Arkitektoak

Bastida y Bilbao, Ricardo

Arkitekto bizkaitarra. Bilbon jaio zen 1879ko abuztuaren 15ean. Hiri horretan bertan hil zen 1953ko urriaren 15ean.

Bartzelonako Arkitekturako goi-eskolan egin zituen ikasketak, karrera 1902an amaitu zuelarik. Urte berean Severino Achucarrorren estudioan hasi zen lanean. Dena den, urtebete beranduago, Bilboko Udalean sartu zen laguntzaile modura. 1905ean bere lehen proiektuetako bat sinatu zuen, ordurako udal-arkitekto zelarik: Alhondiga berria. 1907an Udaletxeko Eraikuntza Zibiletako arkitekto-buru izendatu zuten. 1927. urtera arte izan zen kargu horretan, nahiz eta ondoren ere Udalarekin lotutako lanetan aritu zen udal-zerbitzuetako teknikari modura. Udalean izan zen bitartean Bilboko Zabalguneari zegokion proiektuan eta Bilbo handitzeko proiektuan parte hartu zuen.

Arkitektura eta Hirigintzako hainbat kongresuetan izan zen eta Europako hainbat herrialde bisitatu zituen. 1926an, Bilboko Udalak zubi mugikorren sistema modernoenak aztertzeko bereziki bidalita, Detroit, Chicago eta Iparramerikako beste hiri batzuk ezagutu zituen. Esperientzia hori baliagarri izan zitzaion Bilboko Udalaren parean eta Deustun dauden zubi mugikorrak proiektatu eta hartako lanak zuzentzeko.

Bizkaian hainbat eraiki egin zituen, besteak beste: San Mames garbitegia (1905), Olimpia Zinema (1907), Alhondiga Nagusia (1909), Atxuri ospitalearen eraberritzea (1910), Castaños kaleko garbitegia (1910), Iturribide eta Elejabarri kaleetako garbitegiak (1914), San Antonio de Urazurrutiaren Ama-eskola (1914), Indautxu, Erribera eta Iturribide kaleetako eskolak (1918), Torre Urizarreko Udal-etxebizitzak (1919-1922), Sukarrietako udalekua (1925), Institutu Nagusia (1927), Torre Madariagaren etxebizitza-multzoa Deustun (1940), German Aguirre eta Emiliano Amannekin batera, Deustuko zubia (1936), Haur Tuberkulosoen Santa Marina Sendategia (1940) Unceta erretorearen etxebizitza-multzoa Santutxun (1949), Santiago katedralaren eraberritzea (1952).

Bere lan gehienak Bilbon kokatzen badira ere, Madrileko Bilboko Bankuaren egoitza ere berak proiektatu zuen, 1922an inauguratu zena. Horrez gain, 1923an Banco Urquijo hartzen duen eraikina eraiki zuen hiri horretan. Halaber, Bartzelonako Bilboko Bankuaren eraikinean ere parte hartu zuen.

Bizitzan zehar hainbat kargu izan zituen: Bizkaiko Arte Ederretako errege-delegatua monarkian zehar, Arkitektoen Euskal Herriko eta Nafarroako Elkargo Ofizialeko Dekanoa (1945-1950), Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolako zuzendariordea, Bilboko Sarbideen Batzordeko Presidentea eta trenbide-loturen presidenteordea. Gasteiz eta Bilboko elizbarrutietako arkitekto izan zen aldi berean eta, kargu horretan, besteak beste, eliza hauek proiektatu eta zuzendu zituen: Errekaldeberri, Zorriza, Artzain Ona, San Jose eta Mariaren Bihotza. Hainbat erlijio-entitatetan aritu zen lanean eta Wuhu (Txina) eta Guadalajarako (Mexiko) Mesedeetako komentu eta ikastetxeak proiektatu zituen eta, baita Lebanza (Palentzia), Logroño eta Gaztelu-Elejabeitiako (Bizkaia) seminarioak ere. San Fernando Arte Ederretako Erret Akademiako urgazle.

1920ko uztailan Iruñean egin zen Eusko Ikaskuntzaren II. kongresuan Edificios escolares y sus anejos: campos de juego y experimentación, jardines y parques escolares, etc. Mobiliario y material de enseñanza izeneko hitzaldia aurkeztu zuen.

  • RODRÍGUEZ-ESCUDERO, Paloma; VELILLA, Jaime. "Ricardo Bastida: Proyecto de Construcción de Casas Baratas y Económicas". GRACIANI GARCÍA, A.; RABASA DÍAZ, E.; TABALES RODRÍGUEZ, M. A. (eds.). Actas del Tercer Congreso Nacional de Historia de la Construcción, Sevilla, 26-28 octubre 2000. Madril: Juan de Herrera Institutua, 2000. 927-935 or.
  • MAS SERRA, Elías. Ricardo Bastida. Un arquitecto para Bilbao. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa, 2001.