Marrazkilariak

Alemany Martinez, Luis

Gasteizko marrazkilaria eta arkitektoa, 1886ko maiatzaren 6an jaio zen. Jaioterrian bertan hil zen berrogeita hamazazpi urte zituela, 1943ko abuztuaren 8an.

Oso gizon zabala eta jantzia zen; garaiko pertsona ospetsu ugari lagun zituen, Gasteizen zein Madrilen, hiri horretan bukatu baitzuen Arkitektura karrera 1916an. Promozioko ikaskide ohiak GATEPAC deitutako taldean bildu ziren geroago, 1930etik aurrera (Garaiko Arkitekturaren Aurrerapenerako Espainiako Arkitekto eta Teknikarien Taldea), arkitektura arrazionalistako postulatuak hedatzeko.

Hizlari bikaina zen, eta besteak beste, hauekin harreman estua izan zuen: Ricardo Baroja, Ignacio Zuloaga, Julio Romero de Torres, Maurice Ravel musikaria, eta Gasteizko lagun Julian de Apraiz, Clemente Arraiz, Obdulio Lopez de Uralde, Gustavo de Maeztu; lagun zituenen artean arkitektura, eskultura, pintura, musika eta literatura munduko gizonak zeuden. Orain arte argitaratutako datu profesionalekin bat etorriz (ez baita azterketa monografiko egokirik egin), esan da arkitekto gisa ez zuela ibilbide oparorik garatu.

Arlo horretako lanen artean nabarmendu behar dira Domecq Etxeko standa Sevillako Erakustazokarako (1924), Gasteizko zenbait saltoki diseinatu izana (Luis Alfaro Altzari Etxea eta Datoko Olivares Saltokia), Gasteizko Estibaliz Etorbideko 2. zenbakian zegoen txalet bat, edota Bilboko bizilagun zen Echanizen etxe batzuk.

Marrazkilari gisa 1934an Gasteizko 5 aldizkari abangoardistako hainbat aletan hartu zuen parte: Maurice Ravel musikariaren erretratu bat argitaratu zuen, 1929koa; Federico Garcia Lorcaren La Gallina ipuinarentzat marrazki bat egin zuen, beste bat Jose Maria Saenz de San Pedro lagun onaren Domingo ipuinarentzat, baita Santo Domingo de Silosko erlijio gai bat ere. Toki aldizkarien zenbait azal ere diseinatu zituen hainbat urtez, eta ilustratzaile gisa zuen gaitasuna Gasteizko La Libertad eta Bilboko Excelsior egunkarietan islatu zuen.

Halaber, Fournier enpresarentzat zenbait karta-sorta prestatu zituen Espainiako Errenazimendua eta Errekonkista garaiko erreferentzia historikoekin; karta bildumen atzealdeak osatu zituen. Arabako Arte Ederren Museoak autorearen marrazki lote bat gordetzen du, Arte eta Ofizioen Eskolatik jasotakoa.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa,, 1990, 252 eta 253 orr.
  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Efemérides artísticas: centenario del nacimiento del notable dibujante y arquitecto Luis Alemany". Deia, 1986ko abuztuak 6.