Unibertsitateak

Mondragón Unibertsitatea (2011ko bertsioa)

Onura publikoko irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena eta bokazioa dituen Unibertsitatea da. Sortu zenetik kalitateko hezkuntza da helburu nagusia, horregatik garrantzi handia ematen zaio ikasleen prestakuntza integralari. Enpresa-mundua gertu izatearen abantaila du. Horregatik ikasleek hasieratik dute lan-munduaren errealitatearekin harremana.

Egun, Unibertsitateak 22 titulu, graduondoko ikasketetan 15 master eta unibertsitate-aditu izateko 8 ikastaro eskeintzen ditu.

Unibertsitate gaztea da, 1997. urtean sortua. Hezkuntza arloan ibilbide eta esperientzia luzea duten hiru hezkuntza kooperatiben elkartzetik jaio zen Mondragon Goi Eskola Politeknikoa "Jose Mª Arizmendiarrieta" (S.Kooperatiboa, ETEO S.Kooperatiboa eta Irakasle Eskola S.Kooperatiboa).

Egun, Unibertsitatea honako Fakultate eta Eskolek osatzen dute:

  1. Goi-Mailako Eskola Politeknikoa.
  2. Enpresagintza Fakultatea.
  3. HUHEZI (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea).

Unibertsitatea kooperatiboa da, MONDRAGON Korporazioa enpresa-multzoko kide delarik. Formazio-ereduaren oinarria hezkuntza-sistema da, baina eskualdeko enpresak eta erakundeak inplikatzea sustatzen da, gizarte-eskuragarritasuna, ikasketen eta lanaren bateragarritasuna, ikerkuntzaren garapena eta etengabeko prestakuntza bermatuz.

Ezaugarri nagusia lan-munduari estuki eta etengabe lotuta egotea da eta horri esker, hezkuntza eskaintza enpresen eta erakundeen premietara egokitzeko aukera du Unibertsitateak.

Enpresa eta erakunderekin duen harremanari esker, eta hauekin sinatutako hitzarmenei esker, ikasleak ikasketak hasi orduko lan-munduarekin harremanetan daude. Asmo horrekin Unibertsitateak jarduera ezberdinak antolatzen ditu (Ikasketak eta lana bateratzea, Enpresetako praktikak, Karrera amaierako proiektuak, Ikerkuntza-proiektuak, etab.).

Mondragon Unibertsitateak hezkuntza-eredu berri bat jarri du abian: Mendiberri Proiektua. Hiru hizkuntzatako (euskara, gaztelera eta ingelesa) hezkuntza-eredua da.

Ikerkuntza da Mondragon Unibertsitateko hezkuntza-sistemaren oinarrietako bat, euskarri, erakunde-sare sendo bat duelarik (IKERLAN eta IDEKO besteak beste).

Euskal Herrian errotutako unibertsitatea da, hizkuntzaz, euskaraz, eta kulturaz arduratzen dena eta gizarteak eskatzen dituen aldaketei irekia dagoena. Hezkuntza eredua berrikuntzan, humanismoan, elkartasunean eta lankidetzan oinarritzen da.

Unibertsitateko instalazio eta zentro gehienak Debagoieneko eskualdean kokatuta daude. Esan bezala, hiru fakultate ditu: Goi Eskola Politeknikoa: bi campus, Arrasate eta Ordizian (Gipuzkoa), Enpresagintza Fakultatea: bi campus, Oñati eta Irunen eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea: campus bakarra Eskoriatzan. Kontutan hartu beharrekoa da Donostian eraikitako Basque Culinary Center eraikin berria, non Gastronomia Zientzien Fakultatea bertan kokatuko den.

Guztira, honako Fakultate eta Eskolek osatzen dute Mondragon Unibertsitatea, bertan ondorengo ikasketak burutu daitezkeelarik:

  1. HUHEZI (Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea): Graduen artean honako hauek burutu daitezke: Ikus-Entzunezko Komunikazio Gradua; Haur Hezkuntza Gradua; Lehen Hezkuntza Gradua eta Psikopedagogian Lizentziatura on-line. Graduondoko ikasketen artean Master ofizialak (Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Masterra; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxillergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Gaitzeko Masterra; Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan Masterra) eta Aditu Tituluak (Hizkuntzen Kudeaketa Unibertsitate Aditu Titulua; Euskal Kulturgintzaren Transmisioan Unibertsitate Aditu Titulua eta Kooperatibagintzan aditu-titulua) bereiz daitezke. Doktoretza arloan, helburua doktoregaia ikerketa-tekniketan trebatzea da. Honela, ikerketa-prestakuntzara zuzendutako ikastaroak, mintegiak eta bestelako zenbait jarduera egingo da, ikasleek doktorego-tesia egin eta aurkeztu ditzaten. Zenbait ikasketa on line burutzeko ere aukera ematen da. Graduen artean Psikopedagogia lizentziatura eta Irakasle ikasketak. Honetaz gain, Formazio Iraunkorra Hezkuntza Eremuan eta IVAP. 4. Hizkuntza Eskakizunak ere egiteko aukera ematen du.
  2. Goi-Mailako Eskola Politeknikoa: Graduen artean, Mekanikako Ingeniaritza; Industria diseinuko eta produktu garapeneko ingeniaritza; Industria antolakuntzako ingeniaritza; Industria elektronikako ingeniaritza; Informatikako ingeniaritza eta Telekomunikazio sistemen ingeniaritza. Graduondoen artean, Master ofizialak Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritza; Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoa; Industria Ingeniaritza; Sistema Txertatuak eta Energia eta Potentzi Elektronika eta Doktoretzan, Ingenieritzan Doktoretzaa Programa burutu daiteke, gai ezberdinetako zenbait ikasgaiak aukeratuz. On line, Industri Antolakuntzako Ingeniaritza egiteko aukera dago.
  3. Enpresagintza Fakultatea: Graduen artean, Enpresen administrazio eta zuzendaritza nahiz Lidergo ekintzailea eta berrikuntza ikasketak. Bigarren zikloko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Lizentziatura ere egiteko aukera dago. Graduondoen artean Enpresa Kooperatiboen Kudeaketa nahiz MBA - Enpresa Zuzendaritza Master Ofizialak eta Enpresa Kooperatiboen Kudeaketan Online Masterra, MBA EXECUTIVE eta Enpresen zuzendaritzan Executive Masterra bezalako Titulu Propioak. Online aldiz, Enpresa Kooperatiboen Kudeaketa Graduondoa ere burutzeko aukera dago.
  4. Gastronomia Zientzien Fakultatea (Basque Culinary Center): Sukaldaritza eta Gastronomia Zientzietan Gradua nahiz Jatetxeak Berritu eta Kudeatzeko Unibertsitate Masterra.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak bere ikasleei, ikasketek dirauten bitartean bizikidetza erraztu nahian, zenbait zerbitzu eta azpiegitura eskaintzen dizkie. Batetik, Unibertsitateak bi egoitza ditu, ikasketek dirauten bitartean han bizi daitezen eta bestetik, campusak dauden eskualdeetan pisuak alokatzen laguntzeko zerbitzua eskaintzen die.

Garraio-zerbitzua, Idazkaritza birtuala, Liburutegia, Kirol zerbitzuak, Jantokia nahiz aipatutako ostatu-zerbitzuak dira Unibertsitate honek ikasleei bizitza erraztu nahian eskeinitako zenbait zerbitzu.