Sendagileak

Asuero Sáenz de Cenzano, Fernando

1887ko maiatzaren 29an Donostian jaiotako medikua. Gipuzkoako hiriburuan hil zen 1942ko abenduaren 22an.

Madrilen egin zituen Medikuntzako ikasketak. Eztarria, sudurra eta belarria hautatu zituen espezialitate gisa. Ikasketak Lubet Barbon doktorearen klinikan (Paris) sakondu zituen; era berean, Pariseko Pitie ospitalean espezialitate horretako klinikan aritu zen eta Cambridgeko Unibertsitatean ere ikasi zuen.

Donostiara etorri zelarik, Pariseko Bonnier doktorearen lanak oinarritzat hartuz, sudur-mukosan (trigeminoa) egindako kauterizazio txikien bidez hainbat gaixotasun sendatzeko metodo polemiko bat sustatu zuen. Metodo hori lan batean azaldu zuen: Ahora hablo yo y, algunos folletos. Espainia osoan jarraitzaileak eta maiseatzaileak izan zituen. Polemika literaturako, herri giroko eta zientziako hainbat esparrutara iritsi zen (Muñoz Seca y Perez Fernandez idazleak idatzitako El cuadrigémino, 1929), hala, medikuen elkargoek ere hauspotu zuten polemika hori, baita, Real Academia Nacional de Medicina delakoak ere.

Primo de Riveraren diktadura erdian, 1923 eta 1925 bitartean Asuero Donostiako udaletxeko zinegotzi izan zen. Horrek are gehiago gaiztotu zuen polemika eta "asueroterapia" zientziaren esparrutik haratago eraman zen.

Juan Sarasola (Lexo) bertsolariak kontuok azaldu zituen: Asuero'ri Graziyak Juan Sarasola'k Jarriyak eta Bertso Berriyak Juan Sarazola'k Jarriyak. 35 ahapaldietan garai hartan gizartea aztoratu zuten sendaketa bikainak aipatzen dira.

Bilboko Euskerea aldizkarian, 6. zenbakian artikulu bat argitaratu zen: Asuero'ren sendakerea dala-ta. Artikulua Mutijondok sinatu zuen eta Asuero doktoreak bezeroekin erakusten zuen adeitasuna aipatzen da eta kontsultetan euskara erabiltzen zuela.

  • URQUÍA ECHAVE, José María in SÁNCHEZ GRANJEL, Luis (koordinatzailea). Diccionario histórico de Médicos vascos, Bilbo, 1993.
  • VEA ORTE, J.C. La Asueroterapia fisiológica del Doctor Fernando Asuero. Revisión critica de su teoría reflexoterápica, Doktorego-tesia, Pamplona, 1990.
  • ZAVALA, Antonio. Lexo Bertsolaria, Auspoa, 79-80-81. zenbakiak.