Argazkilariak

Ardanaz Pique, Nicolas

Ceneque.

Nafarroako argazkilari hau Iruñean jaio zen 1910eko maiatzaren 17an, eta hiri berean hil zen 1982an, garun-infartuak jota.

Oso gaztea zela bere aitak xafletako argazki kamera oparitu zion, eta laster ekin zion bere bizitzako zaletasun handienetako bati: argazkigintzari. Mendia zen bere beste zaletasuna, eta biak eskutik helduta zihoazen beti. Garai hartan, bere familiak drogeria bat zuen, Iruñean, eta Ardanaz gaztea ikasketak egitera Frantziara bidali bazuten ere, familiaren negozioan lanean hasteko bueltatu behar izan zen. Hala ere, betebeharrek uzten zioten guztietan irteeraren bat antolatzen zuen, mendira, bidean topatzen zuen guztiari argazkia ateratzeko.

Pintura ikasi zuen Javier Cigaren eskutik; hala, osaeren ikuspegi partikular bat hartu zuen, eta aurrerantzean atera zituen argazkiek ardandegi piktoriko baten itxura gehiago zuten, ohiko eszena batenak baino. Hainbat lehiaketetan eta aretoetan parte hartu zuen, eta hainbat sari irabazi zituen; esate baterako, 1955ean beste profesional batzuekin sortu zuen Nafarroako Argazki Taldea erakundearekin San Fermin Aretoko saria lortu zuen, 1960an.

Bere argazkiak Sombras, Pregón eta Vida vasca argitalpenetan atera ziren, besteak beste, eta ohikoak ziren baita ere tokiko aldizkarietan. Bera hil eta bi urte beranduago, Nafarroako Gobernuak bere argazki bilduma osoa erosi zuen, bederatzi mila negatibo baino gehiago dituenak. Nafarroako Museoan mantentzen da. Espazio berean, Ardanazen atzera begirako erakusketa garrantzitsua antolatu zen 2000. urtean. Bere ekoizpenaren gehiengoa ikus zitekeen bertan.

Ia argazki guztietan gai bera errepikatzen da: natura. Carlos Canovas historialariak oso ondo ezagutzen du Ardanazen obra, eta Panorama aldizkariaren Apuntes para una historia de la fotografía en Navarra izeneko alean idatzi zuen argazkilari honen obra lau kapitulu edo multzo nagusietan bildu daitekeela.

Batetik, bere paisaiak, Iruñeakoak eta Nafarroakoak, gehien bat. Gizakia sartzen du eszenatoki horietan erreferentzia gisa, naturaren handitasuna aditzera emateko. Paisaia horietan Pirinioetako mendien eta haranen edertasuna jaso zuen, baita Nafarroako geografia osoko kaleetakoa eta herrietakoa ere. Beste multzo esanguratsua monumentuak dira, landa-arkitekturatik hasita eraiki historikoetaraino. Gizakia da bere beste kezketako bat, lehen aipatutako natura hilaren moduko irudiekin bat.

Canovasen ustez, "teknikoki, Nicolas Ardanaz autodidakta izan zen, argazkilari bizia" eta bere gozamenerako bakarrik ateratzen zituen argazkiak (Itzulpen moldatua gazteleratik). Bere irudiak, koadro formatukoak ia guztiak, garai bateko bizimoduen lekuko dira.

  • Cánovas, Carlos. Apuntes para una Historia de la fotografía en Navarra, Panorama bilduma. Iruña: Vianako Printzearen Erakundea, 1989, 31-42 orr.