EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Gasteiz, 1955.
Idazlea eta musikaria dugu Xabier Montoia gasteiztarra. Euskal Telebistan egiten du lan. 80ko hamarkadan Hertzainak eta M-ak musika taldeetan ibili zen. Gaur egun, ordea, bakarka edo beste kantari batzuei laguntzen dihardu. Literaturari bagagozkio, Montoiak lan zabal bezain interesgarria bete du hamarkadotan poesiaren, ipuinaren, kronikaren eta eleberriaren arloan. Montoiaren ezaugarririk deigarriena isiltasuna da, agerpen publikoei uko egiten die, eta egileak isiltasunetik idazten du; horrela, ez du beste inolako bitartekaririk irakurlearekin, liburua ez besterik. Ezohiko idazlea zela argi gelditu zen bere lehenengo liburuetan. Bada, lehenengo liburuen artean 80ko hamarkadan argitaratu zituen olerki-bildumak ditugu: Anfetamiña (Susa, 1983), Likantropo (Susa, 1985) eta Narraztien mintzoa (Susa, 1988). Anfetamiña poesia-liburua, Susa sailari hasiera antologikoa eman ziona izateaz gainera, Montoiaren poetikaren nondik norakoaren aldarri ozena da oraindik ere, izan ere, giro berri baten hasiera ere bazekarren. Honela dio Anfetamiña liburuko lehen poemak:
"Batzuentzat
Jesukristo gurutzera
(lapurren artean)
igo zenean,
historia hasten da.
Beste batzuentzat, aldiz,
Lenin-ek -txapela kenduz-
"botere osoa sovieterako"
deiadar egin zuenean,
Finlandiako geltokian.
Neretzat,
David Bowiek ilea moztu zuen
egunean"
Era horretan, kristautasunetik eta komunismotik ihes eginda, muturreko indibidualismoaren aldeko jarrera garbia erakutsi zuen Montoiak. Oro har, Montoiak bere olerkietan mitologia pertsonala osatu nahi izan du, intelektualismoaren kontra eginez. Literatura artifizio hutsa da Montoiarentzat, eta musikak berebiziko eragina du egilearen olerkietan. Bada, olerkietan, gehienbat, denbora, maitasuna eta gorrotoa bezalako gaiak jorratzen dira, beti ere, begirada ezkorraren menpean.
Montoiak 80ko hamarkadan argitaratu zituen olerki-bildumetan antzekotasunak antzeman badaitezke ere, liburuz liburuko garapen nabarmena dagoela kontuan hartzekoa da. Anfetamiña liburuan nitasun poetikoa hirietako bazterretan aurkitu nahi izan zuen. Baztertuekin bat eginda, Montoiak errealismo zakarraren adibide bat ekarri zigun liburu horren eskutik. Intelektualismoaren kontrako jarrera, parodia, zinismoa, mediokritatearen salaketa, Rock & Rolla, droga, sexua eta zakartasunaren agerpena ziren bildumako olerkien ezaugarri behinenak. Likantropo bilduman, aldiz, Montoiaren poetikak kulturaren bazterrak aukeratu zituen. Nolabait, kulturatik naturara, likantropo, otso-gizon, bihurtzeraino egindako ihesaldiaren ideia dugu bertan, ezezagunaren bila egindako bidaia, alegia. Horretarako, Montoiak hasierako tonu poetikoa aldatu zuen. Diskurtsiboa izatetik irudiari eta irudimenari lotu zitzaion Likantropo lanean. Horrela, izadiaren elementuetara jo zuen, eta kanpoko eta barneko mundua elkarlotzen zituzten sentsazioak idazkera espresionistaz, maiz surrealistaz eta hermetiko samarraz eman zituen. Garapen are handiagoa ekarri zuen Narraztien mintzoa bildumak. Lehenik eta behin, esan dezakegu liburu hori aurreko bilduma bien sintesia dela, baina urrunago joateko asmoa galtzen ez duena. Lehenengo bildumaren elementu diskurtsiboak berriro jaso zituen egileak eta bigarrenaren hizkera surrealista leundu zuen. Liburu horretako olerkiak garapen handiagokoak dira, luzeagoak eta arnas handiagokoak. Montoiak forma diskurtsiboak, lirikoak eta aforismoak baliatu zituen narrastien esanahi-gakoen inguruan ezartzen diren denborari buruzkoak jorratzeko. Hamarkada eta erdi narratibari emanik bizi eta gero, Bingo (poemak 1981-2000) (Pamiela, 2005) ibilduman olerki zaharrak berrargitaratzearekin batera denbora tarte luzean idatzitako olerki berriak eman zituen Montoiak. Olerki sarkastikoak eta mingotsak direla esateaz gainera, nabarmentzekoa da bilduma horrek zekarren Udazkena Berlinen sorta, non Montoia helduagoa antzematen zen.
Beraz, Montoiak ez zion inoiz utzi olerkiak idazteari, 90eko hamarkadarekin batera narratibaren bideari buru belarri ekin zionean. Izan ere, narratiba (bai ipuinak, bai eleberriak) dugu gaur egun Montoiaren arlorik oparoena, eta, aldi berean, ezagunena. Azken bi hamarkadotan Montoiak Non dago Stalin? (Susa, 1991), Hezur gabeko hilak (Susa, 1999), Denboraren izerdia (Elkar, 2003), Blackout (Susa, 2004), Elektrika (Susa, 2004) eta Golgota (Elkar, 2008) eleberriak kaleratu ditu, hala nola, Emakume biboteduna (Susa, 1992), Gasteizko Hondartzak (Susa, 1997), Baina bihotzak dio (Elkar, 2002), Euskal hiria sutan (Elkar, 2006) eta Fucking artists (Elkar, 2010) ipuin-liburuak. Bada, Montoiak narratibari erasan zion, errealismoaren ikuspegi jakin bat eman nahian. Sarritan, egilearen lanetan oinarri historikoa nabarmena da, baina ez dira historiari buruzkoak Montoiak idazten dituen narrazioak, gehien-gehienetan, Montoiaren narrazioen gaiak egoera zailetan dauden pertsonak eta pertsonen arteko harremanak izaten baitira. Horrela, Non dago Stalin? eleberrian, Montoiak 80ko hamarkadan koka zitekeen errelato beltza ekarri zigun, garaiko osagai politiko eta musikalekin, "Euskal Rock erradikala" delakoaren kontrako kritika gisa ere uler daitekeena. Ostean etorri zen "Hilen bizimodua" trilogiako lehenengo izenburua: Hezur gabeko hilak eleberria. Horrekin eta Blackout eta Elektrika eleberriekin, Jean Etxegoien protagonista nagusiaren inguruan, gerrako giroa, berorrek eragindako sufrimendua, jendearen saldukeria, gorrotoa eta krudeltasuna jorratu zituen Montoiak besteak beste. Lehenengo mundu gerran hasten da trilogia, Bigarren mundu gerrarekin jarraitzen du, eta Aljeriako gerran amaitzen da. Tartean, Montoiak Denboraren izerdia izeneko eleberria argitaratu zuen. Bertan, arrazoi politikoak tarteko, Madrilera alde egin behar duten eta bertan ospea lortzen duten artisten ingurukoak kontatzen zaizkigu. Dena dela, hori ere, ez da politikaren ikuspegi jakin bati buruzko eleberria, har daiteke, ordea, arte-sistemaren kontrako kritika gisa, baina batez ere; hala ere, denbora dugu gai nagusia, denboraren igaroak dakartzan sentsazioen ingurukoa da liburua, alegia. Golgota da oraingoz egilearen azken eleberria. Eleberri horrek Gerra Zibilak ekarritako triskantzan eta bortxakerian du abiapuntua.
Edozelan ere, esan beharko genuke lanik borobilenak ipuingintzan eman dituela montoiak. Dudarik gabe, Gasteizko hondartzak eta Euskal Hiria sutan bildumak, egilearen lanik onenentzat har ditzakegunak, nabarmendu beharrekoak dira. Bertan dugu Montoiaren prosarik zuzenena eta zehatzena, begiradarik zorrotzena, sarkastikoena, Montoiaren estiloaren alderik bereizgarriena inondik ere. Egilearen lehenengo ipuin-bilduma Emakume biboteduna izan zen. Harako hartan, gizon eta emakumeen arteko harremanez ziharduen, desamodioaz, sexu-grinaz eta bakardade behartuez. Montoiak urrats bat gehiago egin zuen hurrengo lanean, Gasteizko hondartzak bilduman: 1998ko Euskadi Sariaren zabalpen saria jaso zuen. Aurreko bilduman errealismo zakarragora hurbildu bazen, Gasteizko hondartzak lanarekin errealismo objektiboagoa lantzen hasi zen. Montoiak batasun handiko bilduma eskaini zuen. Denboraren zikloa, Gasteizen historia-tarte jakin batean bizi diren pertsonaien ingurua eta bizipenen haria dira liburu borobil horren nondik norako nagusiak. Baina bihotzak dio bilduman, berriz, hango eta hemengo erbesteen gaineko ikuspegia eman zuen Montoiak, ideia garbi baten inguruan eman ere, benetako erbestea nork bere herrian bertan duela, alegia. Euskadi Saria, azkenean, Euskal Herria sutan bildumaren eskutik etorri zitzaion egileari, 2007an. Bilduma hori saio anbiziotsutzat hartu izan da, izan ere, gaur egungo Euskal Herriaren irudi osoaren gaineko ikuskera ekarri zuen. Horretako, geografia anitza, egoera eta ikuspuntu desberdinak, polifonia eta kontamolde ugari... baliatu zituen. Liburuaren ardatza pertsonen zauri mingarrietan datza, pertsonek gainditzerik ez duten hutsuneetan eta pertsonen tragedietan. Euskal Hiria sutan Atxagaren Obabakoak lanaren kontrajarpen ironikoa da, fresko handi bat, konplexua, eta, aldi berean, erakargarria. Oraingoz egilearen azken ipuin-bilduma Fucking Artits (2011) da. Aurreko bildumek baino batasun gutxiago duen horretan traizioa, saldukeria, jendearen gainbehera eta infernurako jaitsiera moduko gaiak lantzen dira. Montoiak idazle moralaren papera hartzen du bertan, eta, pertsonaien eta istorioen bidez, gizon-emakumeen balio moralen eta haien galeraren ingurukoen hausnarketa egiten digu.
Kronika ere jorratu du Montoiak, eta horren adibide dugu Plastikozko loreak erregearentzat (Susa, 1998). Izatez, bidaia-liburua da, Estatu Batuetara egindako bidaia-kronika. Honetan, Montoiak Nashville eta Menphis eta bestelako hiriak bisitatzen ditu, eta helburu argia du: Elvis kantariaren ingurukoen jakin-mina asetzea. Liburu guztiz borobila ez bada ere, oso agerian uzten du Montoiak Estatu Batuetako literaturatik jasotako eragina.