Architecture

San Pedroren eliza. Gasteiz

Gasteizko San Pedroren parrokia hiriaren alde zaharrean dago kokatua (42.848147,-2.674848), Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea eta Errementari kaleen tartean.



Ver mapa más grande

Gaztelako errege zen Alfontso VIIIak 1200 urtean konkistatu zuen Gasteiz, hiriaren mendebaldera zabalpena ere agindu zuen, eta Zapardiel errekak sortzen zuen foso naturala aprobetxatuz harresi berriak eraikiarazi zituen. Zabalera honetan Hedegile, Zapatari eta Errementari kaleak sortu ziren, eta kale berri hoietako biztanleen zerbitzurako eraiki zen San Pedroren eliza XIII. mendean, harresiaren kontra eta hiriaren sarrera baten ondoan. Gasteizko elizarik zaharrrenetariko bat da eta horregatik 1498an, Santa Maria parrokia (gaur Katedrala) Kolegiata izendatu zutenean, San Pedro pasa zen hiriko parrokien buru izatera.

Harresiaren kontra eraikita egoteak berezitasuna ematen dio eliza honi, ezohiko oinplanta daukalako. Laukizuzen batetan sartutako gurutze latinoko oinplanta du, bi tramuko lau burualdekin eta hiru tramuko nabeekin. Erdiko nabea altuagoa eta zabalagoa da eta bukatu gabe geratu zen triforio apain bat du, bao trilobulatu eta karel kalatu batekin. Sarrera ere ezohikoa du burualdean kokatua dagoelako eta ez elizaren oinetan, bertan harresia baitzeukan. XIX. mendean sarbide zahar hori itxi eta berri bat eraiki zuten elizaren hegoaldeko hormak irekiz eta portiko neogotiko bat erantsiz. Portiko berri hau Fausto Íñiguez de Betolaza arkitekto gasteiztarrak egin zuen 1889 eta 1898 bitartean.

Ziurrenik jatorrizko eliza txikia geratu eta haunditu behar izango zuten, eta horregatik gaur egun ikusi daitekeen eliza XIV. mendean eraikitakoa da, dudarik gabe Gasteizko hiriak garrantzia hartzen hasi zen momentukoa. Garai honetan Arabako sendi nobleetako kideak landako dorretxeetatik hiriko jauregietara etorri ziren bizitzera eta beraiek babestu eta ordaindu zuten eliza hau, eta horren lekuko dira hainbat ezkutu eta armarri.

Tenpluaren estaltze sistemari dagokionean, tramu guztiak gurutze-ganga dute, koruko tramuak tertzeleteen ganga dauka eta kapera batzuek aldiz -Erregeen kapera eta San Antoniorenak- izar-ganga, XIV. mendeko gotikoak erabiltzen dituen gangak alegia. Ganga hauek pisu guztia kolomatxo ezarriak dituzten koloma zabal batzuetan deskantsatzen dute. Elizaren barruko espazioa, bateratua izan behar zuena, koloma batetik bestera zabaltzen diren diafragma-arku batzuek hausten dute.

Estalkietako nerbioak ganga-giltzarri bikain batzuk dituzte eta eraikuntza honen historiari buruzko informazioa gordetzen dute. Birpintatuak eta batzuk kontserbazio egoera kaxkarrean egon arren XIV. mendeko eskulturaren fintasuna erakusten dute oraindik. Kokatuak dauden kaperen patroia errepresentatzen dute, hala nola Santa Katalina eta San Bartolome, edo eta Ama Birjina, burualde lateraletan. Nabe nagusian San Pedroren bizitzaren hainbat pasarte kontatzen dituzte giltzarriek, bai eta Gaztela Leongo armarria (eliza Gaztelako erregeak fundatu zuela erakutsiz) eta Maturana eta Álavatarren armarriak ere, sendi hauek finantziatu baitzituzten ganga batzuk.

Barruko espazio gotikoetan argitasunak garrantzi haundia hartu zuen argiaren mistika bat garatu zelarik, eta eliza hau horren lekuko xume bat da. Burualde guztian leiho luzeek uzten dute argia sartzen, abside nagusian bi pisutan jarriak eta besteetan pisu bakar batean. Oinetako hormak aldiz ez dauka leiho bakar bat ere, harresian parte zirelako. Leiho gotiko hauek, arku zorrotzekoak eta tinpano kalatuekin, ez dituzte garaiko beirateak kontserbatzen. Ikusi daitezkeenak XIX. eta XX. mendekoak dira: burualdeko guztiak Baiona eta Bordeleko Dagrant etxeak egin zituen 1868 eta 1901 urteen tartean, eta korukoak, 1913an Maumejean etxearenak dira eta San Pedroren bizitzako pasarteak irudikatzen dituzte.

Eliz honek baditu bi kapera aipagarri hegoaldeko horman. Bataiategia da haietako bat, tertzelete gangaz estalia dagoena, eta bestea Erregeen kapera deitzen dena, XVI. mendean erantsia Diego Martínez de Salvatierra eta bere emaztearen hilobia izan zedin. Kapera hau apostoluak eta santuak irudikatzen dituzten giltzarri ederrak dituen tertzelete ganga batekin estaltzen da eta gaur egungo elizako sarbidea da.

Dorre zaharra XVIII. mendean bota zuten eta berri bat egin zuten 1708tik 1769ra bitartean. Harlanduz eraikia dago, oinplanta karratua dauka oinarrian eta oktogonala azken pisuan, eta estetika oso soila du, lurralde honetako barrokoa horrelaxekoa baita. Piramide boladun batzuk dira dorre honetako apaingarri urri bakarrak.

Eliza gotikoak bi sarrera nagusi zeuzkan, bata iparraldean eta beste bat ekialdean, portiko zaharra deitzen dena eta eskulturaz beteta dagoena. XIX. mendean biak itxi egin zituzten lehen aipatutako hegoaldeko portiko neogotikoa haundia egiteko. Iparraldeko sarrera arku zorrotz haundi bat eta azkeneko arkiboltan bakarrik dauka lorez osatutako dekorazioa. Alde banatan lau arku zorrotz eta trilobulatu ditu, eta arkuartetan Itun zaharreko pasarteak daude irudikatuak.

Portiko Zaharra deitzen zaio burualdeko sarbide orijinalari, eta XVIII. mendeaz geroztik dorre azpian babestua dago. Portiko monumental hau da eliza honek daukan zatirik eder eta aberatsena, juxtuki kale nagusira Nagusira ematen duelako. Arku zorrotz haundi bat da osotara, baina beheko partean bi arku beheratu daude, eta erdian, multzoaren buru dela, Ama Birjinaren irudi eder bat. Ate zangoetan apostoluen eskulturak daude, kanon luzekoak eta oso naturalista eta adierazkorrak. XIV. mendearen bigarren herenean egin zen zati hau, eta pixka bat beranduago, 1370 inguruan, tinpanoa. Berau hainbat eszena erakusten dituen frisotan banatzen da: Jesusen haurtzaroko eszenak beheko frisoan eta gainontzekoetan elizaren patroi den San Pedroren bizitza, bere martiria buru duelarik. Erliebe eta irudi guzti hauek oso kalitate onekoak dira eta Frantziako eskultura gotiko gorenaren eragin zuzena du. Balioa gehitzen dion polikromia aztarnak ere baditu gainera.

Gasteizko San Pedroren elizak egitura itxuraldatua du historian zehar gehitu zaizkion eraikuntzen ondorioz, baina oraindik ere espazialtasun gotikoa mantentzen duela esan daiteke. Bere baliorik haundiena Portiko Zaharra deitzen den portada monumentala da dudarik gabe. Arte gotikoaren premisenganako duen fideltasunari eta kalitate itzela duten eskultura guztiei esker, eliza hau euskal gotikoan leku garrantzitsu batean kokatzen da.

  • LAHOZ GUTIERREZ, Lucia. El Pórtico de San Pedro de Vitoria: De la leyenda a la crónica. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2003
  • LAHOZ GUTIERREZ, Lucia. "Gótico". GONZÁLEZ DE SAN ROMÁN, Miguel (zuz.). Vitoria-Gasteiz en el Arte. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, 1995, 211-277. orr.
  • PORTILLA VITORIA, Micaela. "Parroquia de San Pedro Apóstol". ENCISO VIANA, Emilio (koord.). Catálogo Monumental Diócesis de Vitoria. Tomo III: Ciudad de Vitoria. Gasteiz: Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipalaren ekimen kulturala, 1968, 141-181 orr.
  • UGALDE GOROSTIZA, Ana Isabel. Una mirada al cielo. Iconografía de las claves de bóveda de la Diócesis de Vitoria. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, Kultura, Gazteria eta Kirol Saila, 2007, 454-460. orr.