Lexique

Garbitokiko arimak

Purgatorio.

Infernuratzen ez diren arimak, zerura joan baino lehen, beren bekatuekin egin duten zor guztia ordaindu arte egoten diren toki oinazezkoa. Tradizioan garbitokiko arimei buruzko kontakizun ugari ageri da. Hona hemen horietako batzuk.  

Hona hemen Garbitokiko arima eta danborjolea: Andoaingo danborjole ero bati arima atera eta Santa Krutz ermitan apaizak meza ateratzeko eskatu omen zion. Danborjoleak dirurik ba al zuen galdetu eta arimak ezetz esatean, Andoaingo apaizak ez ziola mezarik aterako esan eta danborra jotzen jarraitu omen zuen.

 Garzaron herriko Arozena izeneko bati hildako ezagun bat agertzen omen zitzaion behin eta berriz, zerbait egiteko eskatuz. Arozenak meza bat atera eta arima ezkutatu egin omen zen "Zure heriotzako orduan oroituko naiz" esanez.

Alabaren arima aitari: Leitzan bizi zen alargun bati alaba Argentinan hil eta behin eta berriro agertzen omen zitzaion baserriko mandioan, aitari zeruan sartzeko meza bat eskatuz, eta hala egiten bazuen heriotzako orduan lagunduko ziola aginduz. Aitak hala egin eta arima desagertu egin omen zen.

Hernaniko gazte batek Kuban soldaduska egiten ari zela, heriotza izan zuen. Baserrian bizi zen arreba bati soldadu jantziz agertzen omen zitzaion, ilunabarreko ezkilak jotzean. Emakumeari ondoeza egiten zitzaion. Zer nahi zuen galdetzean, hileta-meza bat eskatu zuen. Sagarakoan hildakoa agertu zitzaion arrebari eta kordea galdu zuen. Hileta ondoren, eskatua betez, ur bedeinkatua hartzean painelua ateratakoan zenduaren hatz-arrastoak geratu omen zitzaizkion bertan garbi-garbi.

Arimak meza eskertu: Familiako bati azkena hildakoa azaldu eta meza baten premian zegoela adierazi zion. Senideak meza atera eta amaieran, hildakoak ur bedeinkatua eman omen zion eskura esanez: Eskerrik asko, zerura noa.

Aralarko santutegian bildotsa eskaini: Errazkingo artzain batek zioenez, Aralarko San Migelera bildotsa oparitzera zihoan beste artzain batek, asmoz aldatu eta arkumea saldu egin zuen. Handik urte batzuetara hil eta zerura sartu ezinean zegoen. Orduan lagun bati agertu eta Aralarko santutegiarekin zeukan zorra kitatzeko eskatu zion, eta hala sartu zen zeruan.

Arima eta segalaria: Basaburuako batek esanaren arabera segalari bat iratzea ebakitzera joaten zen eta ataka batetik iragatean portiloa berez irekitzen zitzaion. Segalaria ikaraturik gelditzen zen. Galdetu zion zer behar zuen, eta meza bat eskatu zion. Apaizak meza atera bezain laster egundoko argitasuna sortu zen elizan, eta nekazariak eta apaizak biek entzun ahal izan zuten zerura nola zihoan.

Nafarroako Gaintzako baserritar bat Ameriketan hil zen eta horren ondoren gauza harrigarriak gertatzen ziren baserrian: ateak bere kasa ireki, ganaduak bere burua askatu, ardiak larrera joan, gauzak ezkutatu, lekuz aldatu eta honelakoak gertatzen ziren. Baserriko ateak alanbrez itxi arren, gauzak bere horretan jarraitzen zuen. Sendagileak esanik norbait hil ote zen ikertzean, Ameriketan hildakoaren berri izan zuten, eta Gaintzan meza ateratakoan bakea itzuli zen baserrira.

Hildakoak altxorra erakutsi: Etxe batean gaueko isiltasunean hitz hauek entzuten ziren: "Jausiko nauk ala ez?". Halako batean erantzuna ere entzun zen: "Jausi hadi gura bok!". Orduan familiako aitona, aspaldi hila, su gainera erori zen eta esan zuen: "Suaren azpiko txapa jo ukabilaz eta horren azpiko urrea zuentzat ”. Haren nahia egin zuten eta bakea itzuli zen etxera.