EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio Plazan 1840an jaioa, Pío Baroja Nessi idazle handiaren aita izateagatik da gaur egun ezagunagoa Serafin Baroja, bizitzan zehar egin zituen lanengatik baino. Jaiotako etxe berean zeukan familiak Casa Baroja argitaletxe ospetsua non, ideologia liberaleko hainbat testurekin batera, zenbait euskal klasikorenak-Iztueta, Iturriaga, Zabala edo Lardiazabal, esaterako- ere argitaratu baitziren.
Gaztetarik ideologia liberalaren aldekoa izanik, Madrilera jo zuen mehatze-ingeniaritza ikasten, eta garaiko madrildar liberalak ezagutu zituen. 1868an, Huelvako Riotinto lantegira joan zen mehatzetara lanean eta osteko hainbat urtetan zehar, Carmen Nessi emaztea bidelagun, hiri eta herri ezberdinak ezagutu zituen, lan kontuak zirela eta: Madril, Iruñea, Valentzia, Granada, Bilbo, eta abar. Alabaina, lanbidea lanbide, badirudi Barojaren benetako pizgarria idaztea zela. Sorkuntzari gagozkiolarik, genero ezberdinak landu zituen: eleberria, ipuina, kronika, kazetaritza-artikulua, poesia, kantua, opera, zarzuela, eta abar. Baina ez zen hor gelditu donostiarraren produkzioa: aurrekoekin batera, besteak beste, itzulpen-lanak egin eta zenbait aldizkari sortu zituen.
Lehenengo bi obrak hogeita bost urte zituela argitaratu zituen: Los pillos de la playa (1865) eleberria eta Noveluchas y cuentos (1865) ipuin-bilduma. Lehenengoaz denaz bezainbatean, jatorrizko bertsioa euskaraz idatzi zuela irakurri daiteke hasieran, baina ez daukagu horren frogarik, hortaz, bada baieztapen hori teknika komertzialtzat jo duenik. Garai hartan ohikoa zen legez, egunkari ezberdinetan zatika beste bi eleberri argitaratu zituen: Entre Madrid y San Sebastián (Amores prosaicos) (El Urumea egunkarian, 1879) eta De Chamberí a Madrid, 100 metros en 25 días (La Voz de Guipúzcoa egunkarian, 1895).
Aipatutako eleberriekin baino, Trajanoren garian eta mehatze-inguru batean kokatutako 1879ko Pudente izeneko operarekin izan zuen arrakasta handiena Barojak, Iñaki Aldekoak gogorarazten digun bezala: "con música de Santisteban, obtuvo un gran éxito en su estreno" (2004: 106). Handik bizpahiru urtera, Iruñean Hirni ama alacab izeneko drama laburra argitaratu zen eta hiru errealetan ipini zuten salgai, baina porrota egundokoa izan zen: ez zen ale bakar bat ere saldu. Haren atzetik etorri ziren Amairu damacho zarzuela -bi zati baino ez ziren argitaratu- eta Luchi, opera hiru actoan (1904) lana, Madrilen kaleratutako Bay, jauna, bay aldizkariaren ale berezian sartua.
Hitz neurtuei dagokienez, hor-hemen argitaratu zituen. 1875an Gazi-gezak poema-bilduma argitaratu zuen eta Malkoak eta itzalak izenburudun bigarren bat ere prest zeukala adierazi zuen, baina oraindik ere ez daukagu haren inongo arrastorik. Donostian argitaratzen zen Euskal Erria aldizkarian eta Jose Manterolaren Cancionero vasco lanean aurkitzen ditugu Barojaren poema eta kanta gehienak, tartean oraindik ere urtero-urtero Donostiako tanborradan edonon Sarriegiren musikaz edozein txokotan entzun daitekeen Donostiako martxa entzutetsua.
Kazetari-lanak ere nahi beste egin zituen Serafin Barojak. 1876an Madrilgo El tiempo egunkarian karlisten aurkako idatziak argitaratzen hasi zen, eta handik aurrera leku ezberdinetako egunkari eta aldizkarietan bere izena agertzea ohiko bihurtu zen, hala nola, Donostiako El eco de San Sebastián, Iruñeako El Navarro edo aipatutako La Voz de Guipúzcoan. Ricardo Baroja anaiarekin batera El Urumea, periódico no político egunkaria sortu zuen 1879an eta, handik gutxira, Iruñean beste horrenbeste egi zuen Bay, jauna, bay astekaria argitaratzen hasi zen, euskara eta gaztelania tartekatuz. Azken horrek, aitzitik, ez zuen arrakastarik izan: sei zenbaki baino ez zituzten kaleratu. Handik hogei bat urtera, astekari horren beste lau zenbaki prestatu eta argitaratu zituen Barojak, Madrilgo okindegietan ogiarekin batera bana zitezen.
Serafin Barojak ondo ezagutzen zituen garaiko espainiar autore nagusiak. Horren froga dira Barojak eginiko autore ezberdinen itzulpenak: Bécquer, Calderón, Zorrilla, López de Ayala, Lope de Vega, Revilla eta Campoamor idazleen testuak edo El lazarillo de Tormes eleberria itzuli zituen, bai eta Shakespeareren Hamlet obrako pasarteren bat. Donostiarra izanik, gipuzkeraz idaztearen alde agertu zen jada hainbat lekutan jaso den esaldia erabilita: "Siga el que quiera a Bonaparte, Azkue, Campión, Arana eta Goiri Sabin, yo sigo a Larramendi, Iztueta, Iparragirre siempre".
Urteek aurrera egin ahala, Pio Baroja semeak ospea hartu eta aita itzalpean utzi zuen. Gogoangarria da aitak berak egoera ikusita inprimarazi zuen aurkezpen txarteleko testua: "Serafin Baroja. Padre de Pío Baroja". 1912an zendu zen Berako Itzea etxean.