Ikastolak

Urrestillako Ikastola. Azpeitia

Azpeitiko udalbarrutian dagoen Urrestilla auzoko Ikastolaren sorreraz hitz egiterakoan esan beharra dago honen sorrera, Euskal Herriko beste herri eta auzoetan bezalaxe, euskal kultura eta hezkuntzaren alde apustu egin zuten euskaltzaleen ekimenez atera zela. 1960ko hamarkadaren bukaeran "Katequesia eta Haurren Kultura" izeneko zentro asko ireki ziren Gipuzkoan eta bide beretik, Urrestillako zenbait gazte eta guraso ere elkartu ziren horrelako zerbait sortzeko. Azpeitiko zenbait elkarte eta lagunekin harremanetan jarri eta Ikastola egin zitekeela ikusi ondoren urratsak ematen hasi ziren.

Herriko Erretore On Angel Amenabar eta Jose Lasa Kalongearekin aurreneko harremanak izan ondoren, Elizaren babesean, Ikastola eraikitzeko asmoa martxan jarri zen. Parrokiko gela batean egon zen Ikastola 1976-77 ikasturte bitartean, ondoren Goiko Eskoletara pasa zen. Urrestillako eskolak hasieran Eskolaurreko haurrak bakarrik hartu zituen eta bere diru-iturriak etxez-etxe egindako bazkideak, jaialdiak, zozketak ... izan ziren.

Haserako egunei dagokionez, Ikastola 1970eko urrian hasi zen, 12 haurrekin. Abendurako kopurua igo eta 14 haur zeuden bertan, hiru urtetik bost urtera bitartekoak. Ikastola antolatzeko Batzordea osatu zen, bertako ikasleen guraso eta herriko gazteak partaideak zirelarik. Geroxeago Batzorde horretara Nuarbeko gazteak ere sartu ziren, Nuarbeko haurrak ere Urrestilla joateko aukera baitzuten. Batzorde horretatik bi ordezkari joaten ohi ziren Azpeitiko Batzordera. Haurren kopurua gehitzen joan zen eta 1973-74 ikasturtean 32 haur zituen, hiru urtetik bost urte bitartekoak, gela berean.

Irakasleei dagokionez, hasierakoa eta proiektuaren arima Karmen Arozena andereñoa izan zen, urrestillakoa. Honek zenbait ikastaro egin ondoren, 1969-70 ikasturtean Azpeitiko Ikastolan praktikak egin zituen.

Urrestillako Ikastolak era autonomoan bost bat urte iraun zuen eta gero Azpeitiko Ikastolak bere gela bezala hartu zuen. Azken urtetan bi gela izatera iritsi zen, eta 3tik 7 urte bitarteko haurrak hartzen zituen.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • Izarraizpe Irakaskuntza kooperatiba: 25 urteurrena 1965/66- 1990/91.(25 urte bidea urratzen)Iturriak bilduma. Azpeitia Zubi inprimaketa, 1991.