Arkitektura

San Migelen eliza zaharra. Noain

Badirudi hasiera batetan eliza erromaniko bat eraiki zela, eta XIV. mendean burualdea aldatu zela, estilo gotikoko beste bat egiteko. XVI. mendean beste lan batzuk egin ziren.

Gauzak honela, oinplanoak habearte bakarra du, hiru tarteunetan banaturik, gehi bost aldeko burualde poligonala. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta portiko batez babestua dago. Bi kapera simetrikoak gehitu zituzten hirugarren tarteunean, transeptuaren papera betetzeko. Ebanjelioaren aldeko murruan eskailera bat dago, korura eta dorrera igotzearren, eta sakristia burualdearen hegoaldeko murruari atxikita dagoen oinplano pentagonal irregularreko gela txikia da.

Hormak harlanduez egina doaz, eta burututako azken zaharberrikuntzan barnealdeko luzitua kendu egin zuten. Bi arku beheratu handiek alboko kaperak irekitzen dituzte, eta nabearen oinetan koru jasoa dago, ahokadura-arkua beheratua ere delarik, kasu honetan gizakien eta aingeruen burutxoekin apaindua. Beharrezko argiztapena lortzearren, leiho gotiko batzuk daude. Honela, burualdearen ardatzean arku hiru gingildunak dituen leiho bikoitza dago, estu eta luzea, koadrifolio batekin gailurrean. Honen berdina den beste leiho bat burualdearen aurreko tarteunean ikus daiteke, Epistolaren aldeko murruan irekia, eta elizaren oinetan erdi puntuko leiho bat dago. Beirateak Iruñeko Cluny izeneko tailerrean egin ziren, 1990. urteko zaharberrikuntza lanetan.

Eliza gurutze-ganga bakun batez estali zen, nabearen hiru tarteunetan eta alboko kaperetan ikus daiteken moduan. Nerbioak piramide-itxurako mentsulatan elkartzen dira bultzadak perimetro-paretatan deskargatzeko, eta tarteuneak arku fajoi zorrotzekin bereizten dira. Burualdeak bost horma-ataleko ganga jaso zuen, sakristiak izar-itxurako gurutze ganga bat, eta korupeak gurutze ganga bakuna, giltzarria emakume baten eta aingeru baten buruekin apaindu zutelarik.

Kanpoaldean dorrea nabarmendu behar dugu lehenbizi. Mota honetako tenpluetan ohikoa denez, nabearen lehengo tarteunearen gainean eraiki zuten, eta fuste motz eta itsua du, goialdean kanpaietako bi hutsarteak daude, baita lau isurialdeko teilatu bat ere. Portikoak bi arku beheratu ditu, komuneko pilare batekin erdian. Barnean ate gotiko bat dago, arku zorrotz luze batekin, tinpanorik gabekoa eta lau arkiboltekin, apaindurarik gabekoak. Zutabeetako kapiteletan mahats-hostoak eta haritz-hostoak tartekatzen dira apaindura gisa.

Barnealdean erretaula neogotiko bat egon zen 1990ko zaharberritze lanak egin ziren arte. Irudigintza gehiena, hala ere, Ondorengotza Gudan eta Independentzia Gudan suntsitu eta desagertutako beste erretaula erromanista eta barrokoetatik berrerabiliak izan ziren, J.M. Aicuak eta J. Asironek parrokiko liburuetan irakurri izan ahal zutenaren arabera (1990). Korupean Erdi Aroko bataio-pontea dago, baina gainontzeko irudigintza eta zilargintza-lanak parrokia berrira eraman zituzten.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K.. 1982, 63 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 155 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 257-261 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K. 1983, 178 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K.. 1983, 277 orr.
  • MENÉNDEZ PIDAL, Faustino; MARTINENA, Juan José: Libro de Armería del Reino de Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2001, 140 zbk.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarreko Udala, Nafarroako Gobernua, 1990, 159-181 orr.