Eskultore bizkaitarra, 1877ko apirilaren 18an Bilbon jaioa eta 1966ko urriaren 15ean hila.
Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta, Bartzelonan ikasi zuen lehenengo eta ondoren, Parisen. 1923an eta 1927an jarri zituen lehen erakusketak. Kalitate handiko erretratugilea zen. Bustoak eta brontzezko zein marmolezko irudiak erruz egin zituen. Espainian Urrezko Mendeko irudigileen arte klasikoa berpiztu zuelako nabarmendu zen Quintin Torre. Probintzia-korporazioaren enkarguz, Bilboko Aste Santurako Oración en el Huerto (1924), Descendimiento (1926) eta Las tres cruces (1946) lanak egin zituen.
Aita margolaria zuen. Irudigile xume baten tailerrean zaletu zen eskulturara: Serafin Basterra. Bartzelonan ikasi zuen lehenengo eta, gero, Parisen, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lagunduta. Francisco Durrioren tailerrera joaten zen han.
Itzulitakoan Rodin eta Meunier eskultoreen lanak ezagutu zituen. Horrela, Europako maisu modernoen eraginari Valladolideko irudigileen eragina batu zitzaien. Gaztelako hiri horretara egindako bisitaldi batean jarri zen haiekin harremanetan. Handik aurrera hasi zen busto polikromatuak, santuen eta Ama Birjinen buruak eta abar egiten.
Honako hauek dira berak egindako lan aipagarrienak: El timonel, Cargador de Bilbao, La lanzada, Dolorosa, Cabeza de San Juan, Monumento al poeta Ramón Basterra, 1935ean inauguratua, eta abar. Bere lanak Bilboko Santa Vera Cruz kofradiaren (haientzat egin zituen lan batzuk; adibidez, La Lanzada) eta Bilboko Arte Ederren museoaren esku daude.
Luis de Castresana (Bilbao, 1974):
"Denbora luzean ahaztuta egon ondoren, Gaztelako eta Andaluziako irudigile handiak, gubia hain modu liluragarrian lantzen asmatu eta zurari hain astindu sutsuak eman zizkioten haiek, herrialdeko eskultoreei eragiten hasi ziren. Orain, gutxietsita zegoen tradizio hori berreskuratu nahi dute eta zizelkatzearen, haragi kolorea ematearen, urreztatzearen eta estofatzearen ogibide zaharren sekretuak ikasi nahi dituzte. Quintin de Torrek mimo handiz eta trebetasun berezi batekin egiten du. Frantzian, Alemanian, Italian, Austrian, Belgikan, Ingalaterran eta Suitzan egindako bidaietan jaso dituen eraginez haratago, klasiko Espainiarren ukitua ere ikusten diot nik: errealismoa, adierazkortasuna eta modelatze indartsua (...). Quintin de Torreren busto guztiak ez dituzte behar bezala polikromatu. Busto batzuetan marmolari eman dioten koloreak ezabatu egiten ditu material eder horren ezaugarriak eta argizari itxura hartzen du". (Itzulpen moldatua gazteleratik).