Écoles basques

Pasaia-Lezo lizeoa

Hirurogeiko hamarkadan abiatua, martxan zen Euskal Herri osoan ikastolen mugimendua. Garai hartako herritarren borondateak eraginda, urte gutxian zabalkunde ikaragarria lortu zuten ikastolek. Pasaiako distrituetan ziren ikastola txikiak ez ziren gauza nahi zen heziketa osatua eskaintzeko Gauza bera gertatzen zen Lezon eta Altza inguruan eta batzeko beharra hasi ziren aztertzen.

Pasaia-Lezo Lizeo Ikastolaren proiektura iritsi aurretik ibilbide luzea izan zen. Hauek izan ziren Lezoko eta Pasaiako aurreneko une garrantzitsuenak: 1960 Antxoko etxe-eskola;1966 Trintxerpeko eskola; 1966-67 Kepa Deun Ikastola (Dunixi ikastola); 1969 Donibaneko Ikastola; 1976 Gaztetxulo Elkartea, Lizeoa osatzeko.

1972an Donibaneko, Antxoko, San Pedroko, Lezoko, Trintxerpeko, Altzako eta Intxaurrondoko ikastolek bilera egin zuten batasun bide bat sortu nahian. l972ko ekainaren 19an eginiko osoko bilkuran, Pasaiako Udalbatzak berea egin zuen barrutietako ikastoletako ordezkariek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren ordezkaritzan aurkeztutako eskaera. Bertan 880 ikasle bilduko lituzkeen ikastetxea sortzeko baimena lortu zen. Era berean, Pasai Donibanen kokatutako 5.465 metro karratuko orubea eskaini zien Udalak ikastolei, bertan Lizeoa eraiki zezaten.

1975ean eman zitzaion azkeneko bultzada eta 1976an Gaztelutxo Elkartea sortu zen, bere eginkizuna Lizeoa eraikitzeko beharrezkoak ziren finantziazioak lortu eta mantenuaz arduratzea. Ordurako Herrera, Altzak eta Intxaurrondok proiektua utzi eta bere kasa landuko zutela beraiena erabakia zuten.

Aipatu beharra dago garai hartako Pasaiako alkatea zen Andres Aramendi jaunaren lana. Legeak zioen eskolarik sortu nahi izatekotan ezinbestekoa zela gutxienez zortzi gelakoa izatea. Azkenean, Juntak erabaki zuen hogeita lau gelako ikastola izango zela aurkeztuko zena. Honek ikaragarrizko inbertsioa egin beharrarekin batera, erronka handia suposatu zuen guraso eta irakasleentzat. Hasierako zenbait soldata ordaintzeko, esate baterako, gurasoek beraien poltsikotik egin behar izan zuten. Presupuestoetan hasierako kalkuluetan 80 milioiez hitz egiten zen, azkenean 574 milioi izan ziren.

1976an Lezoko Ikastolaren titular berria izendatzen da, Gaztetxulo S.A., aldaketa honen zergatia zera izan zen, Pasai Antxo, Donibane, S. Pedro, Trintxerpe eta Lezoko ikastolen elkartzea.

Beste gertakizun honek ere zerikusi izan zuen ikastolaren sorreran. l976ko irailaren 10ean Pasaiako udal korporazioa Pasaian bertan eta inguruko herrietan izandako istilu larriak aztertzeko bildu zen. Hondarribian Zabala hil zuten eta zenbait herritar larriki zauritu ere bai ondorenean herrian izandako manifestaldietan. Gertaera latz hauek gaitzetsiz zenbait akordio adostu ondoren, Andres Aramendi alkate jaunak bere dimisioa aurkeztu zuen. Zinegotziek, bestalde, beren funtzioak ez betetzea eta beste inongo bileretara ez joatea erabaki zuten. Baina ikastola eraiki beharra zegoen eta erabakia hartu behar. Horrela, 1977ko otsailaren 5ean, Lizeoaren egoera aztertzeko beharrezkoa ikusi zuten zinegotzien itzulera. Arazo hauen aurrean, otsailaren 15ean asanblada bat antolatu zen Antxoko Elizan, Pasai Antxoko Elkarteen koordinadorak deituta. Bileraren arrazoia Lizeoaren etorkizun larria zen. Herri asanblada haietan hartutako erabakien ondorioz, martxoaren 9an udalbatza burutu zen eta obra baimena eman zitzaion Lizeoari.

Urriaren 14an Espainiako ministroen kontseiluak interes sozialeko titulua eman zion Pasaia Lizeoari eta beharrezko kredituak errazago eskuratu ahal izan ziren. Obrak hiru urte iraun zuten eta l979ko abenduan Lizeoaren inaugurazioa burutu ziren. 1997ko urriaren 5ean Lizeoak euskara eta euskal hezkuntzaren alde antolatutako Kilometroak 97 jai erraldoia ospatu zen.

1993. urtean Euskal Eskola Publikoari eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoari buruzko Legea atera zuen Parlamentuak eta Pasaia-Lezo Lizeoaren erabakia pribatua izatearen aldekoa izan zen. Gaur egun, Pasaia-Lezo Lizeoa Irakaskuntza Kooperatiba Elkartea da Lizeoaren titularra, partaidetza sozialean oinarritzen den hezkuntza proiektua dela.

  • Pasai-Lezo Lizeoa. Ibilbide baten historia. Pasaia: Pasai-Lezo Lizeoa, 2001.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.