Ikastolak

Zestoako Ikastola

Zestoako Ikastolaren lehen urratsak aipatzerakoan, kontutan izan behar dugu Zestoan, 1960ko hamarkadan, euskal kultura suspertzen aritu zen giza taldea. Talde honek antolatu zituen 1963 eta ondorengo bizpahiru urtetan ospatu ziren Euskal Jaiak, Udalaren laguntzaz. Festa hauek gehiago ez ospatzeko aitzakia zera izan zen, Ikurrinaren aldarrikapena egin zela, alegia, norbaitzuk ilegala zen ikurrina plazaratu zutela eta hau gaizki ikusia zegoen agintarien aldetik.

Baina euskal kultura suspertzea ezik, beste urrats batzuk eman beharra argi ikusten zuten hainbat herritarrek, hots, euskal eskola bultzatu behar zela. Horrela, Ikastolaren ekimena bultzatzeko zenbait herritar biltzen hasi ziren, horien artean Joxe Sagarzazu, Agustin Gaztañaga eta Imanol Alberdi. Abiapuntu ekonomikoa zera zuten Euskal Jaietatik gelditu zitzaizkien 7.500 pezeta. Aurreneko harremanak Zarauzko Ikastolarekin izan zituzten, ondoren eskualde mailako bileretara joaten hasi ziren.

Hasieran Ikastolaren suspertzaileak zenbait guraso izan ziren, gero herriko gazteak, laguntzaileak eta enpresetako langileek (Guztiok Bat ...), denek gogoz ekin zioten lanari. Euskal Kulturaren aldeko batzordea sortu zen, eta honen zeregin nagusiena Ikastolaren alde diru biltzea izan zen.

1966ko irailean ireki zen Zestoako Ikastola. Gelak lortzeko D. Angel Arandia herriko Erretorearengana joan ziren eta "Zentrua" deitzen zen lokaletan lortu zituzten aurreneko gelak. Aurreneko egunean, 11-15 haur bildu ziren eta lehen andereñoak Joxepa izeneko donostiar bat eta Pepita Iriondo herritarra izan ziren, gero Begoña Unanue etorri zen, Pepita Iriondo Santo Tomas Lizeora praktikak egitera joan zenean. 1967-68 ikasturtean, 30 ikasle eta bi andereñorekin hasi zen.

1868ko udazkenean, Oltra Molto gobernadoreak, guardia zibilak bidali eta hauek Ikastola itxi egin zuten. Zestoako ikastola izan zen lehen itxi zutena, gero beste ikastola asko itxi zituzten. Irtenbidea aurkitu behar eta Ikastolek Elizaren babesa bilatu eta kasu gehienetan aurkitu zuten, honek Konkordatuari esker hezkuntzan zituen eskubide batzuk erabiliz. Eguneroko lanari buruz esan, ikasleek batzuk goiza sakristian pasatzen zutela eta arratsaldean mendian. Beste batzuk andereño baten etxean jasotzen zuten eskola, garai honetakoa da baita Karmele Izeta andereñoa. Egoera honetan ezin luze jarraitu eta zenbait herritarren konponbiderako urratsak eman zituzten, hauen artean Aita Elizegi eta Jose Lasa kalonjea aipatuko ditugu, baina Gobernadorearengana ere joan arren ez zuten ezer lortu. Egoera larria izanik, D. Angel Arandia erretorea egin zen egoeraren kargu eta Ikastola berriro Zentroko lokaletara joan zen. Ordutik aurrera ikastola ofizialki Parroki-Eskola bihurtu zen, eta ez zuen arazorik izan.

Eskolaurrea eskola honetan ematen zen eta 1969-70 ikasturtetik aurrera Zestoako OHO-ko ikasleak Loiolako Ikastolara joaten hasi ziren. 1976-77 ikasturtean eskolaurreko ikasleak Idiazpiko geletara pasa ziren. 1981-82 ikasturtean OHO zikloa Zestoan antolatzea erabaki zen eta urte horretan ziklo horretako lehen lau mailak bertan gelditu ziren, polikiroldegian hiru gela antolatuta.

1982-83 ikasturtean Zestoako Ikastolako Eskolaurreak Eskola Transferituetako Eskolaurrearekin fusioa osatu zuen, Hezkuntza Saileko arduradunen aholkularitzapean; aurrerantzean juridikoki 2 ikastetxe zeuden: Ikastola eta Eskola Publikoa, funtzionamendu bateratuarekin. 1983-84ean Zestoako Ikastolak eta bertako Eskola Transferituak OHOko fusioa egin zuten.

1990an Ikastolako Batzorde independientea desagertu egin zen, bere funtzioa Herri Eskolakoak betetzen zuelarik, baina oraindik juridikoki 2 ikastetxe izaten jarraitzen zuten. 1990-91 ikasturtean estreinatu zuten ikastetxe berria. 1993ko Publifikazio Legearen ondorioz ikastetxea Administrazioaren eskola publiko bezala gelditu zen.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • EHAA - 1994ko otsailak 28, astelehena, 40. zenb., 632. orria 54/1994 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa.
  • Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatiba: 25 urteurrena 1965/66 -1990/91 (25 urte bidea urratzen). Iturriak bilduma. Azpeitia Zubi inprimaketa. 1991.