Literatoak

Elexpuru Arregi, Juan Martin

1950eko azaroaren 15ean Bergarako (Gipuzkoa) Ubera auzoan jaiotako euskarazko idazlea, bertan bizi baita gaur egun.

Filosofia eta Euskal Filologian lizentziatua. Ikastola batean lan egin ondoren, 1976tik 1996ra UNEDeko Euskara Saileko irakaslea izan zen Bergaran, eta saila desegin zutenean jarduna eten zuen. 2000. urtean Goenkale telesailerako gidoiak idazten hasi zen eta Txalaparta argitaletxeak sortutako Literotura euskarazko liburu erotikoen bildumaren zuzendaria da. Bilduma horretan bertan Krabelina beltza (1998) nobela argitaratu zuen eta euskarazko literaturaren hainbat garaitako testu erotikoen antologia bat, Euskal lizunkeriaren antologia (1999) izenekoa.

Helduentzako ipuin liburu pare bat argitaratu ditu: Txakur zaunkak atean (1989) eta Hamaika ipuin (Edit. Elkarlanean, 2000); eta bi bidaia-liburu: Alpeen itzalpean (1993) eta Kuba triste dago (1994).

Bere herriko euskarari buruzko ikerketa bat ere idatzi du: Bergarako euskara (1988). Bere doktore tesia, oraindik argitaratu gabea, bere jaioterriko lexikoari buruzkoa izan zen. Bergara aldeko berbak eta langintza zaharrak (Bergarako hitz eta ofizio zaharrak) proiektu etnologiko-dialektologikoaren zuzendaria izan da, eta lau liburutan eman du fruitua. Irun Hiria (1987) eta Tene Mujika (1987 eta 1988) ipuin literatur sarien jabe da.

Haur eta gazte literatura ere landu du, Pernando Plaentxiarra (Elkar, 1984), Marea biziak zozomikoteetan (Edit. Pamiela, 1991) eta Fraixko eta galtzagorriak (Edit. Txalaparta, 1997). Pernando Plaentxiarra, adibidez, Eibar eta Soraluze (Gipuzkoa) inguruko umorearen antologia da, Yon Etxaidek 1957an argitaratutako izenburu bereko liburuko testuekin, eta gainera Juan San Martinen Zirikadak eta Eztenkadak liburuetako pasadizo eta txisteekin.

Xabier Etxaniz eta Marijose Olaziregiren arabera (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Idazleak, Edit. Eusko Jaurlaritza, 1998),

"Elexpuruk herri-kultura erabiltzen du bere obretan egungo gertakarien oinarri edo osagai gisa, mitologia eta tradizioa bere abenturetan sartuz".