Dantza

San Iñaxio Martxa-Gernikako Arbola

San Iñaxio Martxa eta Gernikako Arbola kantua dira gure herrialdean gehien ezagutzen diren doinuetako bi. Horrela, Garaien (Bizkaia) bada ezpata-dantza bat Jose Maria Iparraguirrek betikotu zuen Martxaren doinura egiten dena. Santiago apostoluaren ohorezko prozesioan egiten da eta zortzi dantzarik parte hartzen dute.

Santiago egunez Garaien diren bi elizetako batetik (San Migelen omenezkotik) irteten da prozesioa, eta beste elizara (San Joanen omenezkora) egiten den ibilbidean, San Iñaxio martxaren doinuan, prozesioak geldialdia egiten du plazan. Bertan, lau dantzarik eramaten duten irudia, beste lau dantzariak alboetan doazela, ekitaldirako bereziki prestatzen den mahai batean paratzen da. Doinua ez da eteten une horretan eta zortzi dantzariak Santuaren irudiaren aurrez aurre kokatzen direnean, banderadunak bandera astintzen du, beste dantzariak belauniko irudiaren aurrean daudela. Horren ostean ezpata-dantza dantzatzen dute Gernikako Arbolaren doinuan. Dantza horri Gernikako Arbola dantza esaten zaio. Ondoren, prozesioak aurrera jarraitzen du, beste elizara iritsi eta irudia bertan uzten duten arte. Irudia bertan geratzen da hurrengo egunera arte, izan ere, Santa Ana egunez, beste prozesio bat egiten da eta ospakizun bera errepikatzen da. Horrela, plazara iristean bandera astindu eta dantzatu egiten da berriro, gero, bezperan irudia gordetzen zuen San Migel elizaraino iristeko.

Gernikako Arbolaren doinuan egiten den dantza aspaldiko da, izan ere, 1965ean, dantzaren antzinatasuna ziurtatzen zuen udal agiririk ez zegoenez eta haren jatorriari buruzko ahozko erreferentziarik ez zegoenez, Jose Luis Lizundiak iradoki zuen J.M. Iparragirrek lehen aldiz 1853an abestu zuen musika hura, Juan Maria Altuna durangarra pianoan zela (zenbaiten ustez bera da musikaren egilea), agian, Garaiko dantzatik hartuko zuela.

Beste idazle berantiarrago batzuek, besteak beste, Jose Antonio Arana Martijak, ideia hori zilegi izan daitekeela onartu zuten. Dena den, egilea Iparraguirre izango zen eta ez Altuna, izan ere, azken hori denbora batez Durangon egon zen soldadu lehen karlistaldian eta bertan ezagutu ahal izango zuen. Antonio Truebak zalantzan jartzen du Altunaren egiletasuna, izan ere, Iparraguirrek adierazi zuenez, bera izan zen egilea eta Altunak, bere gitarrarekin, hark abestutakoa kopiatu baino ez zuen egin, apika akats batzuk zuzenduta.

Bestalde, Iparraguirre Durangon izan zen bitartean Garain ez zen dantzarik egin, izan ere, gazteria frontean borrokan zegoen.

Ziurrenera dantza doinuaren arabera egingo zen, izan ere, zati guztietan egokitzen da. Izendapenak berak ere (Gernikako Arbola dantza) hori baiezta dezake. Bestalde, Resurreccion Maria de Azkuek aipatu zonaldeari buruzko musika-bilduman ez du aipatzen eta Marcos de Alcorta durangarrak (Dantzari Dantzaren musika pentagrama aurreratuan jarri zuena XIX. mendean) ere ez du haren erreferentziarik egiten. Udal agirietan, ordea, prozesioa antzinatik egiten dela ikus daiteke eta bertan dantzariek parte hartzen zutela adierazten da, eskopetariekin batera (herriak bere biztanle armatuak izan zituenean). Datu horietan ez da aipatzen prozesioan zehar dantza egiten zen ala ez (gaur egun egiten den antzera), nahiz eta agian dantzaren bat egingo zen.

  • LIZUNDIA, José Luis. "La danza de las fiestas de Santiago y Santa Ana y el "Gernikako Arbola". Txistulari 42 zbk, 1965.
  • ARANA MARTIJA, José Antonio. "En torno a la música y letra del "Gernikako
  • Arbola". Txistulari 47zbk, 1966.
  • TRUEBA, Antonio. "La Música del "Guernicaco Arbola". El Noticiero Bilbaino. 1878-10-12. H.G.del S.V. Tomo X. 271 or. Extracciones de Laura G. Corella.
  • AZKUE, Resurrección María de. Cancionero popular vasco. Ed. La Gran Encclopedia Vasca". 1968.
  • ALCORTA, Marcos. Dantzari Dantza o Ezpata Dantza. Unión Musical Española. Madrid.