Literatoak

Garay de Monglave, Françoise Eugene

Baionan 1796ko otsailaren 28an jaiotako idazlea. 1873ko apirilaren 21ean hil zen.

Pitollet-en arabera, bigarren abizena, Hiriart, eufonikoagoa zen Monglave edo Montglave abizenarekin ordezkatu zuen. Zuzenbidea ikasi zuen. Espainian Napoleonen banderaren mendean borrokatu ostean, Brasilera joan zen Don Pedroren ejertzitora. 1819an Portugalera joan zen eta han mugimendu konstituzionalarekin egin zuen bat. Frantziara itzuli eta 1823an sortutako tokiko egunkari txikian Diable boiteux argitaratu zuen. 1832 eta 1833 artean, bere artikuluei eta liburuari esker, berrezarkuntzaren aurkako borroka sutsua berpiztu zuen egunkarian. Ducere-k dioenez, behin baino gehiagotan ordaindu zuen aurkako jarrera kartzelaren eta isun gogorren bidez eta hainbat goitizenen azpian ezkutatu behar izan zuen; Eugene de Moncla izango zen horietako bat.

1835ean sortu zuen Journal de l'Institut historique egunkariko eta Dictionnaire de la conversation et de la lecture hiztegiko ohiko kolaboratzailea izan zen. 1834an, bi horietako lehenengoan, ondoren ospetsua izango zen Altabiçcaren cantua argitaratu zuen, Orreagako batailari egindako gesta-kanta garaikidea izango balitz bezala. Garay-ren arabera, Garat kondetik zetorren eta hari, aldi berean, Latour d'Auvergne-k eman zion. Horren elaborazioan Garayk, kantu frantsesaren egileak, hartu zuen parte eta Louis Duhalde d'Espelette-k, jatorrizkotzat jotzen zen bertso askeko euskarazko bertsioarekin. Komunikabide erudituetan izugarrizko zalaparta sortu zen eta polemikak 1883 arte iraun zuen, Wentworth Webster-ek poemaren faltsukeria argitu zuen arte. Bigarren lanean, Basques artikulua txertatu zuen 1833. urtean.

Badirudi gure baionarra magistraturan sartu zela II. Inperioan, lanbidea eta zaletasun historikoak tartekatuz. Produkzio anitzaren egilea da gainera: Siège de Cadix par l'Armée Française en 1810, 1811 et 1812, Paris, 1823, X + 70 or., 1 planoa; Histoire de l'Espagne, 1825, Raymond; República del Nuevo Mundo, 1826; Notice biographique sur M. Martínez de la Rosa, Paris, 1943, 111. or.; Le compte de Toreno, Paris, 1843, 200. or.; Chant Nationaux basques. Courrier de Bayonne, 1846ko azaroaren 1a; Fantasíe poétique sur I'Espagne, Bordele, 1853, 30. or.; Les légendes des Pyrènées, Paris, 1857, 275. or.; Antonio Gil y Zárate, poéte distingué, 1856, 11. or.. Garayren emaztea, Julie Octavie Delcasso, ere idazlea zen eta Pitollet-en arabera, euskal izaerako Maytena ou la petite basquaise delako lana idatzi zuen. Vapereau-ren Dictionnaire de Contemporains hiztegiak honela definitzen du: "expert en pamphlets et quelque peu filibustier".