Literatoak

Agirre Odriozola, Joxean

Euskarazko kazetari eta idazlea, Azpeitian (Gipuzkoa) 1949ko maiatzaren 18an jaioa.

Soziologia ikasi zuen Parisen, eta Kazetaritza Euskal Herriko Unibertsitatean. Egin egunkarian lan egin zuen, eta gero Gara-n. Bertsolari aldizkariko zuzendaria.

Longa kapa beltza (1984) izenburua duen lau ipuinez osatutako bilduma da argitaratu duen lehen liburua. Bi urte geroago Lehen triptikoa (1986) argitaratu zuen, hiru planotan egituratutako eta nouveau roman frantsesaren joeran sar daitekeen nobela, deskribapen zehatzekin eta izaera esperimentalarekin; eleberri horrek Durangoko Euskal Jaien urteurreneko saria irabazi zuen 1986an.

Gizon bat biluzik pasiloan barrena (1991) pertsonaiaren beraren nortasunaren inguruko hausnarketa multzoa da.

Elgetak (1996), 1995eko eleberriko Irun Hiria saria irabazi zuenak, Jacinto Rivas Elgeta du protagonista nagusi, 1936-1939ko gerra zibilaren ostean akordeoi diatonikoa jotzen jende askori irakatsi zion trikitilari bohemioa. Donostiako argazkilaria da narratzailea, Agirrek ukitu urbanoa eman nahi baitzion narrazioari. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran kokatzen da ekintza, eta Elgetaren eta emakume baten arteko harreman sentimentala kontatzen du, ordurako indarra galtzen hasiak ziren trikiti erromeria batzuen atzealdearekin. Akordeoi diatonikoa gainbeheran hasten zen garai hartan, akordeoi handiak indarra hartuz.

2003an -Elkar- Romain zen bere izena argitaratu zuen, eta bertan metafikzioa eta nobela beltza nahasten ditu. Literatura bera eta bertan parte hartzen duten eragileak, hau da, idazleak eta irakurleak dira nobelaren protagonistak. 2008an La lutte finale argitaratu zuen.

Zwei Frauen (2011), Agustin Zubikarai Sariaren irabazlea, lau zatitan banatutako lana da, eta egileak "imitazioak" deitzen ditu, horietako bakoitzean idazle bati omenaldia (antzeratuz) egiten diolako. Emakumeak eta literatura dira lan honetako protagonistak. Argitaratu duen azken liburua Adiskide bat nuen (2013) eleberria da.

Narratibaz gain, Agirrek beste genero batzuetan ere parte hartu du, Hitza Hitz-eko elkarrizketan, esaterako. Txillardegirekin solasean (Elkarlanean, 1996) edo biografia Mozketaren maisua (1999) lanean, Jesus Muruarekin elkarlanean idatzitako Joxe Agirre Oranda bertsolari azpeitiarraren biografia; eta Osaba Txirrita (Edit. Bertsolari, 1999) goitizen horretako bertsolariaren biografia bat ere bada, nahiz eta haurrentzako idatzia izan, eta bertsolariaren iloba den haur bat narratzaile lanetan duela.

2001ean Joseba Jaka eleberri beka irabazi zuen Agirrek, kasu erreal batean oinarritutako eleberri proiektu batekin: Goncourt Saria bi aldiz irabazi zuen idazle batena, identitate faltsua zuen aldi batean.

Bertsolaritzari buruzko kazetaritzan espezializatu da Agirre, eta XX. mendeko 90eko hamarkadan Rikardo Arregi Saria irabazi zuen, alor horrekin lotutako hainbat elkarrizketengatik.