Literatoak

Arrese Beitia, Felipe

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Otxandio, 1841-1906.

Otxandion jaio zen Felipe Arrese Beitia poeta, 1841eko maiatzaren 25ean. Andres Arrese otxandioarraren eta Gipuzkoa eta Arabaren mugan dagoen Maringo Tomasa Beitiaren semea izan zen. Ez zen oso gizon ikasia izan, baina bai erlijiozalea. Lehen ikasketak zazpi urterekin Otxandion hasirik, hamahiru bete zituenerako eskola utzi eta aitari aroztegian gurutzeak egiten laguntzen hasi zen Felipe Arrese Beitia, txikitarik eskulturarako zaletasuna profitatuz. Hiru urte igarota Gasteizera joan zen Markos Ordozgoiti santugilearen eskutik ogibidea ikasten; egunez lantegian aritzen zen eta, gauez, marrazketa ikasten. Ikasle saiatua, promozioko lehen saria lortu zuen otxandioarrak. Horrek eta maisuaren begiko izateak gainerako ikaskide batzuen ezinikusia ekarri ziola eta, hamazortzi urterekin herrira itzuli eta Otxandion lantegia irekitzea erabaki zuen. Garai hari buruzko hainbat aipamen ematen ditu idazleak "Bitoria'ko Uria" olerkian.

Bizkaiko Aldundiak Arrese Beitiaren eskultura eta marrazketarako zituen gaitasunak ikusita, Erromara joateko beka bat eskaini zion, baina idazleak ez zuen onartu horrek fedea eta morala galtzeko arrisku handia zekarrela esanez. Oñati, Donostia, Gasteiz, Aramaio, Abadiño, Arantzazu, Iurreta, Urkiola eta hainbat herritan ibili zen lanean 1865etik aurrera, gaur arte gorde diren irudi lanak tamalez gutxi diren arren. 1865 hartan argitaratu zuen lehen olerkia eta Iruñako Euskara aldizkariarentzat idazkiak egiten hasi zen haren sortzaile eta zuzendari zen Arturo Kanpionek eskatuta; Otxandioko etxera joan zitzaion adiskidea bisita egiten. Han, bigarren pisuan zuen liburutegian, idazten zituen olerkiak Arrese Beitiak.

Santugile irakaskuntzan ere ibili zen, lanbidea euskara eta poesiarako zaletasunarekin bateratzen saiatuz eta Euskal Herrian zehar bide bikoitza eginez: ogibidea familiarentzat eta bertso bidea "Ama Euskeria"rentzat.

Angela Bengoarekin ezkondu zen 1871n eta sei seme-alaba izan, baina bi ezik gazterik hil ziren gainontzekoak. 1873an, Bigarren karlistaldia hasitakoan, bere burua antimilitarista agerturik, Donostiara joan behar izan zuen, eta "Instituto Provincial" eraikinean jartzeko euskal gizon ospetsuen irudiak egin zituen han. Garai hartan, 1874an, argitaratu zuen bizkaierazko hiztegi eta gramatika esku-liburua: Diccionario y Manual Bascongado y Castellano y Elementos de Gramática. Jose Manterola Euskal-Erria aldizkariaren sortzaile eta zuzendaria ezagutu zuen orduan, gerora olerkiak argitaratu eta batzuen gaztelerazko itzulpenak egin zituena. Euren arteko adiskidetasunaren erakusgarri dira Arresek Manterolari eskainitako "Nere erriko ujola" olerkia eta Manterola hil ondoren idatziriko "Nire adiskide laztan", "Manterolaren eriotzea" eta "Euskal festa onen asmatzalle eta gidari On Jose Manterola zanari koroitzea".

Hiru urteren buruan Otxandiora itzuli zen sendia eta han hil zitzaion, 1894an, urteetan olerkiak irakurri, zuzendu eta hobetu zituen emaztea. Hari eskainiak dira "Anjela", "Eriotzea" eta "Illetea". Bizi zitzaizkion seme-alabak gaztetxoak zirela eta bigarrenez ezkondu zen idazlea Gabriela Iturrietarekin. Garaiko hainbat euskaltzale izan zituen adiskide: Duvoisin kapitainarekiko adiskidetasuna, esaterako, Elizondoko Lore Jokoen inguruan sortu zen; D'Abbadie Lore Jokoen antolatzaile eta sortzailea egin zuen lagun. Arturo Kanpion, Euskal-Erria aldizkariaren zuzendari zen Jose Manterola, eta horren ondoren zuzendari izango zen Antonio Arzak ere ezagutu zituen, eta azken garaian aldizkariaren zuzendari izan zen Lopez Alen. Resurreccion Maria Azkueri olerkiak bidaltzen zizkion Euskalzale aldizkarian argitara eman zitzan, baina filologia ere hizketa gaia zuten eta, Arreseren iritziak aintzat hartu zituen Azkuek Diccionario Vasco-Español-Francesaren sarreran bizkaierarako beste laguntzaileen artean Otxandiokoa ere aipatzen duelarik. Sabino Arana, Ramon de la Sota, Juan Carlos Guerra, Trueba, Dodgson zein Euskal Herriaz kanpoko idazleekin ere izan zituen gutun bidezko harremanak: Menéndez Pelayorekin eta Emilia Pardo Bazanekin.

Zahartzarora bihotzeko gaixotasuna agertu zitzaionez, lan egiteari utzi behar izan zion eta, hil arteko urteak abertzale aberatsen talde batek emaniko hileroko ordainsariari esker igaro zituen.

Bi karlistaldien artean jaio eta abertzaletasunaren sorrera ezagutu izanak eragin handia izan zuen Arreserengan. Hasieran karlisten jarraitzaile bazen ere, pentsamoldea aldatuz joan zen; Revista Euskaran ageri den "Milla zortzireunda irurogeita amargarren-urteko udan ipinitako buru bidia, ur-etxe edo bañutegi bateko salan kantetako" olerkian dugu ikuspegi politikoaren lehen zantzoa. Baina, 1872ko maiatzaren 24an Zornotzako ituna sinatu ondorenkarlisten alderdiko izateari utzi zion, haien zaletasuna foruetan baino, arazo dinastikoan zetzala iritzita. Foruen deuseztapenaren ondorioz euskal kulturak bizi zuen egoera latzari aurre egiteko hainbat euskaldun erdal munduaren nagusitasunaren aurka azaldu zen eta, giro horretan, D'Abbadiek Lore Jokoak Elizondora ekartzeko erabakia hartu zuen. Hegoaldean susperraldia bizi izan zuen euskarak norgehiagoka horien inguruan eta, horrekin batera, sarituak ziren olerkiak argitaratzen zituzten euskal kulturaren inguruko Revista Euskara eta Euskal-Erria aldizkariak sortu ziren, besteak beste. Arrese Beitiak 1879 eta 1899 bitartean hainbat lehiaketatan parte hartu eta sari ugari lortu zituen. Elizondon eginiko lehen lehiaketan, hainbat euskaltzaleren ustez lehen saria merezi izan zuen Arreseren "Ama euskeriari azken agurrak" lanak, baina ez zuen saririk jaso. Ordukoak dira aldizkarietan agertu ziren olerkiaren inguruko aipamenak, bai eta Duvoisinek batasunari buruz eskatu zizkion olerkiak. Ordurako Bigarren Karlistaldia amaitu berria zen eta egoera politikoa egonkorra ez zenez Revista Euskaran ez ziren ausartu Arturo Kanpionen gaztelaniazko itzulpena ondoan argitaratzen. Giro horretan, Sota, Kanpion eta Iturralderekin Euskalerria elkarte foruzaleko kide izan zen otxandioarra, baina 1896tik aurrera Sabino Aranaren ideologiarekin bat egin zuen. Horren erakusgarri dira Arana hil berriari eskainitako "Gure eguzkia amatau da!!" edo 1905an Durangoko euskaldun batzokia zabaldu zenerako moldatu zuen "Gora gora Sabino gure izarra".

Laurehun olerkitik gora idatzi zituen Arrese Beitiak, gehienak, Kanpioneri aitortu bezala, bihotzak eraginda. Olerkiok, idazlea hil baino lehen argitaratu zituen A. Kanpion lagunak ale bitan: Ama Euskeriaren liburu Kantaria (1900) eta Asti orduetako bertsozko lanak (1902). 1956an S. Onaindiak argitaratu zuen berriro lan osoa, Olerkiak izenburupeko ale bakarrean, eta 1987an Euskal Editoreen Elkarteak, "Klasikoak" sailean, G. Aldabaldetrekuk, A. Bonetak eta M. Goikoetxeak prestaturiko argitalpena eman zuen argitara, Olerki sorta bat izenaz. Azkenez, 1999an Itziar Urrutiak prestaturiko Felipe Arrese ta Beitia. Idazlan guztiak bilduma argitaratu zen bi aletan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Otxandioko Udalaren laguntzaz. Halaber, otxandoarraren lanen artean badira beste autore batzuek gaztelaniaz idatzitako olerkien euskarazko bertsioak ere: Bernardo Balbuena, Teresa de Jesús, Joaquin, Rubio y Ors, F.M. Samaniego, J. Zorrilla, P. Calderón de la Barcarenak, eta abar.

Bihotzak eraginda sortutako olerkiak honela sailka daitezke, gaiari begiratuz gero:

  1. Euskara eta foru kantuak sailean foruen galerak edo epe laburrean ikusten duen euskararen heriotzak eragindako nahigabea adierazten duten kantu aberkoiak ditugu, euskaltzaleen itxaropena piztu nahi dutenak ere badiren arren. Tonu ezkorra nagusituko da osperik handiena eman dioten gaiei darien negarraz batera.
  2. Bigarren sailean sentimenduz beteriko lirika kantuak, olerkariaren barne gogoa agertu eta izadiko elementuei kantatzen dietenak daude. Lehenago aipaturiko ezkortasun eta negarra nagusitzen da horietan ere. Badira izadi eta baserri giroko bizimodu gozoaz loturiko zoriona ardatz dutenak, baina zorionean dela ere, tonuari zorion-mina dario zoriona baino gehiago.
  3. Hirugarrenik, pertsonaia itzaltsuen ekintza gogoangarriak eta bertuteak goraipatzen dituztenak ere badira: Antonio Okendo, Kalderon, Mendiburu, Manterola, Astarloa, Iparragirre, Leon XII... besteak beste, laudatzen dituztenak.
  4. Laugarren sailean erlijio-kantuak ditugu. Alegien saileko gehienak Arreserem eskuz idatzitakoak diren arren, F.M. Samaniegoren zenbait alegia ere biltzen ditu euskaratuak.
  5. Ipuinen sailekoak ironiaz beteriko bertsoak dira, herriko gizon zein emakume traketsei eta asmo txardunei egindakoak edo politikaren eztena ageri dutenak.
  6. Irakurgaiak ere moldatu zituen gertaera historikoak eta erlijiozko irakasbideak azaltzeko, narrazio, kontakizun edo elkarrizketa moldeetan emanik.
  7. Bukatzeko, prosazko lanen sailean gai ezberdinei buruzkoak biltzen dira: erlijio-kondairak, historikoak, ipuinak...