Arkitektoak

Martinez de Ubago Lizarraga, Manuel

Iruña, 1869; Zaragoza, 1928ko urtarrilaren 16a. Estilo eklektikoko arkitekto nafarra izan zen baina modernismoaren eragina ere jaso zuen. Bere ibilbide prefesionala hasiera batean Nafarroan bertan garatu zuen eta jarraian Aragoien.

Manuel Martinez de Ubago Lizarraga 1869an jaio zen Iruñan eta Madrilgo Arkitektura Goi Eskolan ikasi zuen 1892an titulua eskuratuz. Izan ere, hurrengo urtean, 1893an, bere ibilbide profesionalari arrakasta handiz ekin zion oso lan garrantzitsua burutuz, Foruen Monumenturako proiektua eskaini baitzioten. Lan horren bitartez Nafarroako Foru Aldundiak Foru Zaharretik gelditzen zitzaizkion eskubideak aldarrikatu eta defendatu nahi zituen. Berez, eskubide horiek zalantzan ipini ziren Gamazada izeneko erreboltan. Izen hori hartu zuen Antonio Gamazo Ogasun ministroaren omenez, Nafarroako probintziak kudeatzen zuen kupoa -bildutako zergen portzentaia- igotzen saiatu baitzen. Monumentua hamar urte beranduago gauzatu zen, 1903an, berau egiteko beharrezkoa zen diru guztia bildu ez zutenean alegia.

Monumentua estilo eklektikokoa da baina klasizismoaren eragina ere badauka. Oinarrian pentagono forma duen basamentua dauka. Pentagonoaren angeluak nabarmentzeko zutabe lodiak jarri zituten eta horien artean arku itsuak; euskarri horiekin bat eginik bost eskultura ezarri zituzten bost bertute irudikatuz -Justizia, Historia, Autonomia, Bakea eta Lana-; horien gainean, gorputz osoaren bigarren zatian alegia, egitura pentagonala mantentzen da baina sekzioa murritzagoarekin eta alboetan Nafarroako garaiko hiri nagusien armarriak daude, hots, Iruña, Tutera, Lizarra, Erribera eta Zangotza, eta Nafarroakoa bera; goialdean marmolezko zutabea ageri da eta berau euskarri lanak egiten ditu, gainean dagoen brontzezko eskultura eutsiz alegia. Modu klasikoan jantzitako emakume baten eskultura da, buruan koroa duelarik eta ezkerreko eskuan pergaminoa dauka altxatuta, irakurtzeko asmotan. Pergaminoak Nafarroako herriaren eskubideen irudia litzateke; jatorrian, eskultura honen ordez, arkitekto nafarrak agure zahar bat babesten zuen gerlari gaztea diseinatu zuen bertan jartzeko, garai berriak garai zaharrak babesten zituela irudikatu nahian.

1904an Nafarroako hiriburua behin betiko utzi zuen arte Zaragozan instalatzeko, Manuel Martínez de Ubago Lizarragak Iruñan hainbat etxebizitza erreformatu eta eraiki zituen, etxebizitza pribatuak bereziki. Lan erligioso bakarra egin zuen, Lizarrako San Miguel elizako zaharberritzea alegia. Bere obra zibilari dagokionez, zera azpimarra daiteke, zenbait lanetan modernismoa sartu eta erabili zuen lehen arkitektoa izan zela. Kataluniako modernismoaren eragina iznik, lore apaindura eta arabesko izeneko xehetasun dekoratiboak erabili zituen, baina etxaurretan bakarrik. Izan ere, bere ibilbide arkitektonikoko lehen urrats horietan bi proiektu interesgarrienak estilo honetan burutu zituen hiriaren lehen zabalgunean. Lehenengoa Jose Alonso kaleko 4. zenbakian eraiki zuen. Familia bakarreko etxebizitza eta bertan dekorazio modernista erabili zuen, bereziki sarrerako atarian, landare antzeko motiboak txertatuz. Eraiki zuen bigarren proiektu garrantzitsua Chinchilla Generala kaleko 6. zenbakian dagoen etxebizitza multzoa izan zen, gero Ogasun Ordezkaritza bihurtu zena alegia; eraikin horretan kanpoaldea nabarmentzekoa da. Trataera berezia jasotzen du jatorri eklektikoko hainbat paramentu eta osagai konstruktiboen bitartez, baina izaera klasizista mantentzen du eta dekorazioak Kataluniako modernismoaren eragina dauka. Bukatzeko, estilo modernistari helduz burutu zituen zenbait denden erreforma ere aipatzekoak dira, besteak beste, Blasco Botika edo Idoate Zilartegia.

1904an Zaragozara joan zen. Hasiera batean hiriko elizbarrutiko arkitekto nagusia izendatu zuten eta ondoren Zaragozako Arkitektoen Elkargoko Presidentea. Izan ere, dakigunez Aragoiko lurraldean burutu zuen lehenengo lana Zuera herriko parrokia elizaren zeharberritzea izan zen. Iruñan bezala, Manuel Martinez de Ubago Lizarragaren lana Zaragozan elementu konstruktibo eklektikoak eta elementu dekoratibo modernistak konbinatzeagatik nabarmendu zen. Aragoiko lurraldeetan estilo hori erabili zuen lehenengo arkitektoa izan zen edo lehenetakoa. Era berean, Aragoiko hiriburuko zabalgune berrian goi mailako etxebizitzak bakarrik eraikitzeagatik nabarmendu zen.

Hala ere, Zaragozan eraiki zuen bere lehen eraikin garrantzitsua oraingoan ere ez zen etxebizitza izan, musikarako kioskoa baizik. Jose Martinez de Ubago Lizarraga anaiarekin batera gauzatu zuen, berau ere arkitektoa baitzen. Berez, Independentzia Gerraren lehen mendeurrena gogora ekarri nahian burutu zen 1908ko Erakusketa Hispaniar-Frantsesa zela eta eraiki zuten kioskoa. Egun Primo de Rivera parkean kokatuta dago eta eraikin horretan Manuel Martinez de Ubago Lizarragak bere errepertorio modernista hoberena erabili zuen, aurretik Iruñan erabilitakoa alegia.

1913tik aurrera, bere hirugarren eta azken fasean, Manuel Martinez de Ubago Lizarragaren arkitekturan gero eta forma garbiagoak garatzen dira, piskanaka osagai dekoratibo modernistak baztertuz. Horrekin batera, medailoi, zinta eta girlandaz osatutako elementu dekoratiboak gehitzeari ekiten dio. Aragoiko hainbat historilarik protoarrazionalismoarekin lotu izan dute. Azken garai horretako lanik nabarmenena Miguel Angel Navarro Perez arkitekto aragoiarrarekin batera burutu zuen 1916an eta Misericordia izeneko zezen plazaren erreforma eta zabaltzea izan zen. Bestalde, hainbat etxebizitza ere diseinatu zituen -zoritxarrez egun gehienak desagertuta daude-, esaterako Zaragozako Ruiseñores pasealekuan eta San Jose kalean dauden etxebizitzak.

1920an lan egiteari utzi egin zion eta 1928an Manuel Martinez de Ubago Lizarraga Zaragozan hil zen.