Hizkuntzalaria eta idazlea. Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin sortu zen 1923ko maiatzaren 13an. Biarritzen hil zen 2013ko irailaren 1ean.
Ama maisua zen eta aita berriz Frantziako III. Errepublikako funtzionarioa. Lehendabiziko ikasketan jaioterrian bertan burutu zituen, bertako alkatea ere izan zelarik 1971tik 1980ra bitartean. Jarraian Dax, Baiona, Mont-de-Marsan eta Tolosan ikasi zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatu ostean, ikasten jarraitzen du Saint-Cloudeko Eskola Nagusian eta Pariseko La Sorbonne unibertsitatean. Bertan 1947an lizentziatura eskuratzen du Espainiera Sailean. Hainbat urteren buruan, 1969an, unibertsitate berean tesia aurkeztu zuen, Le poète souletin Pierre Topet-Etchahun (1786-1862). Contribution à l?étude de la poésie populaire basque du XIXe siècle (Société des Amis du Musée Basque, Baiona, 1969), hauxe izanik euskal literaturaren inguruko ikerlanen artean eredurik garrantzitsuenetakoa.
Ikasketak osatu nahian Madril eta Sevillara etorri zen 40ko hamarkadako urte zail haietan eta DES delakoa (Diplome d'Études Superieures) erdiesten du 1949an honako tesina honekin: Los hermanos Becker, Gustavo Adolfo y Valeriano, costumbristas.
1952an Agrégation titulua erdietsi ostean, Agen-eko Lizeoan irakasle postua eskuratu zuen bertan eskolak emanez 1952tik 1959ra bitartean. Jarraian, Bordeleko Unibertsitatean sartu zen lehenik eta behin Assistant bezala (1962) Noel Salomon irakaslearen eskutik, hispanisten maisua. Bertan Euskal Hizkuntza eta Literaturaren katedra hartuko du eta ikasle ospetsuak izango ditu: Jean-Baptiste Orpustan, Xabier Olarra (Itzulpengintzako Euskadi Saria), Patricio Urkizu (Saiakerako Unamuno Saria), Aurelia Arkotxa (Saiakerako UNED Saria), etab.
Langile aparta, irakasle lanetan aritzeaz gain, aldi berean Baionako Euskal Museoaren Zuzendari ere izan zen (1962-1986). 25 urte 1924an sortu zuten hain gune bereziaren buru izanik. Bertan Haritschelhar Bulletin du Musée Basque aldizkariaren zuzendaria ere izan zen.
Urte berean, hau da, 1962, uztailaren 27an alegia, Euskaltzaindiako euskaltzain osoa izendatu zuten. 1966tik 1988ra bitartean Presidenteordea izan zen. Urte baten buruan, Euskaltzaindiako Zuzendari nagusia bilakatu zen Luis Villasante ordezkatuz. Kargua bere eskuetan izan zuen 2005era arte. Haritschelharrek lan handia egin zuen Akademiaren kanpo irudia jorratzeko. Harremanak izan zituen Nafarroa eta Euskadiko Autonomia Erkideetako Lehendakariekin, baita Frantziako Gobernuarekin ere. Azpimarratzekoa da 1994an Zarzuela Jauregian Espainiako Errege-erreginen aurrean eman zuen hitzaldia. Horretan Euskararen garrantzia bereziki azpimarratzen du eta erakundeek berau sustatzeko beharra:
"Contra la desmemoria hay que decir que los más insignes investigadores del español o castellano, como Menéndez Pidal, Corominas, Tovar, etc. han sido destacados vascólogos. [...] De Don Ramón Menéndez Pidal son estas palabras: "Tenéis la fortuna de que nuestro pueblo sea depositario de la reliquia más venerable de la antigüedad hispana. [...]
Pensamos que la Corona, en su papel de símbolo de la unidad y de concordia entre los ciudadanos, puede mediar y contribuir decisivamente a relajar este ambiente enrarecido y favorecer así el trato equitativo entre los idiomas que configuran ese patrimonio histórico y cultural a que se refiere La Constitución Española en su artículo tercero".
Primeran bateratu ditu bere bi alderdi nagusiak, hau da, ikerlaria batetik, eta euskal kulturaren sustatzaile bestetik. Ugariak dira bere aparteko lanaren bitartez aurrera atera diren proiektuak. Euskal Herrirako funtsezkoak gertatu diren proiektuak izan dira, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa, Literatura terminoen Hiztegia (2008) eta Onomastika eta toponimoaren inguruko ikerlanak, Hizkuntzaren historia, Gramatika, etab. Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu daitezke. Gogoan izan behar dugu Euskera aldizkarian burutu zuen lana, Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala izanik.
Hain lan eskerga eta anitza izanik, zati bat behintzat, Euskaltzaindiak IKER 21 alean (Bilbo, 2008) eskaini zion Homenaje a Jean Haritschelhar idazlanean ageri den bibliografian ikus daiteke. Lan horretan, 2006ra arte bakarrik, laurehun eta bost idazlan biltzen dira. Baina bertan ez dira jaso, adibidez, Gehexan Pontto goitizenaz Baionako Herria astekarian idatzi zituen artikuluak (baliteke mila baino gehiago izatea).
Bere bizitzan zehar Jean Haritschelharrek jaso izan dituen omenaldiak eta esker onak ugariak eta sentituak izan dira.
1988an Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa Doktore izendatu zuen Euskararen eta Euskal Literaturaren alde eginiko lan apartagatik horiek ere Euskal Eskola publikoan eta Unibertsitatean sustatzeagatik. Urte berean, Bordeleko Unibertsitatean Honoris Causa Doktore izendatu zuten, egungo Université Michel de Montaigne Bordeaux III delakoan alegia.
1999an Lapurdum aldizkariak, Centre de recherches sur la langue et les textes basques delakoaren urtekaria, erakunde horretako sortzaileetako izan zelarik, omenaldi berezia eskaini zion urte horretako urrian kaleratu zen IV. alean alegia.
2004an Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zion, hau da, euskal kulturaren alde burututako lanagatik eredu izan diren pertsonak omentzeko saria.
Azkenik, 2010ean UNEDek (Urruneko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak) Honoris Causa Doktorea izendatu zuen.