Izen horrekin ezagutzen dira Bizkaiko "lurralde laueko" udalerriak. Herrialdeko gainerako lekuetan hiribilduen (adiera zaharrean) eta kolazioen izenez ezagutzen ziren. Beranduago, beste udalerri mota bat sortu zen, erret fundaziodun herri edo jaurerria; betiere, aurrez bizkaitar eta gipuzkoar guztien baimena izanda, esate baterako, batzartu ostean. Jatorriz, elizateak batzar irekiak ziren eta hiribilduak, haien irudikapenak. "Elizatea" izenak bere jatorria salatzen du.
Bizilagunek batzar horiek elizaren atarian egiten zituzten. Horrenbestez, euskal udalerria elizaren barnean inkubatu zen. Ohikoa zen lurralde mailan garrantzitsu ziren gaiak jorratzeko batzar horiek elizetan egitea. Getariako koruan idatzizko lehen foru gipuzkoarra erein zen. Eta erlijio-eremu horren barnean matxinadak ere itxuratu ziren. Elizako ataria da Euskal Herriko lehen udal-aretoa. Caro Barojak ohartarazi zuenez antzinago batzar ireki horiek eliztar eta haranetan zerraditzen ziren, baita ipar Euskal Herrian ere. Lapurdin udaletxeei parrokiak esaten zaie eta alkateei auz-apezak (lit. "auzoko apaizak"). Udal-entitate modura Goi Erdi Aroan kokatu behar dira, baina gizakien arteko bestelako bilkura zaharrago batzuen bilakaera gisa.
Hiribildu zaharrek ez dute zerikusirik, gerora, izen bera hartu duten haiekin. Ikus Villas. Batzarrean horretarako baimena jaso eta sortzen zirenean haran eta lurretan lekutzen ziren. Haran eta lur horiek kolazioen, elizateen eta hiribildu zaharren baitakoak ziren. Hiribildu berriak hazten zirenean eta apurka haien jurisdikzioa areagotzen zutenean, lehenengo entitate horiek hiribildu berrietara atxikitzen ziren (edo haren baitako izaten ziren). Hala, Tolosak 23 hartu zituen XIV. mendean eta Villafrancak (Ordizia) 8. Horrela, modu horretan atxikitzen ziren kolazio eta herriek (bakoitzari zegokion terminoa galdu gabe) babes gehiago zuten. XI eta XII. mendeetan herrialdea haran eta bailara txikitan banatzen zen. Haran eta bailara horiek hainbat "hiribilduz" osatzen ziren, hitzaren adiera zaharrean. 1194an Donostia (Celestino III.aren bulda) Oiartzungo haranaren barneko leku bat zen. 1025ean Nafarroako Antso Handiak San Salvador de Olazabal eman zuen dohaintzan eta bertan Aya eta Elcano ageri ziren. Caro Barojaren esanetan "hiribildu" zahar horiek "monastegi edo tenplu bat dute atxikita eta gehienetan haien inguruan lekutzen diren multzo handiagoak baino zaharragoak direla pentsa daiteke. Azken horiek XII. mendean agertu ziren indar handiz eta gerora sarritan izen bera hartu zuten".
Garai modernoetan jaurerriek jurisdikzio asko galdu zuten beste garai batean erantsitako herrixka zaharrei "hiribildu" izaera onartu zitzaienean. Halaber, kolazio eta elizateak hiribildu izenez ezagutzen hasi ziren, baina hitzaren adiera zaharra mantendu gabe. Ikus: Colación, Concejo.
Erreferentzia. Caro Baroja, Julio: Los Vascos, 105, 121, 287.