Literatoak

Cano Jauregi, Harkaitz

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Lasarte-Oria, 1975.

Harkaitz Cano Lasarte-Orian jaio zen 1975ean, Donostia du bizileku. Zuzenbidean lizentziatu zen arren, inoiz ez du jardun lanbide horretan, eta literatura bainoago idazketa izan du bizibide; idazketa forma ia guztietan, izan ere zutabeak, gidoiak, kronikak eta beste hamaika alor landu baititu. Literatur generoei dagokienez, Canok bere burua nagusiki ipuingiletzat badu ere, ia genero guztietan aritu izan da: poesian, eleberrian, ipuingintzan, saiakeran, antzerkian, komikian... bai eta zenbait generoren bidegurutzeetan ere.

Umetatik erakutsi zuen literaturarekiko zaletasuna eta jaidura Canok. Eusko Jaurlaritzak gaztetxoentzat antolatutako Urruzuno Literatur Sarietan zegozkion kategoria eta urte ia guztietan izan zen saritua. Sariketa horretako irabazle hainbatekin osatu zuen gerora Lubaki Banda, hemezortzi urteren bueltan. Xabier Aldai, Gari Berasaluze, Asier Serrano eta beste hainbat idazlerekin batera egin zituen emanaldiak Canok. Gainera, ordutik aurrera Susa aldizkaria ere haien ardurapean kaleratu zen. Poesia eta belaunaldi gaztea euskal literaturaren erdigunera ekarri zuen Lubaki Bandak, Harkaitz Cano zelarik bertako figura adierazgarriena.

Bakarka, Kea behelainopean bezala poema-liburuarekin estreinatu zen Cano, 1994an, Susa argitaletxean. Bernardo Atxaga edo Koldo Izagirre, abangoardiak eta surrealismoa (bereziki Etiopia) erreferentetzat zituzten poeta gazteen lanaren erakusgarri da lasartearraren lehenengo lan hori. Hiri bat itxuratzen du bertan Canok, beti ere subjektibitatetik: nitasunaren neurrira eraikitzen du hiria liburuko poemetan. Tonu etsitua da nagusi poema-liburu honetan, heriotzak menperatutako hiria baita irudikatzen dena, maitasun promesa faltsuek arintzen ez duten larridura dariona. Sinbolo eta metafora errepikatuak baliatzen ditu Canok liburuan (gereziak, zubiak, basamortuak...), eta, hala, mundu unitarioa sortzen du, poemaren unitatetik harago doana.

2001ean plazaratu zuen bigarren poema-liburua; New Yorken egindako urtebeteko egonaldiaren emaitza da Norbait dabil sute-eskaileran (Susa). Lehenengoaren aldean, bigarren poema-sortan agerikoa da Canok poesia desakralizatzeko duen asmoa: distantzia ironikoa dago ni poetikoaren eta testuaren artean, hizkera kolokialera jotzen du maiz, bai eta gai ez jasoegiak, egunerokoak, lantzera ere... Poema oso narratiboak dira bigarren liburuko poemetako asko, arnas luzekoak sarri, artearen eta bizitzaren arteko harremanaz gogoeta egitera jotzen dutenak, erreferentzia literario eta kultural askotarikoen bidez (Basquiat, Maiakovski, Boris Vian, Sylvia Plath...).

Lehenengo poema-liburua kaleratu ostean, bi liburuxka hibrido plazaratu zituen Canok: Pauloven txakurrak, poesia nahiz narrazio lanak biltzen zituena (Erein, 1994); eta Radiobiografiak (Elkar, 1995), irratirako prestatutako biografia alegiazkoen bilduma.

Canoren hurrengo lan garrantzitsua Beluna jazz (Susa, 1996) eleberria izan zen, gaur artean kaleratu dituen hiru nobeletan lehena. Bi kontakizun paralelok osatzen dute jazzaren erritmoan idatzitako liburua: Bob Ieregi euskal jatorriko tronpeta-jole estatubatuarrak eta pertsonaia horren gainbeherak batetik; eta Alaska ospitale psikiatrikoan bizi diren pertsonaia eszentrikoek, bestetik. Surrealismora hurbiltzen den giro onirikoa birsortzen du Canok nobelan, eromenaren, jenialtasunaren, frakasoaren inguruan hausnartzeko. Fragmentazioa da eleberriaren ezaugarri aipagarrienetakoa, baita zinemak zein jazz musikak horretan duten eragina ere: Canoren arabera, jazz kantu batean bezala, aldiro errepikatzen da tema nagusia eleberrian eta aldiro xehetasun berriak gehitzen dira.

1999an plazaratutako Pasaia blues eleberrian, aldiz, bluesaren erritmoarekin parekatu nahi izan zuen Canok idazketaren kadentzia. Idazlearen obsesioek, irudi surrealistek eta errealitatea estetizatzeko asmoak hor badiraute ere, gaiaren aldetik errealitate soziopolitikora hurbiltzeko saioa egin zuen lasartearrak nobela horretan, talde armatu baten eta poliziaren arteko harremanak baitira kontagai, hilketa bat abiapuntu hartuta. Beluna jazzen egin bezala, honetan ere eleberri beltzaren topikoak baliatzen ditu egileak, baina emaitza ez da kabitzen genero horretan, hilketa argitzea ez baita eleberriaren xedea. Pasaian kokatu zuen eleberria Canok, kontakizunak eskatzen zuen iluntasun eta dekadentzia eman ziolarik irudikatutako espazioari: txakur borrokak, garabi industrialak, txatartegiak...

Belarraren ahoa (2004) hirugarren nobelarekin idazle-ibilbideko sari garrantzitsuena lortu zuen Harkaitz Canok: Euskadi Saria. Ipuin luzetzat zein nobela laburtzat har daitekeen kontakizun horrek ukronia bat dakarkigu: Hitlerrek Bigarren Mundu Gerra irabazi du; New Yorkera doa, Ameriketako Estatu Batuak ere bere egitera. Badu, baina, nobelak bigarren plano bat ere: 1886an, Askatasunaren Estatua Frantziatik Ameriketara zeraman barkuan doan Olivier Legrand polizoiarena. Hitlerrengandik ihes egin duen Chaplinen ("gizon txikia" eta "komediantea" bezala aipatzen da nobelan) eta Legranden bizitzek talka egiten dute halako batean, eta, orduan, bi kontakizunak bakarrera etortzen dira. The great dictator filmarekin zordun den eleberriak zentzu alegorikoa ere badu, izan ere, hitzek eta arteak izugarrikerien aurrean duten ahalmenaz eta hitzen "botere baltsamikoaz" egiten baitu hausnarketa Canok kontakizunaren bidez.

Poesiaz eta nobelaz gain, baina, aipatzekoak dira Canoren bi ipuin-liburu nagusiak: Telefono kaiolatua (Alberdania, 1997) eta Neguko zirkua (Susa, 2005). Lehenengoak narrazioez gain poema solteak ere badakartza, eta Canok Beluna jazzen bertan, zein aurretik plazaratutako kontakizunetan, erakutsitako gaia, estiloak eta obsesioak dakartza: bakardadea, frakasoa, marjinaltasuna, jenialtasuna, irudi surrealistak... Bizitzaren ertzean kokatutako pertsonaiak hartzen ditu protagonistatzat, estutasunean daudenak hain zuzen ere. Zenbait ipuinen oinarria jolasak ezartzen du, besteetan zenbaitetan, ordea, hilketa baten argiketak, aurkitutako eskuizkribuaren teknikak beste batzuetan... Ipuin-liburu anitza da, funtsean Telefono kaiolatua, baina Canoren mundua ikusteko modu bereziak ematen die batasuna ipuinei, izan ere surrealismotik hurbilekoak dira denak ere, errealitatearen estetizaziora jotzen dutenak.

Urtebete geroago kaleratu zuen Bizkarrean tatuaturiko mapak (Elkar, 1998) Harkaitz Canok; Radiobiografiak izenpean irratirako idatzitako ipuinen bilduma da, kasu honetan munduko hiri banaren gainean idatzitakoak. Gerora kaleratu zen, azkenik, bere ipuingintzaren gailurtzat har daitekeen Neguko zirkua (Susa, 2005). Estilo aldetik oso tradizio ezberdinetan koka daitezkeen ipuinak jasotzen ditu: badira metafikziora jotzen dutenak, errelismo zikinetik hurbil kokatzen direnak, baita saiakera-itxura dutenak edo lirikotasunera hurbiltzen direnak ere. Canok inoiz ipuinetako pertsonaia bihurtzen ditu idazle ezagunak (Jon Mirande, Raymond Carver edo Julio Cortazar), gertaera sozio-politikoak dira bestetsuetan abiapuntu (Madrilgo M11-ko atentatuak, Itoizko urtegia) eta badira objektuei esangura berriak ematean oinarritutako testuak ere (aulkiak, eskularruak, jaka...). Neguko zirkuan aurreratutako joera batzuk berretsirik, 2007an Hipotesiak gordinkeriaz narrazioa kaleratu zuen Argia astekariarekin, ETAren 2006ko Barajaseko atentatura metafikzioaren parametroetatik hurbiltzen den testua.

Nobela, poesia eta ipuinek osatzen dute Canoren literaturaren muina, baina bestelako generorik ere landu du. 2000an, esaterako, Piano gainean gosaltzen (Erein, 2000) kronika-liburua plazaratu zuen, New York-en egindako urtebeteko egonaldiaren berri jasotzen duen liburua, Euskaldunon Egunkariarako egindako kroniketatik abiatuta. Egunerokoaren trazarik ez du liburuak, dena den, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan dabil sarri, eta bizipen pertsonalen ingurukoak jasotzeaz harago, giro kulturalaren berri edo literaturaren zein artearen inguruko hausnarketak jasotzen ditu Canok.

2008an argitaratutako bi liburuen bidez ordura artean landu gabeko genero bitan abiatu zen Cano: saiakeran eta komikian. Zinea eta literatura. Begiaren ajean (Elkar, 2008) saioan arte mintzaira bien arteko harremanez egin zuen gogoeta Canok, gaur egun bestelako ikus-entzunezkoek (publizitateak, bideoklipak...) duten lekua ere mintzagai hartuta. Bestalde, Piztia otzanak (Ikastolen Elkartea, 2008) Iñaki G. Holgadoren irudiek jantzitako komikiaren gidoia idatzi zuen Canok, gaztetxoentzako Xabiroi komiki-aldizkarian aurrez argitaratua. Gela itxi batean, disekatutako animaliez inguratuta esnatu den pertsonaia da protagonista, apurka bere iragana argitu beharko du protagonistak, bai eta horraino nola heldu den ere. Misterioaz baliatuz fikzioaren maila desberdinekin jolas egiten du Canok lan horretan.

Ez zuen berria, dena den, gaztetxoentzako idazketa Canok, ordurako plazaratuak baitzituen haur literaturaren esparruko hainbat lan: Itsasoa etxe barruan (Baigorri, 2001), Sorgin moderno bat (Baigorri, 2002), Omar dendaria (Elkar, 2003), Aitona eta euria (Baigorri, 2005) eta Lesterren logika (Elkar, 2006).

Honako bilduma kolektibo hauetan ere argitaratu dira, bestalde, Canoren ipuinak: Ipuin berdeak (Eguzki-zaleak, 1997), Izu zinezkoak (Alberdania, 1998), Bakarrizketan (Alberdania, 2001), Egizu lo. Lotarako ipuinak (Elkar, 2005)eta Adiskide maitea (Txalaparta, 2005).

Hitzaren bidez bestelako adierazpideak bilatu nahian, literaturaren eta beste arteen arteko bidegurutzean dauden lanetan ere jardun du Canok, beste artista batzurekin elkarlanean: Igor Calzada musikariarekin Uztail oparo ostean diskoa osatu zuen, eta ehun bat errezitaldi musikatu eskaini; Bestiarium gastronomicae proeiktu diziplina-anitzean hartu zuen parte 2008an, gastronomia, artea, literatura eta argazkigintza uztartu zituen liburuan zein erakusketan, alegia; 2011n Helduentzako ipuinak erakusketa eta liburuan esku hartu zuen Dora Salazar eskultorearekin eta Joserra Senperena musikariarekin batera.

Gidoigintzari dagokionez, Koldo Almandozen Adar bakar film laburraren gidoia idatzi zuen (1999); telebistarako ere lan egin izan du, Hasiberriak eta Goenkale telesailetako gidoietan, besteak beste.

Canoren hainbat liburu itzuli dira gaztelaniara: Beluna jazz (Jazz y Alaska en la misma frase, Seix Barral, 2004), Zinema eta literatura (Ojo y medio, Mettok, 2010), Telefono kaiolatua (Enseres de ortopedia inútil, Hiru, 2002), Dardaren interpretazioa poema-antologia (Interpretación de los temblores, Atenea, 2004), Belarraren ahoa (El filo de la hierba, Alberdania, 2006) ( El puente desafinado, Erein), Norbait dabil sute-eskaileran (Alguien anda en la escalera de incendios, El Gaviero, 2008).

Canok euskaratuak dira, besteak beste, Paul Auster-en Kristalezko hiria nobela grafikoa (Txalaparta, 2006) eta Hanif Kureishiren Intimitatea (Txalaparta, 2008).

2014 urtean Euskadi Literatura Saria irabazten du, haur eta gazte literatura arloan Orkestra lurtarra lanagatik.