Écoles basques

Udarregi Ikastola. Usurbil

Usurbilgo Udarregi ikastolaren historia oso konplexua izan da, bere ibilbidean izen eta jabego ugari aldatu izan ditu. Ikastolaren historia eta izaera ezin daiteke osotasunean ulertu Udarregi Patronatua, Luberri ikastola eta Lasarteko Lander ikastolaren -Landaberri ikastola-, aipamena egin gabe.

Udarregi Elkarteak Usurbilgo Hezkuntza alorrean tradizioa izan du. 1.968ko uztailaren 16an Guraso Elkarte batek "Asociación de Padres de Familia" Udarregi Patronatua eratu zuen eta 1968ko irailaren 15ean hasi zen Udarregiko lehen ikasturtea. 1968ko urriaren 25ean Usurbilgo Udalak egin zuen Plenoan, Udarregi Patronatuaren estatutuen berri eman zen, erakundearen helburuak azalduz: "bere baliabide guztiak erabiliz, herriko hezkuntza eraikuntza eta zerbitzuak sustatzea, bai Lehen Hezkuntzakoak. eta bai Ertainetakoak eta Lanbide-Hezkuntzakoak", 1969 Lehen Hezkuntza gehitu zitzaion idatziari.

1968-69an Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen Luberri ikastola sortu zenean -ETAk Meliton Manzanas hil zuenean ezarria-. 1968-69ko ikasturtean ekin zion Usurbilen Luberri ikastola, Ikastola propioa sortzea zen helburu eta Usurbilek ere beste herrietako bideari heldu zion. Hasiera haiek gogoratuz aipatu behar da Lasarteko Joantxo Arteaga bultzatzaile eta Ramon Etxeberria-Bereiartza babesle zirela, arduradun talde bat osatu zela: Juste eta Jesus Mari Rekondo, Luzia Etxeberria-Bereiartza, Martin Aliri, Sokorro Kamino, Dioni Beraetxe, Maritxu Bengoetxea, eta abarrez osatua. Begoña Bergara eta Maria Angeles Lizarralde andereñoek zabaldu zuten ikastola "Paris" etxean, 1969ko urteberritan, inguruetako ikastoletan hiru hilabeteko praktikak egin ondoren. Urte horretan bertan, bi andereñoentzat nahiko haur ez eta Lasartekora aldatu zen Maria Angeles Lizarralde. Baina Usurbilgoa ere hazten joan zenez, haurren kopuruz eta adinez, Arantxa Iribar eta Lurdes Larraza andereñoak eta Zataraindarren etxea hartu behar izan ziren.

1969ko apirilaren 22an Luberrik, arazo ekonomikoak zituela eta, Udarregiri bere baitan har zezan eskatu zion. Udarregik, bere egoera ekonomikoa Luberrirena bezain larria edo okerragoa zela eta, ezin zuela erantzun zion.

1972-73 ikasturtean, gainera, "Kalexar"era aldatu baziren, 1977 urtean bi herrietako ikastolak Zubietako hipodromoaren gaineko eraikuntzan egokitu ziren. Bitartean Udarregi Patronatoak estatutuak berritu zituen. 1973-74ko ikasturtean Lasarteko Lander ikastola eta Usurbilgo Luberri ikastolak batu ziren Landaberri ikastola sortuz.

1976-77 ikasturtean Landaberrin zebiltzan bost urtetik beherako Usurbilgo ume guztiak eta Udarregiko eskolaurrea sendotzeko bertan matrikulatzea proposatu zen. Dundarik gabe urrats hura garrantzitsua izan zen, Udarregi Patronatuaren ikastolaratze prozesuan bultzada nabarmena zen. Beren haurrak Landaberritik atera eta Udarregin matrikulatu zituzten guraso haiek aipamen berezia merezi dute. Hainbat urtetan Kooperatiban buru belarri lanean aritu ondoren, bertako ikastola sendotu ea eraikuntza berria bukatzear zutela, beren umeak euskaraz hezteko lortutako segurtasuna utzi eta Udarregira joatea ez zen txantxa izan.

1978-79 ikasturtea garrantzitsua eta are funtsezkoa izan zen, Eskolaurrea hartzen ari zen tamaina eta sakontasunaz ez ezik, gela asko euskara hutsean ari ziren. OHO- ko lehen kurtsoa bi gelarekin erabat euskaraz zenez Udarregi Ikastolen Elkarteko partaide izatea proposatu eta aho batez onartu zen. Gipuzkoako Ikastolen Elkartean sartzea eskabidea egin eta eskakizun guztiak bete ondoren 1980ko otsailaren 9an bilkuran sartzea onartu zuen.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta Udarregi Ikastolaren erabakia ordura arte bezala jarraitzearen aldekoa izan zen.

  • Altuna, J.A.; Atxaga, M.; Arzallus, J.M., Gomez; J., Sagana A.; Zubiaurre, A. Udarregi Ikastola Usurbil 25.urteurrena 1968-1993. Donostia: Ikastolen Elkartea-Udarregi Ikastola, 1995.
  • Udarregi Ikastola. [Kontsulta data: 2013ko abenduaren 27a].