Pintoreak

Agirre Sanchez, Lorenzo Victoriano

Margolari hau Iruñean jaio zen 1885eko azaroaren 14an, eta Madrilen hil zen 1942ko urriaren 6an.

Hamaika urte zituela pintura ikasketak hasi zituen Alacanten, eta orientazio ona jaso zuen Arcoy herrikoa zen Lorenzo Casanovas margolari famatuaren eskutik. Haren laguntza funtsezkoa izan zen margolari ona bilakatu zedin. Urte batzuk beranduago, 1899an, hain zuzen, Madrilera joan zen, bere ezagutzak zabaltzeko asmoz, eta Pintura, Eskultura eta Grabatu Goi Mailako Eskolan hasi zen.

1901ean, Frantziako hiriburura joan zen eta bere ezagutzak areagotu zituen, eszenografiari dagokionez, bereziki, Gran Operaren tailerretara bertaratzearen ondorioz. Pariseko egonaldi horretan, Bailly eta Gambon maisuen dizipulua izan zen.

Margolaria izateaz gain, Lorenzo Aguirre artista polifazetikoa ere bazen: eszenografoa, kartelgilea, idazlea, eta kazetaria, besteak beste.

LDM

1910ean, Mexikon antolatu zen erakusketa batean parte hartu zuen, bere independentziaren oroimenez, eta brontzezko domina irabazi zuen; bere lehenengo sari nagusia izan zen. Madrileko erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen, eta La esfera aldizkaria bere ilustrazioak argitaratzen hasi zen. Pixkanaka bere karikaturak hainbat komunikabideetan azaltzen hasi ziren. Paraleloki, pertsona garrantzitsuenetako bat bilakatu zen umoristen aretoetan eta antzokietako eszenografietan. Urte batzuk beranduago, 1919an, Madrilgo Ateneoan bakarkako lehenengo pintura erakusketa antolatu zuen.

1922an, Erakusketa Nazionalera bertaratu zen, Luz divina obrarekin, eta Hirugarren Mailako Domina irabazi zuen, beste nafar batek, Fructuoso Ordunak, alegia, lehenengo saria irabazi zuen urte berean. Sari horri esker, Nafarroako Erkidegoaren aintzatespena jaso zuen Madrilen. Udazkeneko aretoan parte hartu zuen 1923an eta 1925an, eta 1926an Crepúsculo de vidas obrarekin Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Bigarren Mailako Domina irabazi zuen. 30. hamarkadan, Arte eta Lanbide Eskolan Grabatu Artistikoa eta Argazkigintza Aplikatua eskoletan izena eman zuen, eta errepublikano konbentzitua zen aldetik, bere artista fazeta eta Partidu Komunistako kidetza uztartu zituen. Horrela, Espainiako Polizia Eskolaren buru egin zen.

AEC