakarkako lehen erakusketa egin zuen Bilboko Windsor Kulturgintza Galerian. Bere azken erakusketen artean bakarkako hauek aurki daitezke: "Paisajes Imaginarios" Fernando Latorre Galerian (Madril, 2008) edo "Piranesi-Milicua" Bartzelonako Artur Ramon Anticuarios Galerian (2011). Gainera, erakusketa kolektibo hauek aipa daitezke: "Panorama del Porvenir, Cortar y Pegar", "El Artista en su Laberinto" eta "El Palacio Irreal" (2012), ArteSonado aretoan aurkeztuak (La Granja de San Ildefonso, Segovia).

Sari eta beka ezberdinak jaso ditu. Horien artean, Historia, Arkeologia eta Arte Ederren Akademiako Beka (Erroma) nabarmentzen da, arkeologia sinbolikoko lan bat egiteko (1994-1995).

Orobat, instalazioak (Koko Ricorekin Bilboko Rekalde Aretoan, "Paysage Caché" instalazioa Genevako Aphone Galerian, etab.) eta aire zabaleko muntaketak ere egin ditu Erroma, Manchester, Arija eta Brooklyneko eraikin abandonatuetan.

Arte-kritikari modura aritu da El Correo egunkarian eta erakusketa-katalogo ezberdinetan idatzi du. Halaber, Casa Ubu Kultur Elkarteko kide eta sortzaile izan zen Gasteizen, eta bertako erakusketa-aretoko zuzendari ere izan zen (1997-1999).


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 151 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.





  • "Pablo Milicua". Euskonews, 151 zenb., 2002. [Kontsulta data: 2016ko martxoak 13].
  • Pablo Milicua. Artistaren web gune pertsonala [Kontsulta data: 2016ko martxoak 13].