Unibertsitateak

Mondragón Unibertsitatea

Onura publikoko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena eta bokazioa dituen Unibertsitatea da. Sortu zenetik kalitateko hezkuntza da helburu nagusia, horregatik garrantzi handia ematen zaio ikasleen prestakuntza integralari. Enpresa-mundua gertu izatearen abantaila du. Horregatik ikasleek hasieratik dute lan-munduaren errealitatearekin harremana.

Egun, Unibertsitateak 22 titulu, graduondoko ikasketetan 15 master eta unibertsitate-aditu izateko 8 ikastaro eskeintzen ditu.

Unibertsitate gaztea da, 1997. urtean sortua. Hezkuntza arloan ibilbide eta esperientzia luzea duten hiru hezkuntza kooperatiben elkartzetik jaio zen Mondragon Goi Eskola Politeknikoa "Jose Mª Arizmendiarrieta" (S.Kooperatiboa, ETEO S.Kooperatiboa eta Irakasle Eskola S.Kooperatiboa).

Egun, Unibertsitatea honako Fakultate eta Eskolek osatzen dute:

  1. Goi-Mailako Eskola Politeknikoa
  2. Enpresagintza Fakultatea
  3. HUHEZI (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea)
  4. Basque Culinary Center

Unibertsitatea kooperatiboa da, Mondragon Korporazioa enpresa-multzoko kide delarik. Formazio-ereduaren oinarria hezkuntza-sistema da, baina eskualdeko enpresak eta erakundeak inplikatzea sustatzen da, gizarte-eskuragarritasuna, ikasketen eta lanaren bateragarritasuna, ikerkuntzaren garapena eta etengabeko prestakuntza bermatuz.

Ezaugarri nagusia lan-munduari estuki eta etengabe lotuta egotea da eta horri esker, hezkuntza eskaintza enpresen eta erakundeen premietara egokitzeko aukera du Unibertsitateak.

Enpresa eta erakunderekin duen harremanari esker, eta hauekin sinatutako hitzarmenei esker, ikasleak ikasketak hasi orduko lan-munduarekin harremanetan daude. Asmo horrekin Unibertsitateak jarduera ezberdinak antolatzen ditu (Ikasketak eta lana bateratzea, Enpresetako praktikak, Karrera amaierako proiektuak, Ikerkuntza-proiektuak, etab.).

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza-eredu berri bat jarri du abian: Mendiberri Proiektua. Hiru hizkuntzatako (euskara, gaztelera eta ingelesa) hezkuntza-eredua da.

Ikerkuntza da Mondragon Unibertsitateko hezkuntza-sistemaren oinarrietako bat, euskarri, erakunde-sare sendo bat duelarik (IKERLAN eta IDEKO besteak beste).

Euskal Herrian errotutako unibertsitatea da, hizkuntzaz, euskaraz, eta kulturaz arduratzen dena eta gizarteak eskatzen dituen aldaketei irekia dagoena. Hezkuntza eredua berrikuntzan, humanismoan, elkartasunean eta lankidetzan oinarritzen da.

Unibertsitateko instalazio eta zentro gehienak Debagoieneko eskualdean kokatuta daude. Esan bezala, lau fakultate ditu: Goi Eskola Politeknikoa: bi campus, Arrasate eta Ordizian (Gipuzkoa); Enpresagintza Fakultatea: bi campus, Oñati eta Irunen ; Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea: campus bakarra Eskoriatzan; eta Gastronomia Zientzien Fakultatea, Donostian kokaturiko Basque Culinary Center eraikinean kokatzen delarik.

Unibertsitateak graduondo ikasketak etengabe berritzen ditu. Bai Master kurtsoekin, eta baita Aditu Tituloekin ere.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak bere ikasleei, ikasketek dirauten bitartean bizikidetza erraztu nahian, zenbait zerbitzu eta azpiegitura eskaintzen dizkie. Batetik, Unibertsitateak bi egoitza ditu, ikasketek dirauten bitartean han bizi daitezen eta bestetik, campusak dauden eskualdeetan pisuak alokatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen die.

Garraio-zerbitzua, Idazkaritza birtuala, Liburutegia, Kirol zerbitzuak, Jantokia nahiz aipatutako ostatu-zerbitzuak dira Unibertsitate honek ikasleei bizitza erraztu nahian eskeinitako zenbait zerbitzu.