Écoles basques

Dunixi ikastola. Pasai San Pedro

1966an, Ibon Fresnedo izan zen San Pedron ikastola irekitzeko urratsak ematen hasi zena. Guraso honek Donostiara, Elbira Zipitria andereñoarengana, ematen zuen bere alaba. Maistra behar eta apaizarekin hitz egin ondoren jakin zuen herrian bazela katekesia euskaraz ematen zuen neska bat, haurrekin oso ondo moldatzen zena, eta hura izan zitekeela ikastolako andereñoa. Pilartxo Arratibel zen une haietan katekesia euskaraz ematen zuen neska hura. Honek ez zuen ordea maistra titulurik, eta ikastolen dinamika gertutik ikusi eta ikusitakotik ikasteko 1966ko apirila, maiatza eta ekaina Santo Tomas Lizeoan egin zituen andereño Karmele Esnalekin.

1.966ko irailean hasi zen, beraz, Dunixi Ikastolaren lehen ikasturtea. 17 bat haur bildu zituzten lehen ikasturtea izango zen 1966/67rako. Gurasoek argi zuten egiten ari ziren lan hura euskara eta euskal kulturarekin oso lotua zegoela eta horregatik San Pedron kulturarekin lotuta zegoen Dunixi Inda margolari ospetsuaren omenez Dunixi Ikastola deitu zen ikastola.

Bigarren ikasturtea, 1967/68a, ondoren San Pedroko Liburutegia izango zen gunean egin zuten. Ordurako haur kopurua ere handitu zen. Hirugarren ikasturterako Dunixi ikastola zena Kepa Deun ikastola bihurtu zen.

1968ko abuztuaren 9an Oltra Moltok ikastola guztiak debekatzeko agindua eman zuen. Abuztuaren 23an Federación Diocesana de Ikastolas sortu eta Elizak ikastola guztiak babesean hartu zituen debeku hari aurre egiteko. Ikastola askok izena ere aldatu behar izan zuten, San Pedrokoak kasu. Kasu honetan izenaz gain, egoitza ere aldatu behar izan zuten. Alkatea hainbatetan ikastolaren laguntzaile izan bazen ere, behin frankismoak Ikastolak debekatu zituenean Liburutegiko lokala kendu egin zien. Hirugarren ikasturtea estreinatzearekin batera, beraz, hirugarren egoitza ere estreinatu zuen San Pedro ikastolak, apaizaren etxean hasi zuten 1968/69 ikasturtea.

1969/70 ikasturtean 40 ikasle inguru zeuden ikastolan. Hauei erantzuteko Felisa Ruiz de Oña andereño donostiarra ekarri zuten ikastolara. Ikastolan ez zuten eskolaritate kartilarik eta Carmen Antiak, orduko eskola nazionaletako maistrak sinatzen zituen haiek. Honek esana zien Pilartxo Arratibeli Inspektoreen bisita zaindu behar zela eta elkarri abisua ematen zioten.

1970/71 ikasturtea Karitateko Mojen etxea Zaharren egoitza egin zuten, hor hiru ikasturte egin zituzten. Ikastolako ikasleek 1973/74 ikasturtea, Esnabide kaleko gelan hasi zuten. Ordurako hasia zen ikastola txikiak bildu eta bailarako ikastola egiteko bidea. Esnabide kaleko lokal hau ere Aramendi alkateak eman zien. Gurasoek lokal hau atontzen izugarrizko lana egin zuten.

1976an Lezoko Ikastolaren titular berria izendatzen da, Gaztetxulo S.A., aldaketa honen arrazoia izan zen Pasai Antxo, Donibane, S. Pedro, Trintxerpe eta Lezoko ikastolen elkartzea. 1979an Donibanen Lizeo berria egin zuten, ikastola guztiak elkartuz.

  • Pasai-Lezo Lizeoa. Ibilbide baten historia. Pasaia: Pasai-Lezo Lizeoa, 2001.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.