Écoles basques

Bonanza Ikastola. Pasai Donibane

Pasai Donibanen euskara gainbehera zihoala eta zerbait egiteko beharra ikusi zuten bertako hainbat euskaltzalek, horien artean Jose Joakin Irigaraik. Ikastola sortzearen ideia, Andoni Egiak eman zion eta horrela 60ko hamarkadaren erdialderako, 1965ean, lortu zuten ikastolako gela bat irekitzea, hasieran Rosarito Folgado andereñoarekin hasi ziren. Hasierako ikastola Bonantza ondoan egon zen, egoitza Udalak utzitako eta gurasoek atondutako lokal bat izan zen.

Lehenengo urteetan haur gutxi ibili ziren ikastolan. Urtero, hala ere, haurren kopurua igo egiten zen. Ez zen erraza gurasoek euren seme alaben heziketa sortu berria zen ikastolaren esku uztea, beldurra izaten zutelako. Hasierako ikastolak baimen gabe jardun zuen, Hezkuntza Sailari baimena eskatu arren honek ukatu egin baitzuen. Horrela Bonantza Ikastola hasieran Elizaren babesean egon zen - bera izan zen lehen titularra,- eta katekesi modura, 1969an, baimena izatea lortu zuen. Rosarito Foigado andereñoaren ondoren, Lurdes Sistiaga, Marian Etxezarreta eta Ixiar Korta aritu ziren ikastolan. Ixiar Korta izan zen Donibaneko ikastolako lehen andereño tituluduna, ordura arte, gurasoentzako nahikoa zen euskalduna izatea eta haurrekin egoten jakitea. Garai hartan, ordea, Inspektoreek tituluak eskatzen zizkieten andereñoei.

Ikastolaren sorrera euskara eta euskal kulturaren aldeko mugimendu gehiagorekin uztartu zen Donibanen. Horrela ikastolarekin batera Gau Eskola zabaldu zen eta bertara guraso batzuk eta herriko gazteak joaten ziren euskara ikastera.

Donibaneko ikastolak hainbat egoitza izan zituen Lizeoa sortu arteko urteetan. Bonantza ondoko lokal horretatik katekesia ematen zen lokaletara pasa zen. 1977an Itsas Mendi elkarteko lokalak erosi ziren eta Itsas Mendin lau gela izan zituen ikastolak; Cooperativa Santo Cristo de Bonanzak ere bi gela utzi zizkion San Roke kaleko etxeetan.

70eko hamarkadaren hasieran guraso eta laguntzaile berriak hasi ziren ikastolako juntan lanean. Ondorengo urteak Pasai-Lezo inguruko ikastolak elkartzeko urteak izango dira. 1976an Lezoko Ikastolaren titular berria izendatzen da, Gaztetxulo S.A., aldaketa honen zergatia zera izan zen, Pasai Antxo, Donibane, S. Pedro, Trintxerpe eta Lezoko ikastolen elkartzea. 1979an Donibanen Lizeo berria egin zen, ikastola guztiak elkartuz.

  • Pasai-Lezo Lizeoa. Ibilbide baten historia. Pasaia: Pasai-Lezo Lizeoa, 2001.
  • Agirre, P. Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala, 2012.