Écoles basques

Egape Ikastola. Urnieta

Egape ikastolak 1966. urtean eman zituen bere lehen pausoak. Garai hartan ez zegoen euskaraz ikasteko aukerarik eta guraso talde batek euskal eskola bat sortzea pentsatu zuen, inguruko herrietan egiten ari ziren antzera. Urnietako 1966ko giroa aipatzerakoan esan behar da orduko euskaltzaleek zera ikusten zutela, erdara erabat sartzen ari zela. Hezkuntzari zegokionez, eskola erlijiosoek euskararen kontrakoak ziren, baita eskola publikoetako arduradunak ere.

Testuinguru honetan Urnietako Ikastola martxan jartzeko aurreneko lana irakaslea aurkitzea izan zen, horretarako Maria Pilar Sarasolarekin hitz egin eta prest azaldu zen lan honetarako, baita titulua ateratzeko ere. Ondorengo urratsa 3-4 urteko ikasleak aurkitzea izan zen eta ondoren lekua bilatzea. Parrokiak bazeukan etxe handi bat Zentrua bezala ezaguna zena eta D. Dionisiok han hasiera batean utzi zuen lekua.

Ikastolaren aldeko aurreneko ekintzaileen artean Maria Arizmendi, Xabier Larretxea, Benantzio Laskibar, Anselmo Unanue, Maria Arizmendi, Sabina Arruarte eta Jazinto Fernandez, Gipuzkoan ikastolak antolatzen zebilen urnietarra, aipatu behar dira.

Ikastolaren izenari dagokionez, Egape izena berriz, ikastolen historian hain garrantzitsu izandako Elviria Zipitria andereñoak proposatu zuela esan behar da. "babesa" adierazten du. Egapeko lehen andereñoa Maripi Sarasola izan, geroxeago Arantza Etxeberria hasi zen.

Ikastola "Catequesis Parrokial" bezala, elizaren babesean, hasi zen. Hasierako urtean eskola nazionaletako irakasleek aurre egin zioten. Hauek ikastolaren proiektuari aurre egiteko ikastetxe berria egiten hasi ziren eta Elizaren gelak okupatu, etxe berean bi gela hartu eta maisu eta maistra erdaldunekin ikastolako haurren aldamenean jarriz.

Ikastolaren hasiera haietako kezka nagusia arazo ekonomikoa izaten zen, baina haurren hilerokoa, bazkideen ekarpena, errifak eta tonbolari esker lortzen zuten aurrera egitea. Aurreneko irakasle tituluduna Milagros Ugartemendia eta Mikel Arregi izan ziren. Ondoren Juxto Egaña ( 1969) eta Begoña Goya (1971) etorri ziren. Andereño eta irakasle hauek ikastolan hasi aurretik "praktikak" egiten zituzten beste ikastoletan. Urnietako andereñoek Hernaniko ikastolarekin izan zituzten lehen harremanak. Han egin zituzten bere "praktikak" aurreneko andereñoa izan zen Mari Pilar Sarasola, baita ere hasierako honako andereñoek: Nerea Eizagirre, Amaia Unanue eta Marixabel Aldasoro.

1969. urtean lehen hezkuntzako lau gela legeztatu ziren D. Jose Goya orduko erretorearen gestioari esker. 1973.ean OHO-ko ikasketak amaitzera (6. 7. 8. mailak) Andoaingo Aita Larramendi ikastolara joaten ziren ikasleak (1973tik 1978ra Ikastola honekin fusionatuta egon zen).

1977ko urtarrila batean hartu zen da kooperatiba sortzeko erabakia, eta 1978ko ekainaren 26an Notario aurrean egin zen titularitate aldaketa eta Eskola Parrokiala izatetik "Cooperativa de Enseñanza Egape" izatera pasa zen, lehen estatutu eta batzorde iraunkorra eratuz. 1978.an, bertan OHO-ko 6.maila ematea erabaki zen.

1980.ean Lizardi kaleko eraikuntza amaitu zen gurasoen lan eskergari esker eta horren ondorioz OHO osoa leku berean ematen hasi ziren. 1980-81 ikasturtean Egape ikastola lehen aldiz zortzigarren maila ematen hasten da, eta OHOko maila guztian eraikuntza bakar batean sartu ziren.

Egape Ikastolak Aita Larramendi, Andoaingo Ikastolarekin batera, Kilometroak 90 jaia antolatu zuen eta diru iturriak eskolaurreko eraikuntza egiteko erabili ziren. Urnieta eta Andoaingo Ikastolaren arteko harremanak onak izan ziren eta neurri handi batean mesedegarriak urnietarrentzat. Fusio saiakerak egin ziren, baina Delegaritzatik moztu egin ziren saiakera guztiak.

1993. urtean Haur Hezkuntzako eraikuntza altxatu zen. Eta urte berean, 1993ko maiatzean, Ikastolak sare publikoan integratzea erabaki zuen, bere titulartasuna Eusko Jaurlaritzaren esku utziz. 1996/97 ikasturtean Egape Ikastola eta Azkorte Eskola Publikoa elkartu egin ziren. Elkartze horren ondorioz Haur eta Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroak sortu ziren. Gaur egun zentro bakar bat bezala funtzionatzen du.