EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
¿?-¿?.
Ezer gutxi dakigu Jusef Egiategiren bizitzaren gainean: ez dakigu ez noiz jaio zen, ez eta noiz hil zen ere. Bere obraren zati bat baino ez da argitaratu, gainera, eta 1980ko hamarkadan. Hori horrela, egile horri buruz dauzkagun datu gehienak bere obretatik ateratakoak dira. Jakin badakigu Zuberoan jaio eta XVIII. mendean bizi izan zela, eta zenbait ikertzailek "irakasle" eta "filosofo" izendatu dutela.
1966an, Parisko Liburutegi Nazionalean ikertzen ari zelarik, "Départament des manuscrits" sailan aurkitu zuen Txomin Peillenek Egiategiren obra baten eskuizkribua: Lehen liburia edo filosofo huskaldunaren ekheia. Eskuizkribuarekin batera, baina, bada ohar interesgarri bat: "Le philosophe basque, copie sur le edition de Francfort 1785? dio. Badirudi Alemaniako B. Edelmann-en moldiztegian argitaratzekoa zela honako izenburuarekin: Filosofo húskaldünaren ekheia Juseff Eguiateguy, Züberoan Errejent denaren obra (Studium, operaque ponenda in philosophando, non arbitrantur, def. Ag.) (Bidador, 1995).
Berez, lan handiago baten lehenbiziko atala da, eta moralarekin lotutako hainbat eta hainbat gai aipatzen eta jorratzen ditu berrogei ataletan barrena: "bertutea, beldurra, ausardia, heziketa, ohitura, adiskidetasuna, denbora galdua, etsaia, herioa, etab." (Salaberri, 2002: 127).
Egiategiren bigarren liburua, Bigarren liburia, Parisko Liburutegi Nazionaleko sail berean dago, mardula da eta hiru atal ditu. Lehenbizikoan Oihenarten 538 atsotitz biltzen dira, bigarrenean alfabetoari jarraiki antolatutako hausnarketa, ideia eta aforismoak eta, hirugarrenean, hainbat egileren aipamenak. Euskaraz eta frantsesez dago idatzita, eta "bertan jakituria gnomikoaren ildoko moral praktikoaren errebindikazioa egiten da" (Sababerri, op.cit.: 127).
Zuberotarraren hirugarren obra, aitzitik, Gipuzkoako Foru Aldundiak erosi zuen, eta Aberatstarzun gussién gils bakhoitza dauka izenburua. Bertan "aberastasun guztien giltza" ez ezik Zuberoaren salbabidea ere omen den etxea gobernatzeko jakituria eskaintzen zaio andere euskaldunari" (Salaberri, op.cit.: 128). Ez du zuzenean egiten, ordea: berez, frantses emakume batek idatzitako liburuaren itzulpena besterik ez duela egin dio Egiategik. Paben 1782an argitaratu zela esaten da, baina ez da balizko argitalpen horren arrastorik aurkitu.
Argitaratze-datuak datu, badirudi Egiategiren hiru lanetatik bakar bat ere ez zela kaleratu: esan bezala, ez da argitalpenen alerik gorde eta, are gehiago, ez dago argitalpenei buruzko aipamenik beste egile batzuen lanetan; hortaz, ez dirudi obra zabaldu eta irakurri zenik. Eskuizkribuak baino ez ditugu ezagutzen.
Lanak bizi zen artean kaleratu edo ez, aipatzeko moduko egilea da Egiategi. Izan ere, garaiko egile gehienak erlijioari lotutako literaturari heldu zioten artean, zuberotarrak Ilustrazioaren ondorio den obra taxutu zuen, obra profanoa, nahi bada. Kultura zabaleko gizona zen: nahiz eta bere obretan frantziar filosofo bakar bat ere ez aipatu, egile klasikoak, Erdi Arokoak eta euskaldunak ezagutzen zituen. Euskararekin ere kezka eduki bide zuen, idazkera garbizalea baliatu baitzuen bere obretan: Larramendiren lanak, eta, batik bat, hiztegia ondo ezagutzen zituela erakusten duten testigantza asko dago.
Egiategiren lehenengo liburuaren lehenbiziko argitalpena Txomin Peillenek berak prestatu zuen, 1983an, Euskaltzaindiaren "Euskararen Lekukoak" sailerako (6. zenbakia dauka). Liburuaren hitzaurrean euskarazko lehenengo filosofi liburua dela dio Peillenek; alabaina, "Ez du Rousseau, Voltaire nahiz Diderot izateko irritskeria, baina herri xeheaz, populuaz beste horiek baino hurbilago dago" (1983: 19). Moralaren baitan klasikoek jorratutako gaiak hautatu zituen Egiategik eta ikuspegi kontserbadorea nagusi da bere obretan.