Concept

Baxenabarreko ihauteriak

Ihauteriek aspaldidanik ukan dute beren garrantzia Baxenabarren. Neguko bestaren markatzeko molde ainitz izan dira probintzia hortan. Hemen testuinguru desberdin horiek ditugu aipatuko, kari horietarat emaiten ziren dantza eta soinuen xehetasunetan sartu gabe (ikus: Aranburu, 2008).

Masken etxe kurrida denetan egiten zen, herri xume eta berdin gotorretan. Soinuarekin edo gabe, herriko gazteak ibiltzen ziren etxez-etxe xingar eta arroltze eske. Berekin zeramazten frangotan, Lapurdin bezala, alegiazko esposak, hartza eta bere erakuslea. Maskak egun gizenetan ateratzen ziren, eta dena Haustez edo asteart-ihautez bururatzen zen, lekuka bederen, Zan Pantzarren jujamenduarekin. Joko berezi batzu egiten ziren kari horretarat.

Donoztirin, gizon batek "Martin gizena" panpina bazeraman asto baten gainean, gaztek harrapatzeko gisan. Halaber, Arnegin eta Luzaiden "atxo ta tupina" jokoan, laparrez estalitako ardi larru bat behar zitzaion gazte bateri bizkarretik kendu. Joko hori Baxenabarre osoan hedatua omen zen, bainan 1914 aintzin suprefetak debekatu zuen Frantziako partean bortitzegia zelakotz. Ondorioz, Luzaiden beizik ez zuten beiratu. Donibane Garazin, Zan Pantzarren eguna besta haundia zen. XX. mende hastapenean oraindik, Izpurako soinulariek Adiou praoube San Pantzar doinu kaskoinarekin laguntzen zuten kondenatua, eta alegiazko prokuradore batek (luzaz Sauveur Harruguet huxerra) Pantzart-en kontrako laidoen litanietan euskera, latina, frantsesa eta kaskoina nahasten zituen (Harruguet, 1936). III. Errepublika garaian, Zan Pantzarren auziak politizatzen ziren usu, eta xuri-gorrien arteko lehi bihurtzen, batez ere Donapaule edo Donibanen.

Herri zonbeitetan, maskez gain, gazteriak dantzari multxo bat osatzen zuen eske ibiltzeko. Aldudeko ballean, "karatotxak" deitzen zituzten talde horiek. Santibatek andere koplak kantatuz ibiltzen ziren eske. Esnazu auzoak ere bazituen bere karatotx propioak. Itxura guzien arabera, Arnegi-Luzaideko libertimenduak ere garai batez "karatotxak" deitu izan dituzte, ihauteriz iragaiten zirelarik segurik (Sagaseta, 2011). Halaber Mendibeko gazteriak 1892ko ihauteri undarra markatu zuen "(...) eskual herrian costuma den bezala caratotchac eguinez" (Le Réveil basque, 27 mars 1892), nahiz eta ez den argi kabalkada, tobera edo dantzari ibilaldi xoil bat izan ote zen.

Garaziko eskualdean, ihauteriz eske ibiltzen ziren alde batetik maska eta buhameak Santibateko koplak emanez, urtats eta asteart-ihaute artean. Bertzalde, ihauterietako azken egunetan ateratzen ziren dantzari eta zaldun talde osatuagoak, kabalkadak edo libertimenduak emanez. Noiz behinka eta suiet berezi bat bazelarik, karrusak emaiten ziren, alegiako auzi batekin. Ihauteria ezkontza garaia izanki, arraezkontzen ziren alargunek frangotan orduan -bainan urteko bertze sasoinetan ere- zuten jasaiten gazteriaren gaztigu sinbolikoa. XIX. mende undarrean, Bentaberry dantza maisu eta soinulari anaien eraginez (Aurnague, 1993), hasi ziren suietik gabeko kabalkadak egiten urtero ihauteriz Garazi inguruan, bereziki Izpura (herri hortan aspaldiko usaia zela badirudi), Uharte-Garazi, Arnegi eta Luzaiden (Guilcher, 1984: 536). Donibane Garaziko kabalkada aldiz gehienetan Bazko astelehenez edo Mendekostez zen ateratzen. Libertimendu horietan frangotan agertzen ziren baita ere koblariak, beraz gai zerbeiten menturarekin. Kabalkada aterako zen baita ere pertsonalitate baten bisitaren karietarat. Ohargarri da adibidez 1893an Berdoly diputatu gorriaren ohoretan Izpurak apailatu zuen kabalkadan dantzari eta zaldizkoetaz gain jaun anderea, koblaria, huxerra eta medikua agertzen zirela, nahiz eta auzi edo toberarik ez izan, figurante bezala. Ararteko forma batzu baziren beraz. Luzaideko errekan, 1929 inguruan egin zituzten azken aldikotz karrusak Arnegin -Luzaiden debekatuak izanki-, bainan bertzalde segitu zuten urtero bolanten besta ospatzen Luzaiden, koblariekin bainan auzirik gabe (Sagaseta, 2011: 456-471). Astolasterrak ere egiten ziren senar-emaztea mokoka ari zirelarik, edo bertze edozoin eskandala gertatzen zelarik. Mendiben 1930eko urtarrilan eman zituzten ohointza baten salatzeko:

"Ihautiri huntan izan dugu asto lasterka bat herrian. Garazin holako jostetak egiten dire zerbeit scandala emana delarik: bainan arrazoin hori bakarra baita, hainitzetan egiten dute jostatzeko bakharrik. Gure asto lasterkan uste ez zena gertatu da, ohoin bat arrapatua izan da. (...) Iratiko langile italiano baten zapata kablearekin heldu, artzain batek ebatsi eta zapeta hek soinean agertu da Mendiben."( Eskualduna, 31 janvier 1930)

Baxenabarreko bertze haranetan (Arberua, Amikuze, Ortzaize, Oztibarre, Baigorri) gehienetan suietik gabeko kabalkadarik ez zen emaiten. Tobera-mustrak ihauteriz emaiten ziren frangotan, bainan urteko bertze sasoinetan ere, adibidez Bazko astelehenez edo Mendekostez. 1889ko ihauteriz "pastorala" bat muntatu zuten Behauzen, bainan frangotan pastorala izena emaiten ziozkaten asto laster batzuer, baimenaren ardiesteko gisan. Hain segur Garaziko edo Arberukoen pareko tobera mustra edo libertimenduak egiten zitaizken probintziaren iparraldean ere. 1850eko maiatzean, ihauteritik kanpo beraz, Donapauleko auzapezak debekatu zituen hiria gauaz eta egunaz kurritzen zituzten ibilaldi dantzatu, kantatu eta musikatuak, erranez promenades horien funtsezko helburua justiziaren deliberoen aurka asaldatzea zela. Oztibarren, Baxenabarreko kabalkadetaz gain, Xiberuko eragina sendi zen baita ere ihauterietan. 1902an Donaixtin "maskarada" bat muntatu zuten, "chibalet" edo zamaltzain dantzariarekin. Izuran, Hauste egunez egiten zen merkatuan, dantza jauziak antxeretan ezartzen ziren Oztibarre eta Xiberuko herrien artean, pastoraletan bezala (Jakes Cazaubon-eri entzuna ). Halaber, badirudi Amikuzeko astolasterrek, antzerki satiriko bezala, Xiberukoen egite haundia bazutela (Urkizu, 1998; Hérelle, 1925). Baigorrin 1920 urteetarik aintzina hasi ziren suietik gabeko kabalkadak apailatzen erregularki, Garaziko adibidea segituz.

Azkenik, ihautiriko besta giroan hunenbertze dantzaldi antolatuak ziren han eta hemen. Besta horietan ageri ziren klase sozialen arteko harremanak ere, batez ere hiri gotorretan. Donibane Garazin 1832an gertatu zen eskandala haundi bat. Donibaneko gazteriak ihauterikari herriko etxean eman behar zen dantzaldian ez zuen zapatainen kasta onartu nahi izan. Auzapezak bitartekaritza zerbeit entseaturik ere, gazteriak ikaragarriko galarrotsak egin zituen gauaz zapatainen eta auzapezaren kontra (Reicher, 1937). Afera mindu zen giro politiko (frantses karlista eta liberalen arteko lehia) eta sozial (1831an izan ziren asaldatzeak Garazin ogi esportazioaren prezioen gatik) dorpeen gatik. Ihauterietan ere klase sozialen arteko desberdintasunak ageri ziren. Herriko artxiboek diotenez, klase bakotxak bere dantzaldia bazuen:

"il y a eu chaque Carnaval des bals de Société de diverses classes chaque fois que le Maire l'a permis (...) les bals permis jusqu'à présent en Carnaval n'ont pas excédé cinq à six par an; et qu'on n'y danse point dans les autres saisons de l'année, à l'exception d'un ou deux bals à la fête locale". (Délibérations communales, 29 mars 1834, Archives municipales de Saint-Jean-Pied-de-Port.)

Halaber, Donapauleko herriak antolatzen zituen "klase" desberdinen arteko dantzaldiak besta ofizialetan, adibidez 1823an Charles X-en bestarentzat, edo 1833an Louis-Philippe erregearen bestarentzat (Délibérations communales de Saint-Palais, 4 novembre 1823, 27 avril 1833, Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques). Zatiketa sozialetaz gain, politikak kutsa zezaken besta. 1913ko ihauterietan Izpurako gazteriak nahi izan zuen, usaia zuen bezala, bere kabalkadarekin Donibane Garazin barna joan Uhartera. Donibaneko kontseilu errepublikarrak aurka bozkatu zuen, eta izpurarrek behar izan zuten hiria trebesatu ixilik, launazka eta jandarmek inguraturik, laister deputatu "xuri" bilakatuko zen Jean Ybarnégaray abokata buru zutela.

Auzo probintzietan bezala, ihauterietako ohidurak hein batean ahuldu ziren Baxenabarren bigarren gerla biharamunean, eta bereziki 1960 urteetan. Toberen berpiztetik landa (1974an bezala Iholdin), emeki-emeki, ihauteriak berriz ospatzen hasi ziren han eta hemen. Azken urte hauetan, Santibate eta libertimenduak berriz urtero emaiteari lotu ziren Garazin eta Amikuzen. Karatotxak berriz abiatu zituzten Bankan. Izan ziren baita ere ihauteri ibiltari entsegu batzu Hazparneko herrialdean, Baxenabarreko Arberua barne. Lapurdi eta Xiberun bezala, bere buruaren berrasmatzen aintzina segitzen du ihauteriak Baxenabarren.

  • AURNAGUE, Michel."Faustin Bentaberriren eragina Baxe Nafarroako musika eta dantzetan : aparteko kasu bat". Txistulari, 1993, 156 zenb.
  • euskomedia.org/aunamendi [web] ARANBURU URTASUN, Mikel. Nafarroa Behereko dantzak. [kontsulta data: 2012 irailak 18a].
  • GUILCHER, Jean-Michel. La tradition de danse en Pays Basque français et en Béarn. Paris: MSH, 1984.
  • HARRUGUET, Sauveur. Ihautiri solas. Oraisons funèbres de Carnaval. Bayonne: Imprimerie Porché. 1936.
  • HERELLE, Georges. Etude sur le théâtre basque: le théâtre comique. Paris: Champion, 1925.
  • REICHER, Gil. "Un charivari qui finit mal en 1932 à Saint-Jean-Pied-de-Port en 1832". Bulletin de la société des sciences, lettres et arts de Bayonne, 1937, 21 zenb., 38-45 orr.
  • SAGASETA, Miguel Angel. Luzaideko ddantzak. Danzas de Valcarlos. Bilbo: Gara, 2011.
  • URKIZU, Patri. Zuberoko irri teatroa. Recueil des farces charivariques basques. Baigorri: Izpegi, 1998.