EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Euskararen alde izugarrizko lana egin zuen Jose Manterolak euskal kulturgintzako egile eta eragile sutsuak. Donostian 1849an jaio zen eta bertan hil zen 1884. urtean.
Lehen ikasketak Donostian egin zituen eta batxilergokoak Bergarako Seminarioan. Geroago, Valladoliden, Zaragozan eta Madrilen urteak eman zituen, Filosofia eta Letrak karrera amaitu artean. Madrilen, ikasketak bukatu baino lehen, El Resumen aldizkarian hasi zen idazten; horretaz gain, foruzaleen La Paz eta liberalen Aurrera aldizkarietan ere parte hartu zuen (San Martin 1984: 443). Salaberrik baieztatzen duen bezala, Hego Euskal Herriko egoera sozio-politikoa nahastua zegoela, kultur guneek eta aldizkariek euskaltzaleak bil zitezela ahalbidetu zuten.
"Alabaina, borborrean zegoen giro hartan erraz aurreikus zitekeen bezala, ez elkarteak eta ez aldizkariak ez ziren mugatu elkarteen eta idazlanen agerleku huts izatera, baliabide ezin hobeak baitziren ideologi hedapenerako ere."
Cancionero Vasco (1877-1880) bilduma; euskalki guztietan idatzitako euskal olerkiak onenak bildu zituen bertan.
Lan hori amaitu ondoren, San Martinen ustetan, Manterolak egindako ekintza guztietan emankorrena etorri zen: Euskal-Erria aldizkaria (1880-1918). Garaiko euskaltzale eta idazleen bozeramaile legez egiten zuen agerkari horretan gai askotariko artikuluak idazten zituen euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. "Aldizkariaren orrialdeetan orotarik bildu zuen: arkeologia eta historia ikerketetatik, ohitura eta etnografia zein ahozko literatura bilketetatik sorketazko literaturgintzara arte." (San Martin 1984: 445). Manterolak artikulu asko idatzi zituen aldizkarian, hala nola, "Apuntes necrológicos", "Autógrafo y noticias", "Curiosidades bascongadas" eta "Efemérides basco-navarras"; aipatzekoak dira donostiarrak egindako itzulpenak, haien artean Teocrito eta Anacreonte greziar klasikoenak. Poemak ere idatzi zituen: "Itanasia", "Amalauduna", "Aita Mendiburu", "Somaketa" eta "Post tenebras spero lucem" poema luzea.
Ezin dugu ahaztu 1877an osatu eta 1911n Euskalerriaren Alde aldizkarian argitaratu zen Refranes y proverbios bilduma. (San Martin 1984: 446-448). 1879an d' Abbadiek Ipar Euskal Herrian sortutako Euskal Jaien ildoari jarraituz, Manterolak ekimen kultural handia gauzatu zuen: Donostiako Lore Jokoak (Consistorio de los Juegos Florales eúskaros); hiru arlo jorratu ziren han: literatura, musika eta pintura. Oso gazte hil zen Manterola, 35 urte bete gabe zituela; hala ere, ukaezina da euskal kulturan utzitako legatua ordezkaezina dela.
- BARRIOLA IRIGOYEN, Ignacio Maria. "Jose Manterola". RIEV. 31,3, 1986. 655-660 or.
- SALABERRI MUÑOA, Patxi. Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia, 2002.
- SAN MARTIN, Juan. "Jose Manterola, egile eta eragile". Euskera. 29, 1984. 443-448 or.
- VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Ed. Franciscana Aranzazu, 1979.