Ikastolak

Uzturpe Ikastola. Ibarra

Hirurogeigarren hamarkada bukaeran euskararen aldeko mugimendu indartsua sortzen ari zen Euskal Herrian. Hasiera hartan baliabide urri eta Administrazioaren aldetik traba besterik ez izan arren, gizarte euskalduntzeko aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren. Giro bero honetan sortu ziren Euskal Herriko Ikastola ugari. Ibarrako Uzturpe Ikastolak ere 1970ean eman zituen bere lehen urratsak eta bere sorrerako titularra herriko Kultur Elkartea izan zen.

Uzturpe Ikastolak Ibarrako herriaren babes handia jaso izan zuen. Hasiera batean gurasoak zirenez gain, laguntza kuota ordaintzen zuten haur gabeko hainbat lagunek. Haurra izan edo ez, laguntzaile guzti hauek parte har zezaketen Ikastolaren erabakietan. Laguntza leku askotatik eta era askotakoa jaso zuten, horrela, Azpeitiko enpresetatik ekarritako moketak, Sarrio eta San Jose paper-fabriketatik doan emandako laguntzak estimagarriak izan ziren.

Lehendabiziko gelak Elizaren ondoan jarri ziren eta Ikastolako lehenengo andereñoa Bittori Olaetxea izan zen. Haur guztiak mailaz-maila, mahaika antolatuta jartzen zituen gela batean, baina 1974ean haur gehiegi zirela eta, Roxario Lizarralde laguntzaile lanetan aritu zen. Hasierako urte hauetan Ikastolak makina bat oztopo izan zuen inspektorearen aldetik, legeztapena zela eta.

1975ean bi gela ireki ziren eta Patri Zabala (Berastegiko Ikastolan egondako andereñoa) hasi lanean. 1976an gela bat Zumen jarri zuten eta Maite Olangua izan zen hurrengo andereñoa. 1977an Jubilatuen azpiko gelak ere prestatu ziren. Ikastolaren euskal senak eta pedagogiak Ibarrako herrian harrera bikaina izan zuen eta ordudanik Ikastolaren sendotze bilakaera etengabea izan da. 1977an Ibai Gaineko gelak prestatu ziren eta OHOko 1. maila martxan jarri zen. Hiru ikasturtetan OHOko gelak lokal hauetan egon ziren.

Uzturpe Ikastolak estatutuak legeztatzerakoan, Tolosako Laskoarain Ikastolaren babesa izan zuen. Kartilak bertan sinatu eta legeztatzen ziren.

1980an OHOko ikasleak eraiki berria zen Egiko ikastetxera joan zinen, Eskola Publikoarekin batera. Leku beharra zuen Ikastolak eta herriko ikastetxe publikoan lekua zegoenez, bertan sartu ziren. 1981ean Eskola Publikoak erabiltzen zituen plazako geletan Eskolaurre osoa bildu zen. Urte bereko martxoaren 18an Uzturpe Ikastola Kultur Elkartea ikastetxe modura legeztatu zen eta nota agiriak bertatik bideratzen hasi ziren 1982an, beste inoren bitartetzarik gabe. 1990ean Plazan Udaletxea eraiki behar zenez, Eskolaurreko gelak San Inazio auzora pasa zituzten.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara eta herrira. Ikastolak aukera egin behar zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Bidegurutze honetan Ikastolak sare pribatuan geratzea erabaki zuen.

1994ean Haur Hezkuntzako taldeak Egira pasa ziren eta autobusa eta jangela martxan jarri. 1995ean Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen eta ondorengo urtean DBH abian jarri zuten. 1998an Gipuzkoako Ikastolen Festa, Kilometroak, antolatu zuten Anoeta eta Tolosako Ikastolekin batera. 2001ean Udalarekin lankidetzan Haur Eskola eta Ludoteka zabaldu ziren. 2004ean Kultur Elkarte izatetik Guraso Kooperatiba bihurtzeko erabakia hartu zuen Batzar Orokorrak. Urte horretan Euskaliten Zilarrezko Q Saria lortu zuen.

2008an, 2 urteko gelak ere Ibarrako Uzturpe Ikastolaren egitura barruan sartu ziren eta Emeterio Arreseko lokaletan hasi ziren.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Uzturpe Ikastola, 25. urteurrena, Ibarra 1970-1995 (Felix Aiestaran, Iñaki Imaz).
  • Uzturpe Ikastola [Web]. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 23].