Dantza

Tolosako Bordon-dantza

Tolosak eta Beotibarren 1321ean gertatu zen borrokak bat egiten dute aipagai dugun dantza tradizional honetan, hots, "Bordon edo Pordon dantza" izenekoan. "Alagai dantza", "Galayen dantza" edo "Sardai dantza" izenez ere ezagutzen da aipatu dantza.

Itxura batean, Gipuzkoako Beterriko beste herri batzuetara ere hedatu zen (Hernani, Urnieta, Alegia, etab.). Egun bizi duen egoerari buruz, denboraren joanak eragindako koreografiaren eta egituraren pixkanakako estratifikazio baten ondorio dela esan dezakegu.

Egun, "Bordon dantza" Tolosako herriarekin lotzen da eta, zehatzago esatera, San Joan jaiegunarekin (ekainak 24). Jaiegun hori urtero ospatzen da aipatu herri horretan, jai-giro itzela lagun. Historikoki, jaiegun horrekin lotzeaz gain, ospetsuek herrira egindako bisitaldietan edota bestelako jazoeratan ere erabili ohi zen.



Aipatu dugu gipuzkoarrek nafarren aurka lehiatutako borroka, Gipuzkoa eta Nafarroako probintzien mugan jazo zen, lurralde kontuak zirela medio. Bi aldeen arteko borroka hori Beotibarreko borroka izenez ezagutzen da. Gatazka armatu hori 1321eko irailaren 19an jazo zen. Aurreko egunetan (irailak 13), orduan Nafarroako gobernadore zen Ponce de Morentain jaunak zigor-erasoaldia egin zuen Gipuzkoan barrena, gipuzkoar eta gaztelarrek Gorritiko gaztelua hartzearen mendekuan. Orduko hartan, gobernadoreak bihozgabe jokatu zuen eta Berastegi herria eta Tolosa inguruko basoak erre zituen. Gauzak horrela, bi aldeak berriro ere norgehiagoka hasi ziren Berastegi errekaren ingurumarian eta Beotibarreko zelaian. Han, Gil Lopez de Oñezen aginduetara gipuzkoarrek nafarrak gainditu zituzten eta bigarrenek Nafarroara egin zuten ihes. Hori dela eta, kondaira herrikoiaren arabera, gipuzkoarrak "Pordon dantza" dantzatuz eta bertso hauek kantatuz itzuli ziren:

Milla urte igarota;
ura bere bidean
gipuzkoarrak sartu dira,
Gazteluko etxean
nafarrakin batu dira,
Beotibarren pelean.

Gaur egun, 16 mutiko dira "bordon dantzariak" eta alabarda edo pordoi1 bidez elkarlotzen dira, buruzagi baten aginduetara. Horien aurre eta atzean 8 bandera eroale kokatzen dira, espontoiz2 armatuta. Hots, honela antolatzen da dantza-segizioa: 4 aurreko bandera eroaleak, lau alabarden puntak eusten dituen buruzagia, 16 "bordon dantzariak" lau lerrotan antolatuta eta haien alabardekin elkarlotuta eta atzean, beste lau bandera eroale. Beti txistularien soinuari jarraituz. Modu horretan, San Joaneko jaiegun berezian, agertoki ezberdinak zeharkatzen dituzte errituzko ekintzak eginez.

Herritarrez osatutako segizioa (zenbaitetan, erlijiozko kutsua ere baduena) ezberdina izaten da egunaren eta errituzko unearen arabera. Hala, dantzarien inguruan joan daiteke zein ez. Horrela, ekainaren 23ko arratsaldez, txistulariak eta turuta-jotzaileak segizioaren aurrean joan ohi dira. Haien atzean udalbatza joan ohi da bi lerrotan (mutilak kapa beltz zabal batekin, makila batekin eta medailoiz hornituta atera ohi dira), horien buruan zinegotzia kokatzen da (eskuetan lorezko apaingarria duena) eta haren atzetik bi mazolari eta bi aguazil. San Joan eguneko goizeko jaialdian dantzariak eta eskopetari-konpainia anitz batzen zaizkie eta, arratsaldez, txistulariak, "bordon dantzariz" osatutako talde handia, Udal Banda eta aipatu udalbatza joan ohi dira segizioan, hurrenkera horretan.

"Bordon dantzariak" zapi zuri batez, alkandora zabal batekin eta kolore bereko lihozko galtzamotzez jantzi ohi dira azken urteetan. Bularrean zerrenda gorria eta gerrian gerriko gorria. Belaunetaraino iristen den galtzamotza borlaz apaindutako galtzari gorriz eusten dira (dantzakordak). Puntu zuriko zulo-brodatu erdia erabiltzen dute eta zangosagarretan zintzarriz jositako larrua janzten dute eta oinetako gisa, xingola gorriz apaindutako abarketa zuriak. Buruzagia eta bandera eroaleak argi bereiz daitezke, izan ere, bi zerrenda gorri nabari zaizkie bularrean.

San Joan eguneko bezperaren errituari ekiteko udalbatza Arramaleko "Arrats-otoitzera"3 bertaratzen da, beranduago, ekitaldi ofizial batean, sutzar tradizionalak pizten dira udako solstizioaren oroigarri. Su horien gainetik jendeak jauzi garbitzaileak egin ohi ditu.

Hurrengo egunean, San Joan egunez, goizeko lehen ordutik kale, atari eta balkoi guztiak San Joaneko barazki-adaxkez apaintzen dira. Programazio ofiziala goizeko prozesioarekin abiatzen da (goizeko 10ak aldera). Prozesio horretan dantzariek San Joaneko Zortzikoa interpretatzen dute inolako tresnarik erabili gabe. Ibilbide horretan dantzariak kutsu herrikoi eta erlijiozkoa duen segizioarekin abiatzen dira eta, aldi berean, armatutako jendez osatutako konpainiaren babesa izan ohi dute. Konpainia horiek ohorezko agurrak luzatzen dituzte ibilbideko hainbat puntutan.

Arratsaldez (arratsaldeko 16ak aldera) bordon dantzariz osatutako taldea udaletxearen aurrean batzen da dagozkion tresnak hartuta, udalbatzari goizeko ibilbidean laguntzeko. Adierazgarria da errituz jositako bidaldi horretan aipatu dantzarien aurretik zinegotzi gazteena joaten dela. Zinegotzi horrek eskuak eskularruz estalita eraman ohi ditu eta ezpata edo ezpata txiki bat eusten du, krabelin gorri eta zuri nabarmenez apaintzen dena.

Orduko horretan udaletxetik abiatzen da ibilaldia Andra Maria Parrokiara iritsi arte. Bertan "Bezperak"4 entzutera sartzen dira eta handik San Joan Arramelekoaren basilikara joaten dira "Arrats-otoitzak" entzutera. Azkenik, handik udaletxera itzultzen dira. Gero, zezenketen ostean, udalbatza handik atera eta Igarondoko Zelai Handian egiten den Gizon dantza edo Esku dantzara abiatzen dira.

Bordon dantza elizkizunetik irtetean egiten da eta baita ibilbidearen amaieran ere, udaletxeko balkoian kokatzen den udalbatzaren aurrean. Tokiko agintarien sartu-irtenetan dantzariek agintarien ohiko zubia osatzen dute beren tresna bereziak hartuta. Dantza horretan taldekide nagusiek hartzen dute protagonismoa (orokorrean Gipuzkoako Ezpata dantzan ikus daitekeenez), hau da, buruzagiak eta bandera eroaleen laukoteak, hala aurrekoek nola atzekoek. Dena den bada ezberdintasun bat, hots, Bordon dantzako koreografia bi aldeetan dantzatzen den dantza batekin osatzen da. Gainerakoan, dantzako egiturazko irudiari nahiz koreografiari so, Gipuzkoa osoan egiten den Ezpata dantza orokortuaren parekoa da.

Dantza tradizionala da, askotariko testuinguruak agertzen dituena, eta zeharka zein zuzenki haietara moldatzen da. Hasiera batean, San Joan eguneko solstizio-jaiarekin lotura zuzena du eta baita egun horretan egiten diren erritual guztiekin ere. Modu horretan, jaialdi horren inguruan ohiko sutzarrak, babeserako adaxkak, erlijio katolikoaren ofizio eta errituak eta delako alarde edo armen erakustaldiak agertu ohi dira. Agian horregatik guztiagatik lotzen da Beotibarreko borrokaren gune denarekin. Leku horretan bordon dantzariek beren tresnak hartuta eta herritarren gogamenean iltzatutako konpainia natural bereziek jazoera historiko hura oroitu eta iradokitzen dute argi eta garbi.

Bestalde, dantzan parte hartzen duten kideen egitura eta elkarloturari so, ez dago alde nabarmenik Europa osoan hedatzen diren eta harat-honat mugitu diren ezpata bidezko dantzekin alderatuta. Hala, badu antzik Gipuzkoan eta, are, Bizkaia ekialdean nahiz Nafarroa iparraldean dantzatzen den Ezpata dantza klasikoarekin. Koreografiari dagokionez bederen ez dago alde handirik eta melodiari so ere ez. Hau da, finean festa giroan egiten den dantza da (hor daude edo egon dira, testuinguru arras ezberdinetan ohikoak izan diren ezpata- edo makila-dantzak, besteak beste, Gorpuzti egunean, Ama Birjina edo patroiaren deboziozko prozesio eta erromeriatan, jaiegun nagusietan edo bisitari ospetsuei tokian-tokian egindako harreretan dantzatuak), artean izaera militarra edo guda kutsua duena eta ospakizun eder eta dotore batekin hornitua dagoena. Dena den, ez dago Beotibarreko borrokarekin lotzeko arrazoirik, izan ere, ez nuke ekintza puntual edo jakin batekin lotuko. Nire ustez, dantzaren bilakaeran une bakoitzeko estetika herrikoiarekin lotzen diren aldaketa edo aldaerak sumatzen dira.

1Pordoi edo makila alabarda modukoa da, 2 metroko luzera duen zur baten gainean paratzen dena. XVI. mendean infanteriako sarjentuek erabiltzen zuten eta, itxura batean, XVIII. mendeaz geroztik aipatu dantzan erabiltzen da.

2Espontoia infanteriako kapitainek troparen aurrean zihoazenean eramaten zuten arma bat da. Metro bateko luzera duen aginte-makila da.

3Iluntzeko atsedenaldiaren aurretik egiten den otoitza.

4Arratsaldeko otoitza.