Zinekoak

Torremolinos 73

Espainiar-daniar 2003ko koprodukzioa. Telespan 2000, Estudios Picasso (El otro lado de la cama arrakastatsuaren arduraduna) eta Mama Films aritu ziren produkzioan, espainiarren aldetik. Nimbus Films-ek ordezkatu zuen Danimarka.

Produkzio-etxe horrek Dogma 95 mugimenduko film enblematikoak ditu produzituak: Celebration eta Mifune, adibidez. Film harrigarri honekin hasi zen film luzeak zuzentzen Pablo Berger zuzendari bilbotarra. Bergerrek bazuen leku bat egina euskal zinemaren munduan 1988an, Mama berritzailea filmatu zuenean. Laurogeigarren hamarkadako euskal zinemako film labur inportantea da hori, eta hortxe egin zituen lehen urratsak Alex de la Iglesiak. Harrigarria bada ere, euskal zinemagile gazteak laurogeita hamargarren hamarkadan indartsu agertu zirenean, Pablo Berger - Urbizuren, de la Iglesiaren, Medemen, Bajo Ulloaren eta beste batzuen aitzindaria- ezkutatu egin zen euskal agertokitik. Bizkaiko Foru Aldundiak beka bat eman zion, New Yorkeko Unibertsitatean Zinemako Master bat egiteko. Truth and Beauty (1994) film laburra zuzendu zuen han. Zinema eta Telebista Eskolen Emmy sarirako ere proposatu zuten horregatik. Estatu Batuetan aldi bat egin ondoren, Berger Torremolinos 73 filmaren proiektuarekin itzuli zen. Komedia bitxi bat da hori; batzuetan ia tragedia bihurtzen da, eta beste batzuetan, fartsa edo esperpento. Egiazko gertakari batean oinarritzen da trama.

Hona istorioa: Alfredo López (Javier Cámara) etxez etxeko entziklopedia saltzaile egonarritsu bat da 70etako Espainia nazional-katolikoan, eta Carmen (Candela Peña), berriz, haren emaztea eta ile-apaintzailea lanbidez. Alfredok Montoya argitaletxean lan egiten du. Halako batean, faszikulutako bildumen modak eragindako kalteagatik, argitaletxeak estrategia aldatzea erabakitzen du. Batzar bat egiten dute hotel batean, eta proposatzen diete beren saltzaileei ugalketa sexualari buruzko entziklopedia batean parte hartzea. Jakina, pornografia amateurraren negozioan sartzeko aitzakia bat da bakarrik. Hor, Berger inor baino urrunago heltzen da giza miserien esplorazioan. Alfredok eta Carmenek, haur bat edukitzeko irrikak eta pobreziatik irten nahiak eraginda, onartu egiten dute eskaintza. Horretarako, Alfredok film-zuzendaritza ikastaro laster bat egiten du. Ingmar Bergman handiaren ustezko laguntzaile bat eta haren emaztea -daniar aktore porno eder bat- dira irakasleak. Alfredo eta Carmen etxeko filmak egiten hasten dira, eta argitaletxera bidaltzen dituzte. Jakin gabe, Carmen zinema porno amateurreko izar handi bihurtzen da Danimarkan. Alfredo, ostera, Bergmanen zinemaz maitemintzen da. Amets patetiko batzuk egiten hasi, eta, laster, bere heroiaren mailan ikusten du bere burua. Film txikiak egiteaz nekaturik, esaten dio Don Carlos-i, nagusiari, film luze handi bat egin behar dutela. Filma Bergman miretsiaren El séptimo sello-ren plagio lardats bat baino ez da, egia esan. Don Carlosek baietz erantzuten dio guztiari. Horrela, film pornografiko luze bat egingo dute, Carmen izar dela, eta Danimarkan salduko, eta Alfredo gaixoari sinetsaraziko diote luzaroko artelan bat ari dela sortzen.

Bergerrek obra anker bat lortu zuen, obra garratz eta komikoa, espainiar umore beltzaren tradiziorik onenarekin bat egiten duena. Obra samurtasunez hurbiltzen da pertsonaiengana. Gero eta gehiago gizakiaren esplotaziorantz zuzenduta dagoen mundu baten biktima dira gaixoak; esplotazio sexualaren biktima, oraingoan. Aipagarria da 70etako Espainiaren birsortze bikaina. Aipatzekoak dira, halaber, Javier Cámararen eta Candela Peñaren -bikote protagonista- interpretazio biribilak eta Juan Diegok antzezten duen Don Carlos sinesgarri hori. Filmak arrakasta handia izan zuen ikusleen eta kritikarien artean. Oso lagungarria izan zen, horretarako, Torremolinos 73 Málagako Espainiar Zinemaren 6. Jaialdira (2003) aurkeztu izana. Han, honako hauek jaso zituen: Film Onenaren Saria, Zuzendari Onenaren Saria, Gizonezko Aktore Onenaren Saria eta Emakumezko Aktore Onenaren Saria. Gero, beste hauek bereganatu zituen: bost sari, Frantziako Tolosako Zinemaldian; Linterna Mágica Saria, Napoliko Nazioarteko VI. Zinemaldian; New Voices-New Visions Saria, Palm Springs-eko Nazioarteko Zinemaldian, eta Zuzendari Onenaren eta Opera Prima Onenaren sariak, El Mundok Euskal Zinemari emandako XII. Sarietan.