Écoles basques

Pasai Antxoko ikastola. Pasaia

Antxoko ikastola gurasoen ekimenez sortu zen. Antxoko zenbait euskaldun sutsu izan ziren, bere aitaren bitartez, Kontxita Beitia gaztearekin harremanetan jarri zirenak. Kontxitak irakasle ikasketak bukatuak zituela bazekiten haiek eta Antxon Ikastola bat irekitzeko proposamena egin zioten. Erabaki hori hartuta Kontxitak, Donostian ezagutzen zituen ikastoletatik ezagunenera jo zuen, Elbira Zipitria andereñoaren ikastolara.

1960ko irailean ireki zuen ikastola (etxe-eskola) bere etxeko gela batean. Bost haurrekin hasi zuen lehen ikasturtea, Arrate Olaskoaga, Xabier Urtasun, Fermin Pariza, Joxe Miguel Zabala (lau urtekoak) eta Koro Landa (hiru urtekoa). Bi orduz baino ez zuen eskola ematen, goizeko hamaiketatik ordu batetara.

Hurrengo ikasturterako 1961/62rako haurren kopuruak gora egin zuen eta bigarren talde bat osatu zen. Batzuekin bederatzietatik hamaiketara egoten zen eta besteekin hamaiketatik ordu batetara. Elizarekin lehen harremana ikastolako lehen taldetxoari jaunartzea egiteko garaia iritsi zitzaionean izan zuten. Gurasoek eta andereñoak oso argi zuten haur horiek jaunartzea euskaraz egin behar zutela. Don Pedro Jimeno orduko apaizak egin zien ongi etorria bikaina izan zen. Hirugarren ikasturterako 24 haur inguru zeuden. Arratsaldetan, beste eskoletara joaten ziren haurrei ere euskara erakusten zien Kontxita Beitiak.

1963/64 ikasturtean ikastolan hasitako lehen taldeak ikastolan bukatu zuen. Orduan bederatzi urte betetzerakoan beste eskola batzuetara joan behar izaten zuten ikastolak ez zuelako eskolaratze kartilarik ematen eta gehienak Jesuitetara joaten ziren.

1964an Nekane Auzmendi, Kontxita Beitiaren laguna izanik, eskola nazionalek ematen zioten ziurtasuna alde batera utzi eta Idiazabaletik Pasaiara etorri zen. Nekane etorri zenean Kontxitak gurasoak bildu eta orduan sortu zen Gurasoen Elkartea.

1965/66 ikasturtean bere kabuz aritu zen Nekane Auzmendi lehen aldiz, Kontxita Beitia Donostira joana baitzen. Errenteri kalean alokatu zuen etxe bat ikastola han jartzeko.

Lizeoa sortu artean urte gogorrak pasa behar izan zituzten Antxoko ikastolan. 1976an Antxoko Ikastolaren titular berria izendatzen da, Gaztetxulo S.A., aldaketa honen zergatia zera izan zen, Pasai Antxo, Donibane, S. Pedro, Trintxerpe eta Lezoko ikastolen elkartzea. 1979an Donibanen Lizeo berria egin zen, ikastola guztiak elkartuz.

  • Pasai-Lezo Lizeoa. Ibilbide baten historia. Pasaia: Pasai-Lezo Lizeoa, 2001.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.