Écoles basques

Langile ikastola. Hernani

1970-1971ikasturtean hasi zen martxan Langile ikastola, bederatzi haurrekin. Elizatxoko auzo elkarteak antolatu nahi zuen haur eskolaren sorrerak eman zuen horretarako aukera eta hor hasi zen aurreneko irakasle bezala Begoña Ogando. Haur eskolaren sorrerak ekarri zuen inguruko jendearen biltzea, ideia eta proiektu berriekin. Honen aurrekaria Urumea Ikastolaren haustura izan zen. Ikastolaren sorreran aritutako batzuk honako hauek izan ziren: Koldo Goia, Jone Errazkin, Ixiar Etxeberria, Arantxa Goia, Imanol Alkorta, Iñaki Aranzadi eta Juan Migel Irizar.

Iñaki Aranzadi apaizaren hitzetan, hasieratik bere helburua argi zeukaten: "oso garbi geneukan eskola erdalduna euskaraz ipinita ez genuela ezer egiten, azalez adina edukiz ere eskola berri bat nahi genuen". Ikastola berri honetan astero biltzen ziren gurasoak irakaslearekin haurren gorabehera guztiak gertutik segitzeko.

Gurasoez aparte hernaniar askok laguntza eman zion ikastolari, batzuek dirutan, besteek materialetan. Lege aldetik berriz, ahal zen bezala konpontzen ziren gauzak. Irakasleek hasieran ez zuten Gizarte Segurantza, esate baterako. Ikastolak Eskolaurrea emateko bazeukan baimena, baina Elizaren babesean. Une batean honekiko harremanak okertu ziren, eta babes hori galduta, Langileko haurrak ofizialki batzuk Ordiziako ikastolan ari ziren, Urnietako ikastolan beste batzuk.

Haurrentzako egoitza txukunak eskuratzea izan zen Langileko jendearen urte haietako buruhauste nagusienetakoa. Langileko haurrek Hernani osoa ezagutu zuten beren historian zehar. Elizatxotik hasita, Benefizentziara pasa ziren. Señorita Agustina -gaur Musika Eskola berria den lekuan-, Arri Burni, Atetxikieta, Zikuñaga, Florida, Villa Mendia, Biteri... Eta gero etorriko ziren Arriatzu, Parador ... Ikastola sendotzen joan zen 70ko hamarkadan barrena, bai haur kopurua handituz, bai behar ziren bitartekoak eskuratuz, barne funtzionamendua egokituz.

1972an, Florida eta Elizatxon zeuden Haur Hezkuntzako gelek bat egin zuten. 1976tik aurrera kooperatiba gisa legeztatu zen eta Langile izena hartuko zuen esperientziak. 1978an Langile Ikastolak, Zikuñaga auzoan Haur Hezkuntzako 2 gela zabaldu zituen. 1981-82 ikasturtean EEPA kolektiboan integraturik Eskola Publiko Bakar baten ahaleginetan aritu zen ikastola.

1982an Hernanin ospatu ziren Kilometroak. Geroztik etorri zen Laubidieta ikastolaren eraikitzea, Gay Mur txiki, ikasleen ugaritzea, Meabe eta Santa Barbara martxan jartzea. 1990ean Langile ikastolaren historia biltzen zuen aldizkarian horrela definitzen zen: "Ez genuen eskola erdaldun, elitista eta masifikatzailerik nahi, ez genuen eskola memoristikorik nahi, ez genuen esaneko haurrik egin nahi, ez genuen goitik beherako pedagogia bat ezarri nahi..."

1993an Langile Ikastola publifikazio prozesuan sartu zen eta eskola publiko bihurtu. 1996an Ikastolaren proiektua 16 urte arte luzatu zen DBHaren ezarpenaren ondorioz. 2004 ikasturtean, matrikula handitzearen ondorioz, ikastetxe berri baten beharra ikusi zen. Azkenean, Bidebietan lokal batzuk egokitu ziren behin behineko egoitza gisa. 2010ean, Hezkuntza Sailaren aginduz, DBHko ikastetxeak fusionatu egin ziren Hernanin.

  • Langile Ikastola Hernani. Hemen gatoz, 15. zenbakia , apirila. Hernani, 1997.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.
  • Langile Ikastola. [Kontsulta data: 2014ko urtarrilak 7].