Ingeniariak

Villarreal de Bérriz, Pedro Bernardo

Industrialaria eta ingeniari arrasatearra. Arrasate, ca. 1669-05-26 - Lekeitio, 1740-02-19.

Zientziarekin eta teknikarekin zerikusia duen lanean ezin zitekeen euskal ingeniaritza gailurreratzen duen lan ikaragarria aipa gabe gelditu: Máquinas hidráulicas de molinos y herrerías. Bere egileak, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz ia ingeniari eredua irudikatzen du.

Aro intelektual handi biren artean (Barrokoa eta Ilustrazioa) izandako pertsonaia da; bere eraikuntza-gastuak bere industrietara bideratu zituena; zientzia modernoa eta gauza erabilgarrietarako bere aplikazio praktikoa gogoko zituena; bere garaiari aurrea hartzeko buruargitasuna eta Euskal Herriaren modernizazioan gehien inplikatu zen mugimendu intelektualaren [Ilustrazioa] hasieran parte hartzeko trebetasuna izan zuena da.



Sendi aberats baten jaioa izan arren, ez zen Frantzian hezia izan (euskal aristokrazian ohikoa zen bezala), eta 1680an Bergarara igorri zuten, bertako jesulagunen Ikastetxean zientzia aplikatuetan, eta berezitasunez, matematika-arloarekin, zaletuz. Bere erdi-mailako ikasketak Iruñean egin zituen, Filosofiako bi ikasturte bertan eginez. 1684an Salamancara joan zen legeak ikastera, unibertsitate horretan katedraduna zen bere ahaideetako bati, Juan de Andicanori, jarraituz. Hala ere, lar burokratikoegitzat jo zuen, bere ordez jesulagunekin ikasitako mekanikaren edota hidraulikaren pragmatikotasuna nahiago izanez.

Hamazortzi urtez, behin burujabe zela, Berrizen eta Arrasateren artean, sendiko burdinoletariko batzuetan lanean hasi zen. Eskarmenturik ez zuen arren, ondasun nabarmena kudeatzea lortu zuen. Geroago adieraziko zuen bezala : 'burujabetu nintzenetik...berrogeita zortzi etengabeko urteetan nire eta nire semeen ondasunetan ez zait ia inoiz Lanik falta, gehienek Burdinoletan eta Haize errotetan izanez' (Villarreal, 1736: ataria). Garatutako bere ekimen ikaragarriak harritu egin gaitzake: Berrizko burdinola berregin zuen, Lekeitioko Uriarte Jauregia, Lauritzko, Beaskoako eta Gizaburuaga Biazkoako etxe erreak berregin zituen, Bengoleako ur-iraganaren errota egin zuen, bere ondasuneko zuhaitzik gabeko mendi guztiak landatu zituen, arkitektura-egitasmoei ekin zien, eta, hori guztia gutxi balitz, Lekeitioko alkate ere, hiru alditan, izan zen.

Ekintza horien guztien bitartez, Villarrealek olak zituen kapare eragilearen zentzuzko zeregina irudikatu zuen eta merkataritzan aritzen zen 1783ko Errege Zedula batek zioen bezala 'bere kaparetasuna galdu gabe'. Eta egia esan, sortu zuen merkataritza- eta teknika-antolaketa bere planteamendu erraz baina eragileagatik eredugarria da; zaharberritutako burdinoletan burdina lantzera mugatzetik urrun, beraientzako bere errotek eta baso-ustiaketek ematen zioten energiaz baliatu zen; eta are gehiago, ontzidi propio bat egitera ere iritsi zen (zortzi itsasontzira artekoa !!!), bere ekoizkinak komertzializatzeko bere ondasuneko egur eta burdina erabiliz.

Peñafloridako Kondeak mende erdi geroago bezala, Villarreal bere herrikideen beharrizan sozioekonomikoekin sentibera zen, eta horretarako, oro har eraginkortasun urriko kapare espainiarrek ez bezala euskal aristokrazia, batik bat ekintzaile talde bezala ulertuz, nabarmendu zen tokiko etekin ekonomikoa hobetzera bideratutako ekimen pragmatikoak bultzatuz jardun zuen.

Kantauri itsasertzeko superintendente lanposturako Antonio de Gaztañetak (1656-1728), utzitako hutsunerako zioz madrildar berriemaile (Feriako Markesa agian ?) bati 1717ko otsailaren 11an igorritako gutun bat gordetzen da eta bertan Villarrealek zintzotasun handiz, eta ironia punturik galdu gabe, bere izaera artegatsua eta utilitarista aipatzera zetorren. Diogunaren lekuko geldi bedi ondorengo zatia:

"Itsasoko kaian bizi izatean ontzigintzari eta nautikari ekin nion, eraikuntzari eta proportzioei buruzko liburu atzerritarrak eta albisteak biltzeari ekinaz, eta nire diseinuengatik eta nire aurrean oso onak izan diren zortzi itsasontzi egin eta mastak ezarri dizkiet; ...eta nik esan arren, askok eta askok aditu bezala jarduten duten baina gutxi batzuk bestek ulertzen ez duten arte horretan zerbait gehiago jakitea lortu dut." (Larrañaga, 1974: 302).

Ez dut "nire jakin-mina eta atsegina asetzearen helburua" baino besterik, zioan.

Zientzia horrek sortarazi zion interesaren lekuko Lekeition (bertatik, hain zuzen ere, Erregearen Armadara zihoazen hirurogeita hamar pilotu irten ziren) luzaroan nautika eta ontzigintza irakasten ibili izana da; horretarako, hain zuzen ere "Geometria, Sphera, Trigonometria, eta Nautikari buruzko beste gauza zehatz batzuk" izeneko apunteak osatu zituen. Pedagogikoak dira ere 'Itsasontzien neurketaz eta makotzeaz' izengoitidun (5 orrialde, n. d.) nabigazio- eta ontzigintza-arazoei buruzko berak egindako ohar batzuk.

Ez dago Villarrealen ekarpenaren handitasuna hautematerik bere magnum opus aintzat hartu gabe: Máquinas hidráulicas de molinos y herrerías y gobierno de los árboles y montes de Vizcaya (1736), XVIII. mendeko ingeniaritzari egin zion ekarpenik originalena. Atarian argitalpenaren zuribidea egitera zetorren, ez Espainian ezta Europan ere, 'gaiaz zientifikoki ezer idatzita' ez zegoelako, eta atonbidea jartzekotan, gaineratzen zuen, ez dago gauza hobarik herrikideei instrukzio praktikoak eta oharrak dakartzan eskuliburutxoa eskaintzea baino, horretara 'dagozkien ondasunetan aurrerabiderik izaten lagungarri dakien'. Ildo horretan garrantzitsuak izan ziren kontrahormadun uharkak, ze, erromatarren garaian erabili ziren arren, -aro modernoan lehendabiziko aldiz- era berritzaile eta analitikoan ikertu ziren. Originaltasun hori harreman enpirikoak eta diseinu-irizpideak ematean zetzan, horretara uharka mota horiek segurtasunez eraikitzea ahalbidetuz; egonkortasun- eta hidraulika-kalkuluak industria-uharkak eraikitzeko beharrezkoak zirena nabarmendu zen. Diseinu horri egokitu zitzaizkion eraiki zituen bost uharkek: Bediakoa, Ansotegi eta Barroetakoa (Markina), eta Asenzibia-Errota eta Laisota (Gizaburuaga).

Beste kontakizun bat, hitzaurretik hartutakoa ere, Villarrealek herria modernizatzeko beharrizana nola hauteman zuen islatzen ditu. Produkzio-prozesuen arrazionalizazioaren kontzeptua da ezjakintasunean eta ohikerian egonkortutako ohiko praxiari erantzuna.

"Udarako arrasti batez Markinako hiribildura nindoan, eta errekatxo baten kaskailuan endai- eta aitzur-hots handia entzun nuen: lanean zebiltzanekin, gizon-aldra handia, elkartu nintzan; zertan zebiltzan galde egin nien. Ur guztia putzu hartan geldituagatik errotetan ez zegoela eta, urari bidea egiten erantzun zidaten. Zaldia gelditu gabe esan nuen: Behin putzua betez, gehiago geldituko da? Hots gehiagorik ez zenaz ohartu nintzen: atzera begiratu nuen, guztiak geldi ikusiz: isiltasunak jarraitzen zuenez, geroago berriz begiratu nuen, eta denek, lana utziz, lanabesak sorbaldan hartuz bazihoazela ikusi ere: ospatu eta barre egin genuen. Era horretako errakuntza asko daude aipatzea luze joko luketenek." (Villarreal, 1736: 3).

Kontrahormadun uharkek burdin- eta errota-industrietara bideratutako energia hidraulikoaren zeruertzean jadanik garatu gabeko aukeren eredu ziren. Baina, bere bizitza guztian zehar gogorarazi zigun bezala, ez zen bakarra, ezta hobekuntza sozioekonomikorako beharrezkoak ziren irtenbideak aurkitzen ziren teknologiaren esparruan funtsezkoenak ere. Jada aipatutako zientzia-ezagutzaren aplikazioa, jakina denez, garatuenak ziren herrietako unibertsitateetan eta industrietan bere adierazpena aurkitu zuenak, Lekeitioko Uriarte Jauregian Villarreal anaiek antolatzen zituzten solasaldietan nabarmen azaltzen zen.

Solasaldi horien helburuak, ugariak ziren. Zientzia-jakintzaren baliagarritasuna zen, zalantzarik gabe, funtsezkoena. Eskuratutako ezagutzak, betarik izaten zenean, gauza baliagarrietan aplikatzea funtsezkoa zen, eta ez jakitearren jakin, jakin-minak bultzatuta edota nobleari zekarkion ospeagatik bakarrik. Ikusi dugunez, iraun ahal izateko Villarrealentzako merkataritza eta industria garatzea premiazkoa zen. Teknologia aurrerapena zientziaren aplikazio praktiko bezala aintzat hartuta, industriaren lehiakortasunerako funtsezkoa zen. Eta zientzia-ezagutza horiek bide askotatik eta herrialde ezberdinetatik Lekeitioko jakintsu-aldrara 'ekarriak' ziren. Villarreal asebete zuen zientzia-teknika jakin-minaren ideia Italiatik, Ingalaterratik eta Holandatik liburuz betetako kutxak ekarrarazi izanak ematen ditu: hilzorian, 'milaka Mapa, eta Historia eta Matematika Liburuak' zituela esan zuen.

(1736) Máquinas hidráulicas de molinos y herrerías y gobierno de los árboles y montes de Vizcaya. Madril: A. Martín, berrargit. Argitalp. Fakzimila Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak egina, Donostia, 1973.

  • Ruiz de Azúa, Estíbaliz (1990). Pedro Bernardo Villarreal de Bérriz (1669-1740). Semblanza de un vasco precursor. Madril: Fundación Juanelo Turriano;
  • VV. AA. (1990) Pedro Bernardo Villarreal de Berriz. La aportación vasca a la ingeniería del XVIII. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia;
  • Larrañaga, Koldo (1974) "Dos caballeros vascos en el mundo del barroco: Los hermanos Juan Bautista y Pedro Bernardo Villarreal." Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País 30, 291-335;
  • Valle de Lersundi, Joaquín del (1988) "Notas biográficas de Pedro Bernardo de Villarreal de Berriz y de sus hermanos." Lekeitio: Revista de Arte, Etnografía e Historia de Lekeitio 1, 39-58;
  • García-Diego, José A. (1971) "Don Pedro Bernardo Villarreal de Bérriz y sus presas de contrafuertes." Revista de Obras Públicas 118, 599-616;
  • Silván, Leandro (1985) "Don Pedro Bernardo Villarreal de Berriz, un precursor de Peñaflorida." Boletín de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País 41, 523-529;
  • García Diego, J. A. (1973) prólogo de Máquinas hidráulicas...op. cit., pp. IX-XXIV.