Arkitektoak

Vallet de Montano Echeandia, Luis

Arkitektoa. Plan (Huesca), 1895; Irun, 1982.

Luis Vallet de Montano Echeandia arkitekto gipuzkoarra bere probintziaren eremuan lan egin zuen, bai Gerra Zibila aurreko urtetan, bai ondorengo urteetan ere, bere arkitekturan gehienetan modernotasuna eta arrazionalismoaren alde apustua eginez.

Luis Vallet de Montano Echeandiaren inguruko datu gutxi bildu izan dituzte oraingoz ikerlariek, baina Gipuzkoako arkitekturaren historia XX. mendearen bigarren herenean lantzen duten liburuetan beti agertzen dira bere lanaren inguruko aipamenak, bai Gerra Zibila aurreko urtetan, bai ondorengo urteetan ere ekimen desberdinetan lan handia egin baitzuen. Berez, Luis Valleten lana, beste arkitekto batzuekin gertatu den bezala -Jose Antonio Ponte, Joaquin Dominguez, Domingo Unanue, Jose Iribarren, Jose Luis Recarte, Raimundo Alberdi edo German Aguirre, beste askoren artean, eta soilik Gipuzkoako eremuan-, urte askotan isilpean egon da. Arkitekto horiek guztiak liburu eta gida askotan aipatuak izan dira egin zituzten eraikuntzengatik, baina ez daberaien inguruko ikerketa sakonik egin. Arkitekto gipuzkoar hauen lana Gerra Zibila aurreko eta ondorengo hamarkadetan ez zen bakarrik ezinbestekoa izan garaian gizarteak hain beharrezkoak zituen eraikin funtzional eta arrazionalen beharrak asetzeko, baizik eta gainera, beraien estiloarekin, eklektizismoari muzin egiten ziona eta modernotasuna berreskuratzen zuena, egun ezagutzen den probintziaren paisaia arkitektonikoa definitu zutelako.

Luis Vallet de Montano Echeandiaren inguruko datu gutxi biltzea lortu bada ere, bere lanen inguruko informazioek argi erakusten dute bere ibilbidea eraikuntza kopuruaren aldetik oparoa izan ez bazen ere, hainbat lan interesgarri egitea lortu zuela, batez ere garaia eta testuinguruaren zailtasunak kontutan hartuta. 1920an Madrilgo Arkitektura Eskolako tituloa lortu ondoren -Pedro Muguruza gipuzkoarra edota Luis Moya madrildar arkitekto ospetsuekin batera ikasi zuen, belaunaldi berekoak dira, eta urte beretsuetan ere Madrilen Tomas Bilbao eta Pablo Zabalo beraien ikasketak amaitu zituzten ere- bere lehen lanak bere jaioterrian egingo ditu, Irunen; lehenengo lan hauen artean Irungo Udal Hiltegia eta bereziki Kasino Elkartearen egoitza nabarmendu behar dira, azken lan hau Jose Antonio Ponte irundarrarekin batera, eta ziurrenik, urte hauetan Valleten beste hainbat lanetan Ponteren partehartzea ere zuzena izango zen, bigarrena lehenengoaren laguntzailea izan baitzen hogeitamargarren hamarkadan.

Urte hauetan, Valleten lehen fasea izango litzatekena, parte hartu zuen lanetan argi ikusten da Valleteren bilakaera; horrela Kasino Elkartean erabiltzen duen hizkuntza eklektikoa izango bada ere edota Irunen ere hogeigarren hamarkadaren amaieran altxatzen dituen lehen banakako etxebizitzetan -Luis Rodriguez Galen etxea, adibidez- neoeuskalduna deitu dezakegun estiloa jorratu bazuen ere -hau da, Euskal Herriko usadio zaharreko baserrien estetikaren eraginpean- Inglaterrako landa eremuetako etxeen estetikarekin uztartuta, hogeitamargarren hamarkadatik aurrera orokorrean garapen arkitektonikota izango du Irungo Pablo Angueraren etxebanakakoan argi ikusten den bezala.

Berez, urte hauetan Vallet AC (Documentos de Arquitectura Contemporanea) aldizkariaren harpideduna izateaz gain, 1931an GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Tecnicos Españoles para la Arquitectura Contemporanea) elkarteko kidea egin zen -elkartearen sorreraren urte berean- eta elkarte honen amaiera arte 1936an Gerra Zibilaren hasierarekin, elkarte honen iparraldeko sekzioko kidea izan zen beste arkitekto gipuzkoarrekin batera -Jose Manuel Aizpurua, Joaquin Labayen, Jose Antonio Ponte bera ere, Eduardo Lagarde, Juan Jose Olazabal edo Raimundo Alberdi- benetako arkitektura garaikidearen aldeko apustua eginez, modernotasunez eginikoa arrazionalismoaren esanetara.

Baina Euskal Herriko beste arkitekto guztiei gertatu zitzaien bezela, Gerra Zibilak modernotasuna eta arrazionalismoarekiko hogeitamargarren hamarkadako amets gutziak zapuztu zituen, eta gerra amaitu zenean gainera Frankismoak eklektizismoa eta historizismoaren alde egin zuen neurrian -behintzat bere lehenengo urtetan, gero zorionez ohartu baitzen arte apustu horrek etorkizunik ez zuela ez funtzioarekiko ezta ekonomikoki ere- arkitektura garaikidearen hizkuntza berriak egoera aldaketa berri bat itxaron behar izan zuten. Baina gainera, Valleten kasuan beste zailtasun bateri aurre egin beharko dio, gerra hasi zenean Altxamendu Nazionalaren aurka ipini zen neurrian, behin tropa frankistan Irun hartzen dutenean Hendaiara ihes egingo du -bertako udal arkitektura egoitzarako lana eginez- eta gerra amaitzen denean Irunera itzultzen denean Erregimen frankistak 1942an bere pentsamendu politikoarengatik zigortzen du eta denbora batez arkitekto lanbidetik baztertuko du. Hala ere, 1945tik aurrera lanera itzuli ahal izango du bere lehen lan eskaintzak Ebroko Urtegitik (Reinosa, Kantabria) jasotzen dituenean, bertan hainbat eraikin altxatuz -etxebizitzak, eskola, eliza, bulegoak- Frankismoak inposatutako eklektizismoa eta historizismoren bidetik eginak.

Baina 1947an Getarian kokatuta zegoen Indaux lantegiaren diseinoarekin batera apurka eta poliki Vallet funtzionaltasuna eta arrazionalismoa berreskuratzen hasiko da berriro ere eta ondorengo urteetan lan oparorik burutuko ez badu ere bai hartuko duela parte etorkizunean oso interesgarriak izango diren bi proiektuetan: alde batetik Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxearekin batera Irunen bertan eta elkarrekin diseinatuko duten bi artisten etxearen eraikuntzan, eta bestetik, Jorge Oteizarekin batera berriro ere Agiñan (Lesaka, Nafarroa) Aita Donostia musikologoaren omenez kapera bat eta eskultura bat altxatuz harrespila baten ondoan.

Irungo etxearen diseinuaren kasuan argi geldituko da behin eraikitzen denean (1958) Oteiza, Basterretxea eta Valleten asmoa modernotasuna berreskuratzea zela arrazionalismoaren aldeko apustua eginez, ausarta garairako etxeak garbi adierazten baitu bere soiltasuna eta sinpletasuna baina baita ere argi utziz muturreko apustu bat dela, atzera pausorik gabekoa eta aurrerago etorriko diren beste ekimenen -Gaur artista taldea edota Ez dok Hamairu musikoen elkartea, adibidez- aintzindari.

Aita Donostiaren omenez (1959) altxatuko den eskultura eta kaperaren kasuan -lehenengoa Oteizaren lana, bigarrengoa Valletena, baina ziurrenik Irungo etxearen kasuan bezala, azkenean guztien artean egindako lana izanik- Irungo apustu ausarta eta erradikala berriro aurkitzen dugu, bi lanetan aukeratutako formak ezin direlako izan abstraktuagoak eta geometrikoagoak izan, nahiz eta kasu honetan modernotasuna, arkitektura garaikidearen hizkuntza beste kontzeptu eta teoria batzuekin nahastuta aurkitzen dugu arte garaikidea, antzina eta aberria bat egin nahian.