Dramaturgoak

Goenaga Mendiola, Aizpea

Donostia, 1959.

Irakasle Eskolan, Antzertin eta New Yorken ikasketak egin ondoren, Aizpea Goenaga kultura arlo ezberdinetan aritu da; aktore, antzerki eta zinema zuzendari, idazle eta baita Ipurbeltz haur aldizkariaren zuzendari. Lan horiez guztiez gain 2010eko ekainetik euskal kultura zabaltzeko Etxepare institutuko zuzendaria ere bada.

Argitaratutako obrak haur nahiz helduentzat izan dira, eta gehienetan antzerki lanak, baina horiez gain ipuinak idatzi ditu haurrentzat (Ipurbeltz aldizkarian edo Lauterdi pirataren altxorra, Txalaparta 2002, eta Ramoni Ramoni, Erein 2010, ipuinak, adibidez).

Helduentzat argitaraturiko antzerki lanen artean honako hauek aipa daitezke: Zu(t)gabe, 1995 Donostia hiria Antzerki saria, Agur Betiko, 2003 Serantes Antzerki Saria, Santxa, 2005an Euskaltzaindia BBK-Toribo Altzaga saria eta Arrain Ontzia-La pecera, 2010 Max sarietan finalista, 2008an estreinatua (Centro de Lingüística Aplicada Atenea, 2009). Horiez gain Hau paraderoa! (Elena Iruretarekin batera idatzia) 2002an estreinatua, Pentagrama Enea / Casa Pentagrama, 2003an estreinatua; Ongi ibili!/¡Buen viaje! (2005ean estreinatua), Euskararen 7 bekatu nagusiak / Los 7 pecados capilates del euskara (2005ean estreinatua), Joetuta, 2004 Café Bilbao antzerki laburra saria; ¡Ama, Quiero ser lehendakari! (2007an estreinatua), Ezker eskubi (2008an estreinatua); Kaia, Nafarroako antzerki eskolaren Haurrentzako Antzerki Testu XVII Lehiaketako saria; eta, azkenik, Las mujeres invisibles (emakume ikusezinak), beste bost idazlerekin batera sortua eta 2010ean Max sarietan ikuskizun errebelazioan izendatuta.

Haurrentzat idatzitako antzerki lanen artean Handitan, haurrentzako antzerki lana (2007an estreinatua) dago, eta baita ere honako liburu hauek: Antzeketen... teketen ten! (1999, 2006), Ni ez naiz txotxolo (Erein, 2006) eta Esketxak (Erein, 2010).

Idazlan hauetan nabaria da egileak sorturiko lan hauek antzez daitezen eginiko apustua. Antzeketen... teketen ten! obran, esaterako, sarrerako kapitulu bat dugu, haurrek antzezpenak nola egin ditzaketen azaltzera emana: lanak irakurtzea eta pertsonaiak banatzea, pertsonaia bakoitza prestatzea, makilatzea eta dekoratuak prestatzea (honetarako bolumen desberdinetako kartoizko kutxak erabiltzea proposatzen du). Testuari dagokionez, ume txikiagoek antzeztu ahal izateko bertsio laburtua dagoela azaltzen da (letra gorritan bigarren edizioan) eta, kapitulu amaieran, antzerkia egiteko gonbidapen sutsua egiten da.

Idazlan horren inguruko kritika batean honako hau genion idazlan horri buruz:

"Aizpea Goenagak, beste liburu batzuetan egin izan duen bezala, errekurtso ezberdinak darabiltza lanak osatzerakoan. Kasu honetan, istorio herrikoien antzeko testuak eskaintzen dizkigu jatorri mitologikokoen alboan (honelako lanetan nahiko ohikoa dena), baina baita gaur egungo gertakari errealak edo fantastikoen ondoan. Alde horretatik tematika aberastasun nahiko handia dagoela esan dezakegu; hots, liburu bat izanik garai, estilo eta gai oso ezberdineko testuak aurkezten zaizkigula.

Gaiak umeen iruditeriatik hurbil daude, planteatzen diren gatazkak xaloak dira. Amaiera zoriontsua azaltzen zaigu kasu guztietan eta onaren eta gaiztoaren arteko gatazkan beti aterako da irabazle lehena herri tradizioan jazo ohi den bezala, nahiz eta oraingoan istorio modernoa izan.

Lanaren egitura aldetik nahiko obra sinpleak dira; elkarrizketak arinak eta gogoratzeko errazak, janzkera eta dekoratuen eskakizunak oso arrazoizkoak dira. Hori guzti horrengatik haurraren ulermen eta gaitasun mailaren arabera ederki egokituriko lanak direla esan dezakegu (nahiz eta edizio bien artean ezberdintasunak egon argitaletxearen aldetik paratestuetan nori zuzendua dagoen adierazteko orduan)"

Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia liburutik hartua.

Eta ideia horiek Goenagaren beste zenbait obratan ere errepikatzen direla esan dezakegu.

Gainera, Aizpea Goenagaren lanetan antzerkiaren mundura animazio eta hurbiltzeko proposamen horiekin batera nabariak dira umorea eta genero ikuspuntua, eta hauek nabarmenak izan dira bere lan guztian, ez bakarrik idazlanetan, bai eta zuzendari gisa aritu denean ere; horren adibide dugu 2011 urtean "Muestra de Cine realizado por Mujeres" delakoak eman zion Simone de Beauvoir saria.

Sorkuntza literarioaz gain itzulpenetan eta obren moldaketan ere aritu izan da, Ramon Barearen Pekata minuta edo Bixiniflat konpainiarentzat Los Nats-Natdarrak itzuli zituen, eta Javi Cilleroren Uztailaren 4a Renon lana egokitu, beste lan batzuen artean.

Hasieran aipatu bezala, Aizpea Goenaga telebistan eta zineman ere aritu da, Euskal Telebistako telesail ezagun askotan ibilia da (Hau da A.U.; Beni eta Marini; Bi eta bat; Jaun eta jabe; Martín; Goenkale;... ) bai eta erdarazko telebistetan: Al salir de clase, El comisario, Periodistas,... sailetan; dozena batetik gora pelikuletan parte hartu du, Ander eta Yul, Santa Cruz, el cura guerrillero; Pecata Minuta, Yoyes, Al otro lado de la noche..., Obaba, eta abar; eta beste hainbeste antzerki lanetan aktore moduan (Arlekino, bi nagusiren zerbitzaria; Sei pertsonaia egilearen bila; Herio dantza; Jo ezak berriro, Sam; Pekata minuta; Hau paraderoa; Metxa;...) euskal ikuslearentzat azken urteotako erreferente bilakatuz.

Horrez gain zuzendari gisa ere aritu da arestian aipaturiko telesail horietako batzuetan eta baita ere Sukalde kontuak (2009) pelikulan eta Zeru horiek / Esos cielos (2005) Tv-movilean. Lan horiez aparte, eta euskal literaturarekin loturik, Anjel Lertxundiren Zorion Perfectoa / Felicidad Perfecta eta Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi / Amor y guerra nobelen moldaketak egin ditu Tv-movilera eramanak izan daitezen.