Literatoak

Elissalde, Jean

Zerbitzari Azkaindarra, Bilharia.

Euskarazko idazlea, Azkainen (Lapurdi) jaio zen 1883an. Gerezietan (Lapurdi) zendu zen 1961ean.

Larresoroko seminarioan zegoela, euskaraz idazten hasi zen Hiriart-Urruty maisuaren argibideei jarraiki. Hainbat urte eman zituen Uztaritzen (Lapurdi) bikario modura, Liginagan erretore gisa eta, ondoren Mendiondo eta Gerezietan. Euskarazko hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen Eskualduna eta Eskualdun Ona astekarietan. Hain zuzen, Eskualduna astekariko "Zer eta Zer" atalaren arduradun izan zen denbora luzez, pilota-jokoaren eta pilotarien inguruko albiste ugari emanez.

Gerra Handia lehertu zenean (1914) armetara eraman zuten. Frontean egindako denborak eraginda gerra-kronika bat argitaratu zuen Eskualduna astekarian "Berrogeita hamazazpigarrena gerlan" (1937-1937) izenburupean. Patrizio Urkizuk ekarri zuen euskarara (LVII.a Gerlan, Alberdania argitaletxeak kaleratu zuen 1995ean).

1921ean Eskualtzaleen Biltzarrean sartu zen, erredaktore eta idazkari gisa. Gure Herria aldizkari sortu berriaren "Hitz zuhurrak" atalean kolaboratzen hasi zen, eta baita atal horretatik at ere.

1930ean Euskaltzaindiko kide izendatu zuten.

Besteak beste, Ichtorio Saindua, Katichima, Ama Maria Pasionekoa, San Frantses eta Bahnar deitu Salbaiak itzuli zituen gaztelaniatik euskarara. Atsotiz, Zuhur-hitz eta Erran-Zehar izeneko atsotitz, esaera zahar eta esamoldeen bilduma bat kaleratu zuen, 1.025 zenbakidun alean. Euskal Herriko landare eta txoriei buruz egin zituen lanak kalitatezkoak direla esan ohi da.

Kantari berria idatzi zuen eta, horrez gain, antzerki-pieza labur batzuk, esate baterako, Gaxuxa, Mikolas, Bi Gogorrak eta Oltzaberrian. Bere ipuin, elezahar eta artikuluak Gure Herrian argitaratu ziren. Halaber, nabarmentzekoak dira haurrei eskainitako orrialdeak, Herria astekarian argitaratuak. Poeta ere izan zen.