1487an Getarian (Gipuzkoa) jaio eta 1526an Ozeano Barean hildako nabigatzaile ospetsua; lehenengoa izan zen munduari bira ematen.
Umetatik ohituta zegoen itsasoko bizimodura itsasertzeko arrantzan nahiz alturako arrantzan. Beranduago itsasoko esperientzia hori kontrabandozko itsas-merkataritzarekin sendotu zuen Frantziako portuetan. Bere izaera ekintzaile eta abenturazaleari esker, 1509an Cisneros kardinalak Aljerrerako antolatu zuen espedizioan parte hartu zuen. Halaber, Gonzalo Fernandez de Cordoba kapitain handiak Italian zuzendu zituen kanpainetan parte hartu zuen. Kanpaina haietan lurraldeko beste gizon batzuek ere parte hartze garrantzitsua izan zuten, Olivetoko kondeak, Pedro Navarrok esaterako. Itzuli zenean, atzerritar batzuei itsasontzi armatu bat emateagatik Justiziarekin hainbat tira-bira izan ostean, Sevillara abiatu zen. Han, Ekialdeko India edo Ekialde Urruna zena Espainiarekin zuzenean lotzeko zereginean Magallanesekin itsasoratuko zen esfikaiako kide izatea lortu zuen. Bost itsasontzik eta berrehun eta hirurogeita bost gizonek osatzen zuten ontziteria eta, hasiera batean Elcanori Concepcion itsasontziko maisu izatea egokitu zitzaion.
Espedizioa 1519ko irailaren 20an abiatu zen Sanlucar de Barramedatik eta Kanarietan geldialdia egin ostean, Brasileko kostaldera abiatu zen. Kostaldea ertzetik igaro zuten hegoalderako norabidean, San Julian izendatu zuen ibai-ahora iritsi ziren arte (1520ko martxoa). Han berriro gelditu ziren negua pasatzeko. Hemen Magallanesek Juan de Cartagenari aurre egin behar izan zion, izan ere, beste kapitain eta eskifaia-kide ugarirekin batera uko egin zion aurrera jarraitzeari eta matxinada hasi zuen. Matxinatuek San Antonio itsasontziaren aginte militarra Elcanoren eskuetan utzi zuten. Liskarrak indarkeriaz baretu ostean, Elcanok aurreko ardura hartu ahal izan zuen Concepcion itsasontzian. Itsasontzi hartako buruzagi zela hainbeste irrikaz zeharkatu nahi zen itsasarte desiratua igaro zuen Elcanok (ondoren Magallanesek zeharkatu zuela esan izan da) urte horretako azaroan, eta Ozeano Bareko ur handietan barneratu zen. Hamaika gorabehera igaro ostean eta hainbat irla ukitu ondoren, 1521eko udaberrian Filipinetako artxipelagora heldu ziren. Han, 1521ko apirilaren 27an espedizioko buruzagi bikainak heriotza odoltsua topatu zuen Mactango irlan, Cebutik hurbil.
Magallanes desagerturik zegoen eta haren koinatuak, Duarte Barbosak eta Juan Serrao pilotuak (portugaldarrak biak) hartu zuten agintea. Baina egun gutxiren buruan, Cebu irlako erregeak erail egin zituen azpikeriaz, oturuntza batera gonbidatu ostean. Haien ordez Juan Carvalho portugaldarra eta Gonzalo Gomez de Espinosa jarri ziren agintean, Victoria itsasontzian eta Trinidad itsasontzian hurrenez hurren, izan ere, Concepcion itsasontzia erabilezina zegoen dagoeneko eta Bohol irlan abandonatu egin zuten. Elcano orduan Victoria itsasontzira pasa zen Concepcion itsasontzian zuen kargu berarekin. Espedizioa bi itsasontzik eta 150 eskifaia-kidek osatzen zuten eta Filipinetako artxipelagoan zeuden hainbat irla ezagutzen hasi ziren, pilotu indigenen eskutik Espeziatako irla edo Molucas delako irla amestura iritsi ziren arte. 1521eko azaroaren 8an iritsi ziren Tidore irlara. Han, bertako sultanaren, Almanzorren laguntzarekin merkataritza-gune bat eratu zuten, iltzea (espezia), intxaur muskatua eta beste produktu preziatu batzuk salerosiz. Itsaso haietan portugaldarrak zebiltzala jakin zutenean, espedizioko buruzagiek zera erabaki zuten: Gomez de Espinosa buru zela Trinidad itsasontzia Panamako istmora bideratzen zen bitartean, Victoria itsasontziak Espainia birjabetzeko ahalegina egin zezala, horretarako, lusitaniarrak hartu zuten ibilbide berari jarraituz. 1521eko abenduaren 21ean atera zen Molucasetik 47 europear eta 13 indigenaz osatutako esfikaia, eta, denbora gutxira, Victoria itsasontzia irlako ur nahasietatik irten ahal izan zen pilotu indigenen abileziari esker. Bitartean, Elcanok espedizioko buruzagitza hartu zuen, Caldera de Mindanao portuan Carvalho ordezkatu ondoren. Timor irlara bidean, hainbat irlatan gelditu ziren piperbeltza, egurra eta bestelako merkantziak eskuratzeko. 1522ko urtarrilaren 26an iritsi ziren sandalo zuri ugari izateagatik ezaguna zen Timor irlara eta Elcano indigenekin harremanetan jarri zen berehala elikagaiak lortzeko xedez.
Baina indigenen gehiegizko eskaerak eraginda bestelako metodo batzuk erabili behar izan zituen. Hala, buruzagietako bat gatibu hartu eta haren askatasunaren trukean elikagaiak eskatu zituen. Victoria itsasontzia hilabete eta erdi inguru egon zen Batutaria portuan, Timor irlako itsasertzean. Denbora horretan Sonda artxipelagoko alboko irlen, Javaren, Malacako penintsularen eta Txinaren berri ere jakin zuten. 1522ko otsailaren 11n utzi zituzten paraje haiek. Urte horretako maiatzaren 6an, Buena Esperanza lurmuturra ukitu zuten eta, geroago, itsasoan hainbat gorabehera pasa ostean eta hainbat gizonekin liskarrak izan ostean (portugaldarrak), 1522ko irailaren 6an, Sanlucar de Barramedako portura iritsi ziren, itsasontzi hondatuaren barnean. Sevillatik bost itsasontzietan atera ziren 239 gizonetatik 17 baino ez ziren iritsi, itsasontzi bakarrean; baina itsasontzi goresgarri horrek munduaren aurkikundearen ikuspegitik garrantzi zientifiko gorena izan zuen, izan ere, Mendebaldetik barna Europa Ekialdeko Asiarekin lotzeko amets kolondarra egia bilakatu zuen. Modu horretan, lurraren esferikotasunaren teoria enpirikoki frogatu zen (iritsi zirenean, Elcanok eta marinelek harriduraz ikusi zuten egun bateko nahasmena baino ez zutela izan halako epe luzean zenbatu beharreko egun guzti horien artean). Dena den, Magallanes eta Elcanoren zirkumnabigazioaren balantzea ia hutsala izan zen ikuspuntu ekonomiko eta politikotik. Hala, frogatuta geratu zen zeta, marfil eta espeziaz betetako lurretarako bide aproposa ez zela mendebaldetik barnakoa, izan ere, ezinezkoa zen handik barna Buena Esperanzako lurmuturreko nabigazio indu-portugaldarraren etekina ateratzea. Iritsi eta bi egunera Elcano eta Victoriako eskifaia-kideak Sevillara abiatu ziren. Han, Antiguako Andre Mariaren aurrean belaunikatu ziren onik iritsi zirelako eskerrak ematera. Ondoren, Juan Sebastian Elcanok Carlos V enperadorearen bisita jaso zuen. Hark, Sevillara irits izen itsasontziko esfikaiari emandako gauzen artean, getariarrari 500 dukateko pentsioa aitortu zion, honako legenda inprimaturik zuen armarriarekin batera: "primus circumdedisti me".
Beranduago Elcano Valladolidera joan zen, han, Maria de Vidaurretarekin maitasun harremana hasi eta alaba bat izan zuten. Jazarpen gogorra pairatu zuen Elcanok oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla medio, nahiz eta maitasun kontuak tarteko zirela uste den; edozein modutan ere, Carlos Vak bi gizon armatu jarri zizkion, uneoro alboan izan zitzan. Ondoren, Molucaseko jabetza zela-eta Gaztela eta Portugalen artean sortu zen auziari amaiera emateko helburuz deitu ziren Badajoz eta Yelbeseko batzarretan izan zen Elcano. Baina Elcanok ezin zuen denbora asko igaro itsasotik urrun. Hori dela eta, Portugaletera etorri eta Loaysaren agindupean 1525eko uztailaren 24an Molucasera abiatuko zen armadan izena eman zuen. Espedizio horretan Getariako itsasgizonak bigarren buruzagi kargua zuen. Baina espedizio horrek ere hainbat gorabehera izan zituen bidean eta Elcanoren itsasontzia galdu egin zen. 1526ko uztailaren 30ean Loaysa buruzagia hil egin zen, ondorioz, Elcano zen espedizioaren jaun eta jabe. Hala ere, gutxi iraun zuen bere buruzagitzak, izan ere, 1526ko abuztuaren 4an hil zen Ozeano Bareko uretan. Hil aurretik, ordea, testamentua taxutu zuen eta bertan bere jaioterria emozioz oroitzen zuela irakur daiteke.