Arkitektura

Victoria Eugenia Antzokia. Donostia

Berritze lanak 2001ean hasi eta 2007an amaitu ziren eta Joaquín Zubiria eta Gerhard Loch arkitektoek burutu zituzten. Honekin instalazio guztien berrikuntza egin zen: sarrera eta komunikazioak, edukieraren murrizketa, bulego eta antzoki erabileren distribuzio berria, estalki eta terrazen berrikuntza, fatxaden garbiketa eta eszenatokiaren birgaitze osoa.

Sala nagusiko edukiera murriztu egin zen. Espazio berriak ere sortu ziren. Butaka patioaren azpian "Sala Club" deitutako espazioa, eta dantza eta ballet gela bat estalkian. Lanen ondorioz puntako teknologiak barneratu ziren. Gainera, espazioen malgutasuna bultzatu egin zen: butaka patioa azalera lisoa bihurtu daiteke antzokia kafe-antzoki bihurtu dadin. Beste berrikuntza bat igogailuen barneratzea eta irisgarritasunaren hobekuntza izan dira.

Sarreran egindako lanek antzokiaren esentzia originala asko aldatu dute. XX. mende hasierako estiloko sarrera, apainketa ugaria zuen eta kolore urredun eta arrosez osatuta zegoen. Berreraikuntza lanetan ornamentazioa urritu egin zen, eta kolore zuria gailentzen da marmolaren erabilerarekin.