Arkitektura

Ziortzako kolegiata. Ziortza-Bolibar

Ziortzako kolegiata Ziortza-Bolibar herritik pare bat kilometrotara dago, Oiz mendiaren magalean. Erdi Aroan kostaldeko Done Jakue bidearen geldiune garrantzitsu bat zen, eta erromesak artatzearen helburuarekin izan ditu aspaldidanik hospitalea eta aterpetxea.

Horrelako mendiko tenpluetan ohikoa den legez, bere jatorria azaltzen duen kondaira bat dago. 968 urteko Igokundearen egun batean, inguruko eliza batetan meza entzuten zeuden herritar batzuek, ikusi omen zuten arrano bat burezur bat hartuta hegal zihoala. Arranoak burezurra Oiz mendiko magalean utzi omen zuen, eta herritarrek jainkoaren seinale bezala interpretatu zuten, eta horregatik toki horretan eliza bat eraikitzea adostu zuten. Kondaira honek bizirik darrai memorian oraindik ere, kolegiataren armarrian arranoa eta burezurra agertzen baitira. Jatorria edozein dela ere, 1082an dokumentu historikoetan agertzen da iada, eta badakigu 1379an Kolegiata izendatu zutela.

Alegia, katedrala izan gabe kabildoa eta abadea duen eliza bat, bertako liturgia katedral batekoaren parekoa delarik. Kolegiata bezala mantendu zen 1851 urterarte, orduan parroki izaera hartu baitzuen. XIX eta XX. mendean biziraupena arriskuan egon zen baina 1988an Nafarroako La Olivako monastegiko monje zistertar batzuk berriz ere berpiztu zuten. Historian zehar izandako gorabehera guzti hauek ondare artistikoan eragin zuzena izan dute, eta horren ondorioz gaur egun ikusi daitekeen eraikuntzen multzoa oso eraldatuta dago, jatorrizko multzoko zati batzuk desagertu direlako.

Orain dirauten eraikuntzak eliza, klaustroa, abadearen etxea eta kanonigoen etxeak dira. Eliza tenplu txiki bat da, nabe bakarrekoa, bi tramuz osatua. Burualdea poligonala da. Eraikuntza kanpoaldean harladuzkoa da eta barrualdean harlangaitzazkoa, dudarik gabe kareztatu eta pintatzeko pentsatua baitago. Estalkiak gurutz-gangak dira. Burualdean adibidez ganga erradiala da baina berezia: nerbioak mentsula batzuetan eusten dira, eta plementuak ere mentsula horietatik jaiotzen dira, burualdeari espazialtasun berezi bat emanez. Zeberioko Olabarrietako San Tomasen elizak ere antzerako ganga bat dauka.

Elizaren sarrera nagusia eliz atari eder batek babesten du. Mihiztatutako egurrez egindako estalkia du elizpeak eta Euskal Herriko arotzen teknika tradizionalaren erakusgarri on bat da. 1560an egin zuen Pedro de Orma maisuak. Elizpe honek babesten duen sarrera arku zorrotzekoa da, txaranbeldua, eta dekoraziorik gabea. Arku eskartzanokoa da atea, eta haren gainean tinpano bat dago, eskultura batzuk dituelarik. Kristo Salbatzailea agertzen da bertan, tronuan exerita dagoela eta bere zauriak erakusten dituela, gizateria salbatzeko hil dela adieraziz. Haren ondoan bi aingeru ditu, haize-instrumentu bana jotzen. Ez dira kalitate haundiko eskulturak, baina harrian egindako eskultura gotikoen eskasia dela eta, kontutan hartzeko irudiak dira.

Tenpluaren eraikuntzari buruzko datu zehatzik ez dago, baina arestian aipatutako ezaugarriei begiratuta, 1500 urte ingurukoa dela esan dezakegu, Euskal Herrian izan zen eraikuntzaren gorakada itzelaren garaikoa hain zuzen.

Beranduxeago egingo ziren atxikituta dituen kaperak eta dorrea ere. Bi kapera ditu elizak, biak 1530 inguruan eginak. Bata burualdean bertan dago eta Irusta abadearena da. Oinplanu karratukoa da eta tertzeletezko ganga batekin estalia. Oso txikia da baina Bizkaiko kaperarik interesgarrienetariko bat da barruan duen hilobi bikainarengatik. Irusta abadearen hilobia Errenazimenduko arkosolio bat da, eta abadearen erretratu errealista bat du, belauniko, otoitz egiten aldare nagusiari begira. Haren ondoan Done Jakueren irudi bat. Kapera honen barruan ere badago Pietatearen erretaula bat (hortik kaperaren izena, Pietatearena edo Angustiarena). Bi obra hauek Beaugrant eskultore franko-flandestarren obra bikainak dira, eta hilobiaren kasuan, tipologia honetako bakarretakoa. Kapera ixten XVI. mende erdialdeko burdin hesi on bat. Abadearen armarriak agertzen dira nonahi.

Bigarren kapera, San Mikelena, lehen tramuan dago, justuki dorrearen oinarrian. Hau laukizuzena da eta dekorazio estua duen arku zorrotz batekin irekitzen da. Sarrerako arkuan irudi batzuk ditu tailatuak, animaliak eta gizakiak. Bi kaperak kronologi berekoak dira baina Irusta abadearena Errenazimendukoa eta guztiz modernoa den bitartean, San Mikelena atzerakoiagoa da, pentsamolde gotikoa baita nagusi bai egituran eta bai exekuzioan ere.

Korua ere XVI. mendearen 30-40. hamarkadakoa da, eta Irusta abadearen armarrien antzerako batzuk ditu, beraz pentsatu daiteke abadearen familiak ordaindu zuela bere eraikuntza. Elizako aipatzeko azken elementua burualdean duen erretaula nagusia da, hau ere XVI. mende hasierakoa eta Errenazimenduko hotsak Euskal Herrira iristen ari zirenen garaikoa. Gaur egun eraldaltua dago, beheko partea XVIII. mendekoa baita (1743koa zehazki). Goikoari dagokionez, Markina-Xemeingo erretaularen ahaidekoa da egitura bera baitute. Juan de Larrume zizelkatzaileak eta Juan de Anitua eta Pedro de Orma mihiztatzaileek egin zuten, eta Anse maisu flandestarraren eta Pedro de Mazaga eskultorearen zatitxoak ere baditu. 1543tik aurrera egin zuten lan artista hauek.

Klaustroa 1560 inguruan egiten ari zirela badakigu, dokumentazioari esker. Miguel de Bolívarrek trazatu zuen eta Juan de Olate harginak egin zuen urte horren inguruan. Karratua da eta alde bat elizari itsatsita dago, koruarekin bat egiten duelarik. Bi solairuko patio errenazentista bat da eta hizkuntza klasikoa erabiltzen du: erdi puntuko arkuak, koloma toskaniarrak, balaustrada bat, tondoak arkuen enjutetan. Hainbat tokitan erromes txirla batzuk daude, Irusta abadearen enblema dena, eta horregatik pentsatu daiteke agian abadeak eta bere familiak finantziatu zutela obra hau. Benetan klaustro ederra da, proportzionatua, orekatua eta dekorazio eskasekoa, pentsamolde klasizistari gustatzen zaion bezala, eta deigarria da klaustro hau horrelako oso gutxi daudelako Euskal Herrian.

Eraikuntza hauetaz gain badaude beste batzuk, baina ez dute aipamen artistiko berezirik behar, arkitektura arruntak eta herrikoiak direlako. Harlangaitzezko etxeak dira, jatorrian abadearenak eta kanonigoenak izan zirenak eta gaur egun oso eraldatuta daude mendeetan zehar izan dituzten erabilpen ezberdinengatik.

Ziortzako Kolegiata debozioaren ikuspegitik garrantzitsua bada, ez da gutxiago artearen aldetik. Egitura gotikoaren bukaeran egin zen modu xume batean, baina Errenazimenduko zati bikainak ditu, Irusta abade humanistari esker dudarik gabe. Hark finantziatu zituen kolegiatako elementurik aipagarrienak: bere hil kapera, korua eta klaustro bikaina.