Oñatiko zinemagile gipuzkoarra.
Enpresagintzan lizentziatu zen Mondragon Unibertsitatean, eta hainbat zinema-ikastaro egin ditu. 2001ean Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Jaialdiaren XXIV. edizioa irabazi zuen, amateur mailan, argumentu sailean. Dokumentalak, telebistarako gidoiak eta animazio proiektuak egiten dituen Moriarti Produkzioak enpresaren sortzailea.
Irusoin eta Dibulitoon Studio enpresa gipuzkoarrek ekoitzitako Glup animaziozko filmaren egilea da, Iñigo Berasategirekin batera, eta 2004ko urtarrilean Goya sarietarako animaziozko film onenaren izendapena jaso zuen. Urte berean, Sahara Maratón dokumentala Madril Hiriko Dokumentalen Nazioarteko I. Jaialdian (Documenta Madrid 2004), Municheko XIX. Jaialdian eta Santiago de Cubako "Santiago Alvarez in memoriam" Jaialdiaren V. edizioan parte hartzeko hautatu zuten. Saharako herriak bizi duen giza tragedia islatzen du bere filmean, Saharako maratoiaren bidez (2004).
2006an estreinatu zen Cristóbal Molón animaziozko filma zuzendu zuen Iñigo Berasateguirekin batera, eta 2007an Lucio dokumentala estreinatu zuen, Lucio Urtubia anarkistari eskainia. Arregiren gidoiarekin eta <José Mari Goenagaren zuzendaritzapean, urte hartako Goya sarietarako izendatu zuten dokumentala.