Ikastolak

Txantxiku Ikastola. Oñati

Ikastola zigorpean zegoen Herri baten erantzuna izan zen. Garai hartan eskolan erdara hutsean ziharduten eta hau baino makurrago zena, euskal sena ia zeharo galduta ikusten zen. Abertzaletasuna hitza bera ere debeku zen eta esatea hutsak zigortzeko arriskua zekarren. Ez Euskal Herririk, ez euskararik, ez euskal kulturarik baina oinazpian dagoenak ere noizbait kateak eten behar. Oñatiko Ikastola ez zen mandio honetako ale bat besterik eta ale honek bizia izan zezan herri osoa saiatu zen. Herri osoak ongarritu zuen lurra.

Egoera honi aurre egiteko, Oñatin makina bat festa, bilera eta jaialdi antolatu ziren. Dirua behar eta nonbaitetik atera behar, Euskal Herriko beste hainbat txokoetan bezala. Oiñatiko Ikastolaren alde, beste hainbat proiektuen alde bezalaxe, Euskal Herriko Historian leku propioa daukate artista hauek ere parte hartu zuten: 1976ko otsailaren 7an Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Gorka Knor abeslariek Institutuan eskaini zuten kantaldia; 1977ko ekainaren 16an aldiz, herriko frontoian; Lazkano, Lizaso, Agirre, Gorrotxategi, Azpillaga eta Lopategi izan ziren bertsotan eta Arregi eta Garmendia soinu jotzen; 1977ko otsailaren 18an San Lorentzoko frontoian, Gorka Knor, Gontzal Mendibil eta Xabier Castillo "Xeberri", Ohiartzunak" eta Ekain dantza taldea; Ekainaren 3an, Oiartzungo Intxixu antzerki taldeak Deusetik izateraino antzerkia eskaini zuen.

Oñatiko Ikastola bere sorrean, l967ko irailaren 17an, irakasle bat eta 28 ikasleekin martxan jarri zen. 1967/1968. ikasturtean San Miguel Kooperatibak utzitako gela batean hasi ziren; eskola honetan 3 eta 4 urtetako 28 haurrek eman zuten izena, Eli Igarzabalen gidaritzapean. San Miguel Kooperatibak, pixkat txukundu ondoren ateak zabaldu zituen. Bedeinkatu beharra zegoela eta igande batetan ireki zen lehen gela hura, irailaren 17an hain zuzen ere. On Jose Luis Arrazolak egin zuen bedeinkazioa.

Ikastola bezala elebitara ekiteko baimen eskaria, 1969ko irailerako igorri zuten Hezkuntza eta Zientzietako Delegaziora Parrokoaren izenean, eranskin bezala Donostiako Elizbarrutiaren oniritzi-agiri bat zuelarik; horrekin batera, irakaslego, testu-liburu, gela eta abarri buruzko xehetasun guztiak agertzen ziren. Horrela gauzak, normaltasun osoz eman zitzaion hasera ikasturte horri, baina han agertu zen Mikel Deunaren egunez inspektorea, Parrokoaren etxean, hainbat agiri falta zirela eta Ikastola irekitzeko baimena ukatuz.

Ikastola itxita egon zen lau egunez herriko jaien aitzakian, falta omen ziren dokumentu horiek Delegaziora eraman bitartean. Hala ere, baimenik gabe berrekin zitzaion ikasturte hartan zehar, makina bat aldiz jo zituen Aita Lasa Kalonjeak, Elizbarrutiak ezarrirako aholkulari gisa, Donostiako Hezkuntza Delegazioko nahiz Madrileko Ministerioko ateak. Legeztapenaren agiria 1970eko maiatzean Donostiara iritsi arren Oñatira urte bukaeran iritsi zen eta hori Aita Lasak berak Donostian 1970-71ko gestioak egiten ari zela ikusi eta agintarien aurrean salatu zuelako.

1968-1969. ikasturterako San Miguel Kooperatibak beste lokal bat utzi zuen. Jadanik 50 haur zeuden eta beste andereño bat jarri behar izan zuten Eli Igarzabali laguntzeko, Eusebi Osa. Lokal hauek ere txiki geratzen ari ziren eta 1969-1970. ikasturtean Altzaan, 31n zenbakian, beste gela bat lortu zuten. 1970/1971. ikasturtean are handiagoa zen ume kopurua eta ez ziren guztiak gela haietan sartzen; hau dela eta Agustinoek beren etxeko azken solairuan gela eskaini zuten. Laugarren ikasturtean 110eraino iritsi zirelarik, Itziar Usandizaga eta Tomas Elortza hasi ziren irakasle lanetan. Berriro gela berrien beharrean ere aurkitu ziren, honek buruhauste dezente ekarri zien; Olaiturrin saiatu ziren lehendabizi, San Lorentzon gero, Parroki-etxean ondoren eta azkenean Agustindarren etxean lortu ahal izan zituzten gelak.

Ondorengo urteak 1970-1975 artekoak ere ez ziren errazak izan. 1975. urtean, Mortara kaleko Agustinoen gelak utzi gabe San Lorentzora joan zinen. 1976ko Batzar Nagusian etapa zaharra itxi eta berri bat zabaltzen zela aldarrikatu zen. San Lorentzon, ETEO-k utzitako sei gela hartu ziren baina amaigabeko leku ezaren ondorioz, 1.977/78. Ikasturtean ordurarte Nazionalek erabiltzen zituzten gelak ere hartu ziren. 1.979/80. Ikasturtean Olakuako eskolako lokalak hartu eta han ere kokatu zen Ikastola ikasturte batez. 1980/1981. Ikasturtean Mortara kaleko lokalak utzita Foru Enparantzara, ordurarte Nazionalek erabilitako lokalak egokitu ondoren.

1980an Ikastolako zenbait gurasoek kooperatiba izateko nahia azaldu ondoren, Batzarra egin eta jabetza aldatu zuen, titular berria Txantxiku Ikastola Kooperatiba Elkartea izango zen aurrerantzean eta Ikastolaren izena Txantxiku Ikastola, aldaketa 1980ko maiatzaren 12an egin zen. 1.984/85. eta 1.985/86. ikasturteetan Gorritxitxiko gelak Eskolaurrerako erabili behar izan ziren Santa Anan ikastetxea eraiki arte. Santa Anako eraikuntza berri honetan 1.986/87. ikasturtean hasi zen, horrela behin betiko kokapena lortuz.

1988/89. ikasturtea garrantzitsua izan zen Txantxiku Ikastolaren historian, orduan ezarri baitzen Ertaineko Irakaskuntza. 1989an ospatu zen Ikastolen Festa, Kilometroak 89, Oñatin. Urruti gelditu ziren 1983ko EIKE, EEPA eztabaidak, 1.989ko hitzarmena, 1992an, 800 ikasletik gora eta 60ren bat langile zituen.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara, Kooperatibara eta herrira. Ikastolak aukera egin behar zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Bidegurutze honetan Kooperatibako Batzarrak Ikastola sare pribatuan geratzea erabaki zuen.

2012. urtean Txantxiku Ikastola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako (0-18 urte) ikasleei zuzendutako ikastetxea da. Guraso, langile eta laguntzailez osatutako Herri-Onurako Hezkuntza Kooperatiba da. Gela banaketei dagokionez Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, Santa Ana Ikastetxea San Juan kalea,1ean daude eta DBH eta Batxilergoa, Plazako Egoitza Foruen Enparantzan.