Dantza

Kaskarot Martxa

Kaxkarot martxa Lapurdi eta Nafarroa Behereko oinarrizko dantza ibiltaria da. Kaxkaroten, hau da, ihauterietako eta tobera mustretako (kabalkadetako) dantzarien oinarrizko urratsa da. Kaxkarot martxaren bertsio eta izen anitz existitzen dira. Lapurdiko ihauterietan, etxez-etxe doazen kaxkaroten urratsari "maska dantza" deritzote Uztaritzen, "kaxkarot dantza" Hazparnen edo Itsasun. Garazin eta Baigorrin, kabalkadetako arribada dantza "bolant dantza" deitzen da. Luhusoko kabalkadetan, "kaxkarot martxa" esaten zioten urrats berari, jakinez bolantak eta kaxkarotak zirela tobera mustretako bi dantzari klase. Oraindik Pesta Berri beztituak ospatzen dituzten Nafarroa Beherea eta Lapurdiko dozena bat herritan, zapur, oilar eta beste zenbait beztituek kaxkarot martxaren bertsio berezia ematen dute eliza sartzean eta prozesioan. Lekornen eta Heletan, le pas du pélerin izeneko urrats idorra ematen dute eliza sartzean eta prozesioan. Gerezietan, Donoztirin, Donamartirin, Bidarrin, Iholdin eta beste zenbait tokitan aldiz beste bat.

Eliza sartzean eta prozesioan, kaxkarot martxaren pikoak jauzirik egin gabe ematen dira. Elizkizunak bukatu eta gero, kaxkarot martxa arinkiago ematen dute, plazari doakion bezala. Orain dela gutxi, Nafarroa Behereko herri aunitzetan kaxkarot martxa nornahik dantzatzen zuen herriko bestetan, plaza itzulitan. J. M. Guilcher-ek bildu ditu gaur egun desagertuak diren kaxkarot martxaren bertsio aberatsago batzuk Makean eta Irisarrin. Bi gerlen artean hasi ziren Nafarroa Behereko kabalkadetan bolant dantzaren ordezko "martxa" dantzatzen, itxura guzien arabera Faustin Bentaberry Izpurako soinulari eta dantza maisuaren eraginez. Martxan, dantzariak aldizka korrika eta dantzan doaz. Karrikan barne ibiltzeko bolant dantza baino arinago da martxa. Plaza sartzea ahatik, bolant dantza xaharra ematen da beti, eta ondotik "lauetan erdizka" entrexatak dantzatzen dira. Azkenik, kontsidera daiteke Zuberoako maskaradetako arribadako urratsak baduela kaxkarot martxaren nolabaiteko antza, baina zailtasun eta apaindura gehiagorekin. Maskaradaren arribada doinuak, gainera, Luzaiden XX. mende hastapenean erabiltzen ziren bolant dantza gisa (Sagaseta, 2011).

Aspaldiko dantza ibiltaria

Itxura guztien arabera, kaxkarot martxa Ipar Euskal Herriko dantza ibiltari zahar baten ondorengoa da. Baiona eta Donibane Lohitzuneko artxiboek erakusten dute Erdi Aro ondarretik XIX. mende erdiraino (Guilcher, 1984, p. 485-488), dantzariak ekarrarazten zirela pertsonai haundien pasaiaren karietarat. Orduan ematen zen dantza ibiltariak gaurko kaxkarot martxaren antza handia zuen: bi dantzari lerro, kuxkulak galtzetan, tamburina (xirula eta sokazko ttunttuna), arrabita eta atabalen soinuz zabiltzanak. Dantza horren aipamen zaharrenetako bat 1530ean aurkitzen dugu Baionan, Eleonore erregina, Frantzizko I.a Frantziako erregearen bigarren emaztea eta Karlos V.aren arreba hiri hartarik pasatu zelarik.

Baionako hogeitahamar bat dantzari atera ziren erreginaren ohoretan:

"Pendant que trente enfans de la ville, vêtus uniformément de pourpoints de satin rouge et vert écartelés, qui étaient les couleurs de Bayonne, coiffés de bonnets rouges surmontés de plumes blanches et accompagnées de tambourin et autres instruments, entouraient la litière de la reine (...) devant le cortège faisant "sautsbresaultx et autres honnestetez et tours de souplesse (...) et le soir les enfans de la ville, vêtus à la mauresque, allèrent danser "aux sonnectes" et divertirent fort l'illustre compagnie" (puis se joua une "comédie aux bergers" "

(Ducéré, 1902: 140 eta 143 orr.).

Donibane Lohitzunen, bai Mazarin-en bisitaren karietarat 1659an, bai Louis XIV.aren ezteien karietarat 1661, "crascabylaires" dantzariak atera ziren karriketan barrena, tamburin eta arrabitariekin (Ekaina, 1992: 363 eta 467 orr.). Gisa horretako lekuko anitz agertzen dira kostaldeko hirietako artxiboetan. Baionan emeki-emeki hasi ziren Lapurdi barnekaldeko dantzariak etortzenkaxkarot martxa eskaintzeko, hiriko aristokrazia eta burgesiak aldiz XIX. mende hastapena arte bere gain hartzen zuelarik Pamperruque edo ohorezko soka dantza ofizialea. Gaur arte iraun duen ohitura da Ezpeleta, Uztaritze eta Hazparneko kaxkarotak aldizka eskean ibiltzea Baionako karriketan barrena inauterietan.

XIX. mendeko idazle eta etnografoek "moresque" hitza erabili dute askotan kaxkarot martxa izendatzeko. 1841ean, Duvoisin-ek toberetan ematen den "Moresque" dantza aipatzen du. Duvoisin berak, Mgr. Daguerre Larresoroko semenarioaren sortzailearen biografian, azpimarratzen du Larresoron XVIII. mendean ematen zirela komuzki mairu dantza ("danse mauresque"), dantza luzea ("danse longue") eta dantza jauzien suerte desberdinak ("saut basque") (Duvoisin, 1861). Guilcher-en ustez, baliteke mairu dantza horrek Thoinot Arbeauk XVI. mendean aipatzen duen "danse des Morisques" delakoarekin zerikusia izatea. Hau argatik bakarlari dantza zen, mutilak aurpegia belzturik ematen zuena, xilintxak zangoetan. Azterketa berean, Guilcher-ek dio behar bada dantza horrek izango lukeela nolabaiteko lotura Curt Sachs-ek aipu duen Espainiako "morisca"-rekin (Guilcher, 1984, 488 o.). Hasteko, bai Guilcher bai M. A. Sagaseta (Sagaseta, 2011) ados dira esateko dantza klase berdina osatzen dutela bai ihauterietako kaxkarot martxa, kabalkadetako bolant dantza, Pesta Berrietako pas ordinaire eta, urrunagotik baldin bada ere, maskaradetako arribadak. Violet Alford-ek ere azpimarratua zuen dantza horien arteko parekotasun handia, batez ere Lapurdi-Nafarroa Beherean (Alford, 1929).

Gehienetan festa giroan ematen bazen ere, ez da dudarik garai batez "kaxkarot martxa" dantza ibiltari serio eta ofiziala zela. Uztaritzen, XX. mende hastapenean oraindik, herriko auzo bakoitzak (Uztaritze, Arrauntz, Heraitze) bazuen bere kaxkarot taldea, etxez-etxe zebilena inauterietan. Arruntzakoek fama handia zuten, bereziki Hypolitte Hiriart dantza maisu eta xirribikariaren eraginez. Auzo bakoitzeko kaxkarot taldea beste auzo batera heltzen zelarik. Bere eskea hasi aurretik, behar zuten plaza "hartu" maska dantza eta Uztaritzeko jauzi bereziak (xinple eta marmutx) emanez. XX. mende hastapenean makil dantzak sartu zituzten, eta berantago fandangoak (Dassance, 1927) (Trufaut, 2005). Luzaiden eta Nafarroa Behereko hainbat herritan, apez sartzetan bolant dantza edo kaxkarot martxa ematen zuen gazteriak, edo bolantez beztiturik edo Besta berrietako jauntzietan. Bere xinpletasunean, kaxkarot martxak beti izan du garrantzia ohorezko dantza bezala.