Artikulugileak

Vela del Campo, Juan Angel

1947an Bilbon jaiotako kazetari eta musika kritikari bizkaitarra.

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan burutu zituen Telekomunikazioko goi-mailako ingeniari ikasketak. 1976tik 1985era arte Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionalean egin zuen lan eta 1985etik 1994ra arte Telekomunikazioetako Sistema eta Instalakuntzetan.

Halaber 1987tik El Pais egunkariko kazetari eta musika kritikaria da. 1992az geroztik Musica Noche eta Canal +eko La noche más clásica telebista programetako zuzendari eta aurkezle izan zen. Era berean SER irrati katearen kolaboratzaile da -2002tik La hora extra irratsaioan hartzen du parte- eta Digital Opera. El Liceo en la Universidad programako zuzendari exekutiboa da. Saio hau aukera askeko ikastaroa da, bigarren belaunaldiko internet bidez ematen dena. Lizeoko operak zuzenean eskaintzen ditu. Bertan Espainia, Europa eta Amerikako unibertsitate ezberdinek hartzen dute parte.

Música, imagínense liburuaren egilea da eta, musika eta kulturari buruzko ikastaro eta hitzaldiak ematera gonbidatua izan da hainbat lekutan, besteak beste, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Estetika eta Artearen Teoriari buruzko Institutuan, Sevillako Unibertsitatean, Valladolideko Unibertsitatean, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean, Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean, Erromako Espainiako Akademian, Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan, Iruñeako Goi-mailako Kontserbatorioan, Goethe Instituten, Bremengo Cervantes Institutuan, Bogota-ko Eskola Espainiarran, British Council-en, Cadiz-ko Unibertsitateko Portaeraren Antropologia ikastaroetan, Madrilgo Juan March Fundazioan, Bartzelonako La Caixa Fundazioan, Bartzelonako Lizeoan, Operako Lagunen Bilboko Elkartean, Sociedad Bilbaina-n, Virginia Unibertsitatean, Madrilgo Ikasleen-Egoitzan. Era berean, 2000. urtean Santiago Europako kultur hiriburua zela eta eginiko Cultura de cambio de siglo ikastaroen zuzendari izan da; 2000 eta 2002 urteetan Valentziako Encuentros Mundiales de las Artes Musika saileko koordinatzailea izan zen; Salamanka Europako kultur hiriburua zelarik, Encuentro Internacional de Ópera Barroca-ko zuzendaria izendatu zuten.

2000. urtean Salzburgoko Kultura Fondoko Kritikaren saria jaso zuen, Luciano Berioren opera baten estreinaldi mundialaz 1999an El Pais egunkarian idatzitako artikulu batengatik.